Prentsa Aretoa

2023/06/29

Kultu-zentroen eta erlijio-aniztasunaren euskal legeak juridikoki aitortuko ditu Euskadiko errealitate sozial berria eta erlijio-aniztasuna

Jon Andoni Atutxa legebiltzarkide jeltzalearen ustez, errealitate plural berri horrek behar eta eskaera berriak agertzea dakar, eta, beraz, “beharrezkoa da elkarrizketarako eta akordiorako mekanismoak ezartzea gure gizartearen erlijio-aniztasuna modu positiboan kudeatzeko”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Kultu lekuen, Zentroen eta Erlijio Aniztasunaren Legea ostegun honetako osoko bilkuran onartu da Eusko Legebiltzarrean. Hori dela eta, Euskadik gaur egun arte existitzen ez den lege berri bat du. Lege horren helburu nagusia elkarbizitza eta erlijio-aniztasuna babestea da, bai eta pertsonen eta eliza, konfesio eta erlijio-komunitate desberdinen erlijio-askatasunerako oinarrizko eskubidearen erabilera bermatzea ere; hori guztia, haien artean inolako bereizkeriarik egin gabe.

Jon Andoni Atutxa EAJ-PNVko legebiltzarkideak adierazi du Euskadiko erlijio-aniztasuna gero eta errealitate garrantzitsuagoa dela, eta horrek botere publikoen kudeaketa egokia eskatzen duela. “Lege honek arau-aitorpena ematen dio egitatezko errealitate sozial bati, esparru autonomikoan dagoen erlijio-aniztasunari. Erlijio-aniztasuna modu positiboan kudeatzeko tresna baliagarria izatea da helburua”, esan du.

Ildo horretan, legebiltzarkide jeltzaleak egiaztatu du ez dagoela nahikoa arau-tresnarik kultu-zentro edo -lekuen gaia behar bezala kudeatzeko, ezinbestekoak baitira erlijio- eta kultu-askatasunerako eskubidea gauzatzeko. Hala, lege honek “erlijio-askatasunerako eskubidea babestuko du kultu-zentro horiek ireki eta erabiltzeari dagokionez, berme juridiko handienak dituen oinarrizko eskubide gisa”.

Gainera, Atutxak nabarmendu du “elkarrizketarako eta akordiorako mekanismoak ezarriko direla gure gizartean erlijio-aniztasuna modu positiboan kudeatzeko”. Horretarako, Erlijioen arteko Euskal Kontseilua sortuko da, konfesio eta komunitate erlijiosoekin elkarrizketa eta lankidetza instituzionalerako organoa. “Erlijioen eta kulturen arteko bizikidetza zaindu eta sustatzea izango da bere egitekoa, erlijio-aniztasunarekiko errespetuan oinarrituta. Euskal erakundeei aholkuak emango dizkie erlijio-askatasuna erabiltzera eta edozein motatako diskriminazioa saihestera bideratutako politikak garatzeko”, zehaztu du.