Prentsa Aretoa

2026/03/05

Adostasun zabala Eusko Legebiltzarrean, Euskadik industria-enpleguaren eta Tubos Reunidosen etorkizunaren alde egindako apustua berresteko

Gasteizko Ganberak elkartasuna adierazi die langileei, Aiaraldeko Plan Estrategikoa garatzen jarraitzearen alde egin du eta euskal siderurgia Europan defendatzearen beharra azpimarratu du

rss Ezagutzera eman
Adostasun zabala Eusko Legebiltzarrean, Euskadik industria-enpleguaren eta Tubos Reunidosen etorkizunaren alde egindako apustua berresteko

ARGAZKIA JAITSI

Eusko Legebiltzarrak adostasun zabalez onartu du gaur Tubos Reunidos enpresaren etorkizuna eta Aiaraldeako eskualdearen industria-etorkizuna babesten dituen ekimena. EAJ-PNV, Bildu eta PSE-EE taldeek lortutako akordioaren bidez, Ganberak berriro berretsi du Euskadik industria-enpleguaren alde egiten duen apustua, bereziki eskualdearentzat estrategikoa den siderurgia-sektorean.

 

Ekimena defendatzeko ardura Markel Olano legebiltzarkide eta EBBko industria arduradunak izan du osoko bilkuran. Olanok azpimarratu duenez, “euskal industria funtsezko tresna da Euskadin gizarte-kohesioa bermatzeko”. Era berean, gaurko akordioak langileei eta haien familiei bidaltzen dien mezua nabarmendu du: “Gaur batasun eta elkartasun mezua helarazten diegu. Akordio honen bidez, Legebiltzarrak ekarpena egiten du langileei eta haien familiei mezu argi bat bidaltzeko: haiekin gaudela eta ahal dugun guztia egingo dugula euren enplegua defendatzeko”.

Onartutako testuak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Tubos Reunidos enpresaren etorkizunaren alde egiteko, proiektu industrial serio, sendo eta bideragarri baten eskutik, eta Aiaraldean ahalik eta lanpostu gehien mantentzeko lanean jarraitzeko. Halaber, helburu horiek lortzeko, inplikatutako eragile guztien parte-hartzea bultzatzea eskatzen du: erakunde publikoak, enpresa, sindikatuak eta hartzekodunak, besteak beste.

Bestalde, Legebiltzarrak Aiaraldeko Eskualde Plan Estrategikoa garatzen eta gauzatzen jarraitzearen alde egin du, 2030eko ikuspegia erreferentziatzat hartuta. Era berean, euskal siderurgia Europan defendatzeko beharra azpimarratu du, altzairuaren merkatuaren erregulazioari buruzko eztabaidan euskal industriaren interesak babestuz eta Karbonoaren Mugak Doitzeko Mekanismoa (CBAM) altzairuaren deribatuei aplikatzeko lan eginez. Testuak, gainera, industria elektro-intentsiboaren kostuak murrizteko neurriak sustatzea ere jasotzen du.

Osoko bilkuran presente izan da, halaber, Txerra Molinuevo, Amurrioko alkatea. Molinuevok azpimarratu duenez, “Tubos Reunidosen egoeraz hitz egiten dugunean ez gara zenbakiez ari; pertsonaz ari gara, aurpegia eta begiak dituzten pertsonez. Amurrioko eta Aiaraldea osoko langile eta familiez ari gara, egoera honengatik kezkatuta daudenez”.

Alkateak gogorarazi du lehen unetik euskal erakundeek —bereziki Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak— inplikazio zuzena izan dutela industria-enplegua defendatzeko eta eskualdeko lanpostuak mantentzeko helburuarekin. “Kalitatezko enpleguaz ari gara, familia askoren bizitza sostengatzen duenaz eta lurralde osoa egituratzen duenaz”, nabarmendu du.

Halaber, gaurko akordioak duen balio politikoa azpimarratu du: “Garrantzitsua da gure arazoak Eusko Legebiltzarrean isla izatea eta, gainera, langileei eta haien familiei elkartasun mezu argia bidaltzea. Ez daude bakarrik”. Molinuevoren ustez, gaur lortutako adostasuna bereziki garrantzitsua da: “Jendeak ez du nahi politikariak bronkan eta zaratan aritzea; alderdikeriak alde batera utzi eta konponbideen alde elkarlanean aritzea nahi du. Horregatik da aitortzekoa gaur erakutsitako batasuna”.

Azkenik, Amurrioko alkateak Espainiako Gobernuari inplikazio handiagoa eskatu dio, SEPIrekin duen zorra arintzea funtsezkoa baita enpresaren eta eskualdearen etorkizuna bermatzeko. Era berean, Europan euskal siderurgia defendatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du, gaur Legebiltzarrak adostutako testuak ere jasotzen duen bezala.