Prentsa Aretoa

2024/01/30

Lankidetza Lege berriak Euskadiko tradizio solidarioa finkatu eta indartuko du, eta Legebiltzarraren gehiengo zabalarekin aterako da aurrera

Arauak bat egiten du 2030erako Garapen Iraunkorreko Helburuekin, eta ezarriko du Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren % 0,7 eremu horretara bideratuko dela

rss Ezagutzera eman
Lankidetza Lege berriak Euskadiko tradizio solidarioa finkatu eta indartuko du, eta Legebiltzarraren gehiengo zabalarekin aterako da aurrera

ARGAZKIA JAITSI

Lankidetzaren eta Elkartasunaren Lege berriak Euskadiko tradizio solidarioa finkatu eta indartuko du, eta, gainera, Eusko Legebiltzarrean adostasun handiarekin onartuko da. Gaur goizean, Gasteizko Ganberako Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordeak arau berriaren irizpena onartu du. Arau berriak gainera babes sozial handia du, kolektiboekin egindako lanari esker. Legeak dei egiten die erakundeei eta eragile ekonomikoei are gehiago inplikatzeko elkartasunaren erronkarekin, eta finkatzen du GKEek funtsezko protagonismoa dutela lankidetzaren eremuan.

Legeak esparru juridiko berri bat ezartzen du Lankidetzaren euskal politikarako, eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren % 0,7 garapenerako lankidetzako politiketara bideratzeko helburua sendotuko du, 2030erako ezarritako Garapen Iraunkorreko Helburuek markatutakoaren ildotik. Aldi berean, GKEentzako laguntzak kudeatzeko tresnak malgutu eta sinplifikatu egingo dira, eta, horren ondorioz, prozesu osoa arinagoa izango da.

Legebiltzarreko izapidearen ondoren, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak hasieran proposatutako testua aberatsagoa da. Administrazio guztien arteko zuzeneko lankidetza indartu da (Eusko Jaurlaritza, aldundiak, udalak...), berdintasunari edo LGTBI pertsonen eskubideei buruzko aipamen gehiago egin dira, eta gizarte-eraldaketarako hezkuntza sartu da legean, beste berrikuntza batzuen artean.

"Lege berri honen bidez, Euskadin oso errotuta dagoen zerbait indartuko dugu: elkartasuna eta lankidetzaren eremuan lan egiten duen elkarte-sarea. Laguntzen ahalegintzen diren pertsona eta kolektiboek tresna gehiago eta erraztasun gehiago izango dituzte ", azaldu du Markel Aranburu EAJ-PNVko legebiltzarkideak.

Bestalde, Miren Gallastegui PSE-EEko legebiltzarkideak uste du oso egokia eta beharrezkoa dela lege hau onartzea, "2007koa ordezkatzen duen arau bat, planteatzen zaizkigun erronka globalei aurre egiteko nahikoa ez zela agertzen hasi zena". Lortutako "adostasun zabalagatik" zoriondu ostean, Euskadin "feminista, ekologista eta larrialdi humanitarioei modu eraginkorrean erantzungo dien Lankidetza" ezartzearen garrantzia azpimarratu du.

Eskubide eta askatasun gehiago trans pertsonentzat

Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordeak oniritzia eman dio, halaber, transexualen eskubideak aitortzeko eta genero-identitateagatik ez diskriminatzeko Legea aldatzeko irizpenari. Arau horrek Eusko Legebiltzarraren babes zabala ere izango du, eta pertsona horiek euskal administrazioetatik arreta integrala eta beren beharretara egokitutakoa jasotzeko duten eskubidea bermatuko du, hezkuntzaren, osasunaren, justiziaren eta lanaren arloetan. Lege-testua, izan ere, trans komunitatearen eskutik iritsi zen Legebiltzarrera.

Legeak gizartearen eta erakundeen pertzepzioari modu negatiboan eragiten dioten estereotipoak gainditzen laguntzeko neurriak ezarriko ditu, eta, Iñigo Iturrate EAJ-PNVko legebiltzarkidearen hitzetan, "trans pertsonen eskubideak indartu eta sakonduko ditu". "Pertsona guztien eskubideak eta askatasunak defendatzeko eta aniztasuna aitortzeko konpromiso politikoa hartu genuen, eta orain bete egingo dugu. Transexualitatea naturaltasunez, beldurrik gabe eta askatasun handiagoarekin bizi ahal izango da ", berretsi du Iturratek.

Gloria Sánchez legebiltzarkide sozialistaren ustez, legeak aukera emango du "trans pertsonek euskal administrazio publikoetatik hezkuntza, osasun, lege edo bestelako beharrizanei egokitutako arreta integrala jasotzeko duten eskubidea erabat bermatzeko, gainerako herritarren baldintza berberetan". "Horrekin urrats bat gehiago emango dugu trans pertsonen aukera-berdintasunean eta gizarte bidezkoago eta askeago baten barruan aniztasuna onartzean oinarritutako gizartean aurrera egiteko", gaineratu du.

Osasunaren arloan, Legeak Osakidetzaren zerbitzuak gehiagotuko ditu, eta transexualitaterako Lehen Mailako Arretako Zerbitzuak eta Unitate espezializatu bat abian jartzea bultzatuko du. Hezkuntza-sistemaren barruan, halaber, sexu-identitateagatik ez diskriminatzeko protokoloak sortuko dira, eta hezkuntza-komunitate osoaren arteko prestakuntza eta kontzientziazioa bultzatuko dira. Lan-arloko diskriminazioaren aurkako planak ere sortuko dira, eremu publiko zein pribatuan.

Arau berria abangoardian jarriko da pertsona horien eskubideen babesean, eta pertsona horiek entzunak izateko eta erabaki medikuetan parte hartzeko duten eskubidea jasotzen du. Tratamenduen neurria ulertzen ez badute edo 16 urtetik beherakoak badira, haien legezko ordezkariek emango dute tratamenduei ekiteko baimena.