Prentsa Aretoa

2024/01/22

Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza bat Kolonbiara joan da, Euskadik Giza Eskubideen defendatzaileak babesteko duen konpromisoa agerian uzteko

Iñigo Iturrate eta Maitane Ipiñazar EAJ-PNVko legebiltzarkideek ekimen honetan parte hartzen dute, jazarpen-testuinguru batean lan egiten duten pertsonek eta kolektiboek jasaten dituzten eskubideen urraketak salatzeko eta Euskadin bere momentuan babestutako pertsonak jatorrizko lekura itzuli ondoren jarraipena egiteko

rss Ezagutzera eman
Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza bat Kolonbiara joan da, Euskadik Giza Eskubideen defendatzaileak babesteko duen konpromisoa agerian uzteko

ARGAZKIA JAITSI

Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza bat Kolonbian dago, Euskadik herri honetan Giza Eskubideen defentsari ematen dion babesa ikusarazteko, Euskadin hartutako pertsonak jatorrizko lekura itzuli ondoren jarraipena egiteko eta jazarpen- eta mehatxu-testuinguru batean egunero lan egiten duten pertsona eta kolektibo horiek etengabe jasaten dituzten Eskubideen urraketak salatzeko. EAJ-PNVren kasuan, Iñigo Iturrate (talde parlamentarioaren koordinatzailea eta Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia batzordean jeltzaleen ordezkaria) eta Maitane Ipiñazar (batzordeburua) dira Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programak antolatutako ekimenean parte hartzen duten ordezkariak.

Ekimen hau Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak bultzatzen du, eta eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren babesa du. Elkartasun politikorako tresna bat da, eta giza eskubideen alde egiten duten lanagatik jazarpen- eta mehatxu-testuinguruetan lan egiten duten pertsonak eta kolektiboak babesten laguntzea du helburu. Praktikan, Euskadik egoera hori pairatu duten pertsonak hartu eta babestu ditu hemen, eta, bidaia horren bidez, horien jarraipena egingo da beren jatorrietara itzuli ondoren.

"Egun hauetan, oraindik dauden Giza Eskubideen jazarpen- eta urratze-egoerak aztertuko dugu, eta bere garaian Euskadin hartutako pertsona horien jarraipena egingo dugu, beti bezala Euskaditik Giza Eskubideak sustatzen lagunduz", azaldu du Iñigo Iturratek.

Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programa helburu jakin batekin garatzen da: beren herrien askatasunaren alde egiten duten lanagatik askotan jazarrita eta mehatxupean bizi diren pertsona horiek babestea. Eusko Jaurlaritzak, Lankidetzaren arloan lan egiten duten elkarteekin batera, urteak daramatza ikuspegi integral batean oinarritutako estrategia bat lantzen, ikuspegi feminista eta psikosozial batetik hain zuzen ere. Horrela, Euskadin sufritzen duten pertsonak hartzen dira eta, jatorrizko herrialdera itzuli ondoren, "in situ" egiten da egoeraren jarraipena eta ebaluazioa. Testuinguru horretan, funtsezkoa da nazioarteko sareak eraikitzea eta pertsona eta kolektibo horiei laguntza instituzionala eta politikoa ematea, eta horregatik da garrantzitsua bidaia hau.

Hori dela eta, egun hauetan zehar, Euskadiko ordezkariek jarraipen berezia egingo diete Cauca Iparraldeko Kontseilu Komunitarioetako (ACONC) eta Antioquiako Erakunde Indigenako (OIA) kolektiboetako liderrei, Euskadin harrera egin baitzieten eta orain beren jatorrizko lekuetan Giza Eskubideen alde lan egiten baitute. Zehazki, honako hauei egingo zaie bilakaera: Gisela Rivera Castro, Caucako Iparraldeko Kontseilu Komunitarioko kidea, bere alabarekin batera programan parte hartu zuena eta bere komunitatea ahalduntzeko lan egiten duena, beren lurraldea eta eskubideak defendatzeko – pobrezia gutxitzea, diskriminazioaren aurkako borroka, lurraldearen iraupena, komunitate afrikarrak –; eta Luz Mary Osorio, Antioquiako Erakunde Indigenako kidea, lurralde-eskubideen, autonomiaren eta kultura-nortasunaren errespetuaren aldeko mugimendu indigenaren borroka-lanak egin dituena eta behartutako hainbat desplazamenduren biktima izan dena, bere semearekin batera programan parte hartu zuena.

Bidaian zehar, ordezkaritza horrek – EAJ-PNVko bi pertsonez gain, beste talde politiko batzuetako ordezkariak, GKEetako profesionalak eta Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Programaren arduradun teknikoak – Kolonbiako gizarte zibileko hainbat eragilerekin egingo dituen bileretan parte hartuko du, besteak beste, Santander de Quilichao (Cauca), Medellin eta Bogota hirietan. Bilera instituzional publikoetan, diplomatikoetan eta nazioarteko erakundeekin ere parte hartuko dute.