Next Euskadi
Alderdi Eguna 2024

Prentsa Aretoa

2024/09/19

EAJ-PNVk apustua egin du etxebizitza babestuen eraikuntza bultzatzeko, gazteei lehentasuna emanez, eta alokairuaren merkatua indartzeko

Jonatan Morenok, Etxebizitza Batzordeko bozeramaile jeltzaleak, nabarmendu ditu etxebizitza parke publikoa handitzeko, 36 urtetik beherakoentzat % 50eko erreserba eginez, eta alokairurako laguntzen irizpideak zabaltzeko neurriak

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk apustua egin du etxebizitza babestuen eraikuntza bultzatzeko, gazteei lehentasuna emanez, eta alokairuaren merkatua indartzeko

ARGAZKIA JAITSI

Jonatan Morenok, Etxebizitza Batzordeko EAJ-PNVko bozeramaileak, azpimarratu du premiazkoa dela "errealitate eraginkor" bihurtzea pertsona guztientzako etxebizitza duin bat eskuratzeko oinarrizko beharra, premia handiena dutenei lehentasuna emanez, hala nola gazteei, familia ugariei eta baliabide gutxiko pertsonei, eta nabarmendu du gobernuak etxebizitza-politikekin duen akordioaren konpromiso irmoa, lan-esparru "argia eta anbiziotsua" sortzeko.

Bozeramaile jeltzaleak gogorarazi duenez, "Euskadin hamarkadak daramatzagu lanean etxebizitza-politika publikoen arloan, eta tresna sendoak ditugu gure gizartearentzat garrantzitsua den beharrizanetako bat betetzeko ekimenetan aurrera egiteko". Morenok 2015ko Etxebizitzaren Legea eta 2022-2036 Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala nabarmendu ditu "gure jardueraren funtsezko zutabe" gisa, "arau-esparru horiei esker, alokairu eskuragarriaren eskaintza publikoa handitzeko eta irisgarritasun eta efizientzia energetikoko irizpideekin eraikinak birgaitzeko lanean jarrai dezakegulako. Ezin dugu ahaztu Euskadi dela babestutako etxebizitzen parke handiena duen Estatuko erkidegoa, Europako aurreratuenen antzeko ratioetan”, esan du.

Nolanahi ere, Morenok onartu du etxebizitza duinaren beharra dela gizartearen aldarrikapen nagusietako bat eta EAJ-PNVren lehentasunetako bat, eta berretsi egin ditu helburu hori lortzeko hartutako konpromisoak. Ildo horretatik, azpimarratu du 2024-2027 Etxebizitza Plan Zuzentzailearen garrantzia, "etxebizitza sozialen eta babestuen eraikuntza bultzatzen jarraitzeko aukera emango digulako, etxebizitza-parke publikoa handituz eta gazteei lehentasuna emanez, 36 urtetik beherakoentzat % 50eko erreserba eginez".

Era berean, EAJ-PNVko bozeramaileak alokairuaren merkatuan jarri du arreta. "Indartu beharra dago", aitortu du, eta erakundeen arteko lankidetza nabarmendu du, besteak beste, gehien behar duten kolektiboei, gazteei eta familia ugariei, zuzendutako pizgarri fiskalak edo babes publikoko etxebizitza bat eskuratzeko gehieneko diru-sarreren maila handitzea bezalako neurriak aurrera ateratzeko. Morenok "oso positibotzat" jo du, halaber, etxebizitza hutsak arrazoi justifikaturik gabe mobilizatzeko ekimena, bereziki Bizigune programaren bidez, "hutsik dauden etxebizitzak alokairu sozialera bideratzen baititu, gazteei lehentasuna emanez", edo ASAP programa, "jabe pribatuentzat erakargarriagoa izateko eta, horrela, alokairu irisgarriaren eskaintza handitzeko".

Etxebizitza duin bat eskuratzeko premia handiena duten kolektiboen artean, Morenok gazteak nabarmendu ditu, "gure gizartearen etorkizunerako funtsezkoa den kolektiboa. Badakigu etxebizitza eskuratzea funtsezkoa dela bizi-proiektuei ekin ahal izateko". Gazteekiko konpromisoaren erakusgarri, EAJ-PNVko bozeramaileak azpimarratu du hainbat ekimenen "anbizioa", hala nola, alokairurako eta Gaztelagun programarako laguntzen irizpideak zabaltzea, edo nagusiki gazteentzako zuzkidura-bizitokiak eraikitzea bultzatzea.

Azkenik, Morenok Hirugarren Sektorearekin egindako hitzarmenak nabarmendu ditu, premia bereziko egoeran dauden kolektiboei (errefuxiatuei, genero-indarkeriaren biktimei edota familia-erreferentziarik gabeko gazteei) laguntza eskainiko dien etxebizitza sozialen sare baten sorreran aurrera egiteko, edo etxebizitzen birgaitzea eta efizientzia energetikoa bultzatzeko.