Prentsa Aretoa

2024/02/01

EAJ-PNVk eskola-jantoki hezitzaile, jasangarri eta kalitatezkoen alde egin du, Hezkuntza Lege berriak jasotzen duen bezala

Onartu berri den Arauak ikastetxeen beharretara egokitutako zerbitzuak eskaintzea eta kalitatezko menuak bermatzeko kontrol-mekanismoak indartzea ezartzen du

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk eskola-jantoki hezitzaile, jasangarri eta kalitatezkoen alde egin du, Hezkuntza Lege berriak jasotzen duen bezala

ARGAZKIA JAITSI

Hezkuntza Lege berriak neurri zehatzak jasotzen ditu Euskadiko jantokietan elikadura osasungarria eta kalitatezkoa bermatzeko, gune horien eginkizun pedagogikoa indartzeko –orain zentroetako hezkuntza-proiektuetan txertatuta daudela– eta azpiegiturak hobetzeko. Ekintza horiek aspalditik landu eta eztabaidatu izan dira, eta orain, berriki onartutako arauari esker, esparru juridiko egonkorragoa, zehatzagoa eta zeharkakoagoa dute. Gorka Alvarez EAJ-PNVko legebiltzarkideak gaur Gasteizko Legebiltzarrean egindako Osoko Bilkuran berriro azpimarratu du talde jeltzaleak eta Eusko Jaurlaritzak eskola-jantokien alde egindako apustua: "hezitzaileak, osasungarriak, kalitatezkoak eta ingurumen eta gizarte ikuspegitik jasangarriagoak izatea nahi dugu".

"Hezkuntza Legeak gure eskola-jantokien eginkizun pedagogikoa indartzearen alde egiten du, ikastetxeko hezkuntza-proiektuan integratzen ditu, eta dauzkagun azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzea du helburu, Euskal Hezkuntza Sistemako ikasle guztiei elikadura osasungarria eta iraunkorra eskaintzeko", laburbildu du Gorka Álvarezek.

Eskola-jantokiei buruzko eztabaida parlamentarioan, eta Ganberak azkenean onartutako zuzenketaren bidez, EAJ-PNV legebiltzar-taldeko ordezkariak gogorarazi du Lege berriaren testuak hainbat atal biltzen dituela, hala nola "ikastetxeen beharretara egokitutako zerbitzuak eskaintzea", eta kontrol- eta auditoretza-mekanismoak ere indartzen dituela, eguneroko eta kalitatezko zerbitzua emateko berme gisa.

Legeaz gain, eskola-jantokien eredu horren aldeko apustua ere berretsi du Jaurlaritzak, beste tresna batzuen bidez. Hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak onartu dituen azken aurrekontuen kasua. Horiek 3 milioi euroko partida jasotzen dute, elikadura-zerbitzu horiek eraldatzeko politikak indartzeko.

Gaur egun, Hezkuntza Sailak egunero 87.000 ikasle baino gehiagoren elikadura-beharrak asetzen ditu, 417 ikastetxetako 520 jantokiren bidez, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak berriki azaldu duen bezala.

EAJ-PNVko legebiltzarkideak adierazi du Hezkuntza Saila hainbat esperientzia eta ekimen sustatzen ari dela jantoki-zerbitzua hobetzeko. Hala, kontratazio-pleguak birformulatu dira, eragile adituekin – Neiker, Azti... – egindako lan baten ondoren, ingurumen-klausulak txertatzeko, Europak markatutako ildotik. Eta azken lizitazioetan, gainera, Europako etiketa ekologikoak, bidezko merkataritzako zigiluak eta kalitate-ziurtagiriak kontuan hartzeko klausulak sartu dira, baita Eusko Label edo Euskal Baserri etiketak ere. Halaber, 0km kontsumoa eta hurbiltasuna sustatzeko neurriak ere ezarri dira, zerbitzua ematen duten enpresei eskualdeko hornitzaileen plan espezifiko bat eskatuz.

Eskola-jantokien esparrua ere lehentasunezko lan-ildoa da euskal gizartean elikadura osasungarriaren ohiturak sustatzeko. Ildo horretan, Hezkuntza Saila elikadura osasungarria sustatzeko ekintza-planaren parte ere izan da, beste erakunde batzuekin batera (Osasun Saila, unibertsitatea, catering-enpresak, kalitate-arduradunak, nutrizionistak, monitoreak, sukaldeko langileak...). Zentzu horretan, "Euskadiko jantokietan eskaintzen diren menuen nutrizio-kalitatea handitzea izan da helburua, bai eskaintzan, bai azken kontsumoan", gaineratu du Gorka Alvarezek.