Prentsa Aretoa

2022/11/18

EAJ-PNV talde parlamentarioak Euskaraldiarekin bat egin du eta Arigunea sortu du euskararen erabilera errazteko

“Euskarak konpromiso pertsonal eta kolektiboa behar du. Pertsona guztiak interpelatzen gaitu, bakoitza bere gaitasunen barruan”

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNV talde parlamentarioak Euskaraldiarekin bat egin du eta Arigunea sortu du euskararen erabilera errazteko

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVren talde parlamentarioak Euskaraldia ekimenari babesa eman dio berriro ere. Ekimena gaur, azaroak 18 hasi eta abenduaren 2ra bitartean izango da, "Hitzez egiteko garaia" lelopean. Gaur goizeko lehen orduan Eusko Legebiltzarrean egin den ekitaldian parte hartu dute legebiltzarkide jeltzaleek. Horrela, euskararen erabilera eta bultzadarekin duten konpromisoa berretsi dute, eta erronka handi horrekin bat egitera animatu dituzte pertsona guztiak. “Euskarak konpromiso pertsonal eta kolektiboa behar du euskara indartzeko, zabaltzeko eta bultzatzeko. Pertsona guztiak interpelatzen gaitu, bakoitza bere gaitasunen barruan. Gure hizkuntza-ohiturak benetan eraldatu nahi baditugu, Euskaraldiak bezala euskararentzako espazioak irabazi nahi dituzten ekimen guztiak bultzatu behar ditugu. Badakigu posible dela gehiago hitz egitea, uste dugun baino pertsona gehiagorekin eta gehiagotan”.

Aurreko edizioetan bezala, taldeak Arigune sortu du, pertsonei edozein unetan euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dien gunea. “Aurrerapauso bat gure hizkuntza ohiturak aldatzeko eta Euskaraldiak irauten duen bi asteetatik aurrera mantentzeko. Luzatu eta eutsi egin behar diogu hizkuntzaren erabilerarekiko konpromiso aktiboari”. Giro euskaldunean espazioak eta harremanak zabaltzeko asmoz, ekimen honen bi rolak identifikatzen dituzten txapak banatu dira gaur goizean Legebiltzarrean: Ahobizi eta Belarriprest. Ahobiziren rola aukeratzen duenak ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuko du (eta ezezagunei euskaraz ere hitz egingo die, gutxienez lehenengo hitza). Bestalde, Belarriprest izango da euskara ulertzen duena, eta gainerakoei euskaraz hitz egitera gonbidatuko die. “Bereizgarri horiek harreman berriak hasteko eta gure komunikazioak mugatzen dituzten inertzia zaharrak apurtzeko aukera ematen digute”.