Next Euskadi
Alderdi Eguna 2024

Prentsa Aretoa

2023/02/09

EAJ-PNVk osasun arloko profesionalen gabezia arintzeko neurri koordinatuak eskatu dizkio Madrili

Legebiltzarreko talde guztiek atzera bota dute EH Bilduk espezialisten prestakuntza EAEren esku uzteko egindako proposamena. “Defendatuko dugun eskumena da, baina berez ez du arazoa konponduko. Zergatik ez duzue planteatu Madrilen, bertan jokatzen baita partida? Egitera gonbidatzen zaituztet, baina gaur titular bakarrik bilatu duzue. Autogobernuari buruzko leziorik ez”, adierazi du Elena Letek

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Profesional sanitariorik ez egoteak zerikusia izan dezake prestakuntzarekin, baina ez da arazo hori arintzeko behar dugun tresna bakarra. Irakaskuntza-unitateekin, unibertsitateetan plaza gehiagorekin, MIR plaza gehiagorekin edo ziurtagirietan malgutasun handiagoarekin osatu behar da. Neurri bakarra ez da eraginkorra, beste tresna batzuekin koordinatzen ez bada”. Argudio horrekin, Elena Lete EAJ-PNVko legebiltzarkideak EH Bilduren legez besteko proposamenaren aurkako botoa defendatu du, espezialisten prestakuntzaren eskumena EAEra transferitzeko. Legebiltzarreko talde guztiek baztertu dute ekimen hori, hainbat arrazoi direla medio.

Transferentzia horrek egungo osasun gabezia hobetzen lagun dezakeela eta Madrilen horren defentsa bere gain hartuta, Letek gai hori eskatzeko erabilitako modua aurpegiratu dio Bilduri. “Iristeko bidea okerra da. Prozedura bat da, Gorte Orokorrera lege-proposamen bat eramatea, bideragarritasunik ez duena. Madrilen 40 urtez defendatu duguna da bidea: elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa. Autogobernua horrela eraikitzen da, negoziazioarekin eta pertseberantziarekin. Lezioak, aldiz, gutxi”. Hala, EAJko ordezkariak EH Bilduri aurpegiratu dio Estatuko aurrekontu orokorren negoziazioan ez dutela gai hori planteatu “partida hori bertan jokatzen denean”.

“Zure taldeak aurrekontu orokorrak negoziatu zituen Pedro Sanchezekin. Eta zure taldeak ez zion planteatu gaur hona ekartzen diguzuena. Unibertsitateetako plaza kopurua handitzeko zuzkidura ekonomikoa bi milioi eurotan handitzea negoziatu zenuten. Zergatik ez duzue eskatu transferentzia hau egin behar den lekuan? Zergatik ez zenuten PSOE-Unidas Podemosekin gai honi buruz hitz egiten hasteko konpromisoa hartu? Zuk erantzutea gustatuko litzaidake, ohituta baikaude hemen mota guztietako gaiak erreklamatzera, tokatzen zaizkigunak eta ez zaizkigunak, baina gero, Madrilen, isilik”, aurpegiratu die, eta gai horren defentsa Madrilera eramatera gonbidatu ditu. “Kea saltzera etorri zarete. Bada gauzak egiteko beste modu bat. Nire taldeak Madrilen hamarkada asko daramatza lanean. Ekintza, iraunkortasuna eta elkarrizketa handia. Lankidetza eta koordinazioa. Hori da gure nortasunaren ezaugarria; politika akordioetan oinarrituta egitea, gure indarra zein den jakinda eta autogobernuaren defentsan eta euskal herritarren bizi-baldintzen defentsan aprobetxatzen saiatuz, ongizate orokorra hobetuz, autogobernuan aurrera eginez eta horretarako dauden aukera guztiak aprobetxatuz”, argudiatu du. Zuen eredua, aurpegiratu die, “guztia edo batere” da, Euskadin bultzatzen, baina Espainian aplikatzen ez duzuena.