Prentsa Aretoa
2024/02/15
Legebiltzarrak adostasun handiko hiru lege berri onartu ditu, Euskadi solidarioagoa eta pertsona guztien eskubideak gehiago errespetatuko dituena izan dadin
Ganberak oniritzia eman die Lankidetza, Haur eta Nerabeen Arauei eta 'Trans Legeari'. EAJ-PNVren, Eusko Jaurlaritzaren eta giza-taldeen lidergoa funtsezkoa izan da hiru lege-proiektuak aurrera ateratzeko
Eusko Legebiltzarrak hiru lege berri onartu ditu gaur, Euskadik eredu solidarioago eta pertsona guztien eskubideak gehiago errespetatuko dituen eredu baterantz aurrera egitea ahalbidetuko dutenak. Gasteizko Ganberak gehiengo handiz onartu ditu gaur Lankidetza, Haur eta Nerabeen Legeak eta “Trans Legea”ren aldaketa, izaera sozial nabarmeneko jardunaldi batean. Hiru arauak adostasun handiarekin sortu dira, eta hori albiste bikaina da, Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten taldeez gain, oposizioko hainbat talderen babesa baitute. EAJ-PNVren eta Nerea Melgosak zuzentzen duen Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren lidergoa, talde eta elkarteen lanarekin batera, funtsezkoak izan dira hiru lege-proiektu horiek behar bezala gauzatzeko.
Haurrak eta nerabeak politiken erdigunean
Osoko Bilkura Haurren eta Nerabeen Lege berria onartzearekin hasi da, eta hori funtsezko urratsa da Iñigo Urkullu buru duen Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak berak kolektibo hori defendatzeko hartutako konpromisoan. “Haurren eta nerabeen interes gorena bermatzen dugu, haientzako etorkizun bidezkoago eta seguruagoari aurre egiten diogu, Administraziotik egiten ditugun politiken eta ekintzen erdigunean jartzen ditugu”, Eva Juez EAJ-PNVko legebiltzarkideak bere hitzaldian adierazi duenez. “Haztea, heztea, zaintzea eta babestea. Eta gainera, adingabeak informatzea, entzutea eta kontuan hartzea”, laburbildu du.
Lege berria zeharkakoa eta integrala da, eta tratu onaren kultura, gurasotasun positiboa, kontzientziazioa eta prebentzioa sustatuko ditu, ahulezia- eta babesgabetasun-egoerak detektatzeko ahalegin berezia egingo du, indarkeria-egoeretarako protokoloak gaituko ditu, eta elikadura osasungarria sustatzeko eta haurren obesitatearen aurka borrokatzeko jarduerak txertatuko ditu.
Elkartasun handiagoa eta %0,7 Lankidetzara
Lankidetzarena gaurko Osoko Bilkuran onartutako bigarren Lege berria izan da, eta Euskadiren tradizio solidarioa finkatzeko eta indartzeko balioko du. Markel Aranburu EAJ-PNVko legebiltzarkidearen arabera, “gure lankidetza eredua erreferentea da mundu mailan. Euskal gizartetik sortutako eredua da, Euskadiren izaera solidarioa erakusten du eta konpromiso politiko irmoa ere badu. Gaur Lege on bat onartu dugu, akordio zabal bati esker sortua”, laburbildu du Markel Aranburuk.
Arau berriak erakunde eta eragile ekonomikoak elkartasunaren erronkarekin are gehiago inplikatzea eskatzen du, GKEen funtsezko protagonismoari eutsiz, 2030erako Garapen Jasangarriaren Helburuekin bat eginez, eta Eusko Jaurlaritzaren %0,7 arlo horretan aritzea finkatzen du. Euskadi da lankidetza deszentralizatuari finantzaketa gehien ematen dion herrialdea, eta Legeari esker sistema are blindatuago geratuko da.
Araudi berriaren beste bertute nagusietako bat da GGKEen dirulaguntzak eskatzeko izapideak malgutzea eta sinplifikatzea erraztuko duela. "Prozesua arinagoa izango da", azaldu du Markel Aranburuk. Legebiltzarreko izapidearen ondoren, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak hasieran proposatutako testua "osoagoa eta aberatsagoa" da, bat etorri dira taldeak. Administrazio guztien arteko zuzeneko lankidetza indartu da (Eusko Jaurlaritza, aldundiak, udalak...), berdintasunari edo LGTBI pertsonen eskubideei buruzko aipamen gehiago egin dira, eta gizarte-eraldaketarako hezkuntza sartu da legean, beste berrikuntza batzuen artean.
Trans pertsonentzako eskubide gehiago, arreta hobea eta errekonozimendua
Jardunaldiaren mugarririk hunkigarriena Trans Legearen aldaketa onartu den unean gertatu da, familien, trans komunitatearen, oro har, eta zuzenean inplikatu diren eta Lege berri hau gaur egun errealitate izan dadin lan egin duten elkarteen, Naizenen eta Errespetuzen, presentzia zabalaren ondorioz.
Iñigo Iturrate EAJ-PNVren talde parlamentarioko koordinatzaileak bere hitzaldian esan dien moduan, "gaur onartzen dugun Legeak dagoenari izena jartzen jarraitzen laguntzen du. Pertsona eta identitate desberdinak bereizten laguntzen du. Eskubideak aitortu eta zabaltzeko". Izan ere, Araua "ez da inoren aurka onartzen, pertsonen alde baizik. Ez du inor ezabatzen, ezagutu eta babesten du. Pertsona edo kolektibo batzuek diotena gorabehera, lege hau ez du kentzen, gehitu egiten du. Ez du zatitzen, biderkatu egiten du". Iturratek gogorarazi duenez, araudiak "printzipioak, eskubideak eta balioak, tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza, aniztasuna eta errespetua defendatzen ditu. Azken batean, Giza Eskubideak defendatzen ditu ".
Hitzaldian, ordezkari jeltzaleak Lege honi bidea ireki dioten pertsona zehatzak ere gogoratu ditu, hala nola Ekai Lersundi –"atzean zetozenen bizitza hobetzeko agindua, eusteko eta irabazteko agindua utzi zigun" – eta beste asko: Deborah, Iraide, Ane, Sarai, Ares, Miren...
Legeak eskubide eta askatasun gehiago eskaintzen dizkie pertsona guztiei. Bermatuta geratuko da, adibidez, pertsona horiek arreta integrala eta beren beharretara egokitutakoa jasoko dutela euskal administrazioetatik hezkuntzaren, osasunaren, justiziaren eta lanaren arloetan. Era berean, gizartearen eta erakundeen pertzepzioan eragin negatiboa duten estereotipoak gainditzen laguntzeko neurriak ezarriko dira.
Osasun-arloan, Osakidetzaren zerbitzu-zorroa handituko da, eta transexualitaterako lehen mailako arretako zerbitzuak eta unitate espezializatu bat jarriko dira martxan. Hezkuntza-sistemaren barruan, halaber, legez aurreikusita dago sexu-identitateagatik ez diskriminatzeko protokoloak sortzea eta hezkuntza-komunitate osoaren artean prestakuntza eta kontzientziazioa bultzatzea. Lan-arloko diskriminazioaren aurkako planak ere sortuko dira, sektore publiko zein pribatuan.
Euskadiko "Trans Lege" berriak mugarri bat ezartzen du pertsona hauen eskubideen babesean, pertsona hauek entzunak izateko eta erabaki medikoak hartzeko duten eskubidea jasotzen baitu. Tratamenduen irismena ulertzen ez badute edo 16 urtetik beherakoak badira, haien legezko ordezkariak emango du tratamenduei ekiteko baimena.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Eusko Legebiltzarra
2024/10/10
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/08