Prentsa Aretoa

2024/10/17

EAJ-PNVk euskararen defentsa irmoa berretsi du administrazio publikoetan erabilera bermatzeko eta sustatzen jarraitzeko

Gorka Alvarez: "Euskara mehatxu gisa ikusten dutenek eta helegiteekin eta epaiekin erasotzen dutenek aurrean izango gaituzte gure Autogobernua eta arauak defendatzen"

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk euskararen defentsa irmoa berretsi du administrazio publikoetan erabilera bermatzeko eta sustatzen jarraitzeko

ARGAZKIA JAITSI

Gorka Alvarez EAJ-PNVko legebiltzarkideak Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran berretsi du alderdi jeltzaleak euskararen defentsan duen jarrera irmoa, euskararen erabilera administrazio publikoetan bermatzeko eta sustatzen jarraitzeko, eta ohartarazi die euskara mehatxu gisa ikusten dutenei eta helegiteekin eta epaiketekin erasotzen dutenei "aurrean izango gaituztela gure Autogobernua eta arauak defendatzen". "Badirudi batzuei ez zaiela gustatzen euskara modu positibo eta parte-hartzailean sustatzeak. Gogaitu egiten die eta adostasun handia lortu dituzten arauak helegite eta sententzia ezberdinekin lohitu egiten dituzte", aldarrikatu du.

Testuinguru horretan, legebiltzarkide jeltzaleak EAJ-PNVk eta PSE-EEk gaur Legebiltzarrean onartutako testuaren balioa azpimarratu du. Testu horretan, Euskadiko administrazio publiko guztiei eta sektore publikoari eskatzen zaie beharrezko neurriak hartzen jarrai dezatela euskal herritarrei bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aukeratzeko eskubidea bermatzeko.

 Alvarezek gogorarazi duenez, euskara mehatxu gisa ikusten dutenen errekurtso eta epai guztien aurrean, Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitu du irmo eta helburu argiekin: euskara administrazioan zerbitzua emateko eta lanerako hizkuntza izatea; eta herritarrek euskara ikasteko, jakiteko eta erabiltzeko duten eskubidea bermatzea. Ildo horretan, Legebiltzarrean onartutako testuak dei egiten dio Eusko Jaurlaritzari lanean jarrai dezan Europako Kontseiluak Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna betetzeari buruz egindako balorazio-txostenaren gomendioak eta oharrak gauzatzeko, eta eskura dituen legezko mekanismo guztiak erabil ditzan Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 19/2024 Dekretua defendatzeko, bai eta euskararen erabilera sustatzeko politika publikoak garatzen jarrai dezan ere.

Legebiltzarkide jeltzaleak eskerrak eman dizkie euskal administrazio publikoei, Euskadiko sektore publikoari eta euskal enplegatu publikoei sektore publikoa euskalduntzeko egindako lanagatik, erabakitasunagatik eta konpromisoagatik, bai eta administrazio publikoetan euskararen erabilera sustatzeko egindako ahaleginagatik ere. Zentzu horretan, Alvarezentzat "ezinbestekoa da guztion artean lortu duguna aitortzea, ahalegin horrek euskaraz lan egiteko eta zerbitzua euskaraz emateko inoiz baino administrazio elebidunago eta prestatuago batera eraman gaituelako".

Hobetzeko asko dagoela esan duen arren, jeltzaleak katastrofismotik ihes egiteko eskatu du, eta ezinbestekotzat jo du Jaurlaritzak azken urte eta hilabeteetan jardun duen egoera berrira egokitutako arau eta araudi berriak garatzea. Besteak beste, 19/2024 Dekretua egitea eta garatzea aipatu du Alvarezek, bermeak eskaintzeko helburuarekin sortu baita. "Dekretu honen helburua pixkanaka aurrera egiten jarraitzea da, ezarritako helburuak lortzeko bederatzi urteko epea ezarriz. Baina malgua izanik, erakunde bakoitzaren egoera soziolinguistikora egokituz eta enplegatu publikoak zentroan jarriz", amaitu du.