Prentsa Aretoa

2023/09/21

EAJ-PNVk Legebiltzarraren adostasunaren garrantzia azpimarratu du klima aldaketari Euskadiren deskarbonizazioaren bidez aurre egiteko

Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko deskarbonizazioa aztertzeko ponentziaren txostena onartu du gaur, klima-aldaketari aurre egiteko ildo nagusiak jasotzen dituen dokumentua

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko deskarbonizazioa aztertzeko ponentziaren txostena onartu du gaur goizean. Klima-aldaketari aurre egiteko hainbat estrategia gidatzeko eta energia-eredu iraunkorrago baterantz joateko balio izango duten ildo nagusiak biltzen dituen dokumentua. Txostena egiteko, gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-eragile askoren laguntza izan da azken hilabeteetan, eta, hain zuzen ere, “eragile instituzional, sozial eta ekonomiko guztien artean ahalegin partekatua egiteko” beharra azpimarratzen du, beharrezko aldaketak lortzeko.

 “Hau ez da testu zientifiko edo tekniko bat. Testu politikoa da, umiltasunetik egindako ekarpena, baina mugarria izan daiteke aurre egin behar diogun erronka klimatiko honetan”, adierazi du gaur goizean Unai Grajales EAJ-PNVko legebiltzarkideak Gasteizko Ganberan egindako osoko bilkuran. Legebiltzarkide jeltzaleak txalotu egin du Gasteizko Ganberan elkarrekin egindako lana. “Berriro erakutsi dugu borondatea dagoenean badagoela akordiorako tartea. Tapia sailburuak, lehendakariak eta nik neuk behin baino gehiagotan azaldu dugu energiari buruzko herrialde-akordio bat behar dugula. Gaur beste urrats bat eman dugu norabide horretan. Saia gaitezen gauza bera egiten Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea onartzeko”, adierazi du Grajalesek.

Gaur onartutako dokumentuak gogorarazten duenez, klima-aldaketa premiazko erronka dela, eta Euskadik berotegi-efektuko gasen emisioak arintzeko eta ekonomia deskarbonizatzeko duen konpromisoa erakusten du. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak larrialdi klimatikoa deklaratu zuten 2019an, eta txosten hau onartzeko Gasteizko Ganberan egindako lanak ere ingurumenarekiko eta etorkizunarekiko konpromiso irmo hori islatzen du. “Erronka oso handia da, baina bideragarria ere bada”, adierazi du EAJ-PNVko legebiltzarkideak.

Lortu nahi diren helburuak lortzeko (luzea eta konplexua izango den prozesu batean), hainbat erronka eta jardun-eremu planteatzen dira: ingurumenekoa, teknologikoa eta industriala, gobernantzarena. Deskarbonizaziorako aukerak ere identifikatu dira. Unai Grajalesek nabarmendu duenez, “Euskadi bereziki ondo kokatuta dago”.

Era berean, txostenak balizko neurriak finkatzen ditu sektore desberdinetarako, hala nola energiarako, industriarako, garraiorako, bizitegi-sektorerako eta beste batzuetarako (lehen sektorea, hondakinak…). Izan ere, energia berriztagarrietan oinarritutako eredu baterako trantsizio energetikoa, erregai fosilak atzean utzita, esparru guztietatik eta batera egin behar da. “Ezinbestekoa eta premiazkoa da jardutea. Zenbat eta lehenago egin, orduan eta onura ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak handiagoak izango dira”, Unai Grajalesek ohartarazi duenez.

Gaur Legebiltzarreko gehiengo handi baten oniritzia jaso duen dokumentuak erakundeen, sektore pribatuaren eta herritarren arteko ahalegin partekatua egiteko beharra azpimarratu du. “Eredu aldaketa honek onurak ekarriko ditu: gure enpresen lehiakortasuna hobetuko dugu, mendekotasun energetikoa murriztuko dugu, enplegu nitxo berriak sortuko ditugu eta hondakinak hobeto aprobetxatuko ditugu. Hurrengo belaunaldiei planeta hobea utziko diegu”.