Prentsa Aretoa

2022/11/10

EAJ-PNVk Memoriaren Eguna ospatu du, indarkeria erabili edo justifikatu zutenei iraganaren autokritika egiteko eskatuz

Talde parlamentarioak Eusko Legebiltzarrak indarkeriaren biktima guztiei egin dien omenaldian parte hartu du, eta oroimenezko etorkizuna eskatu du. “Errespetuan, hitzean eta oroimenean oinarritutako bizikidetza”, esan du Iñigo Iturratek

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk Memoriaren Eguna ospatu du, indarkeria erabili edo justifikatu zutenei iraganaren autokritika egiteko eskatuz

ARGAZKIA JAITSI

“Ezin dugu, ez dugu behar eta ez dugu nahi orrialdea pasatu. Ez dugu egin nahi jasan dugun oinaze bidegabearen iraganaren irakurketa kritikoa egin gabe. Denok gaude interpelatuta, baina, batez ere, helburu politikoekin indarkeria erabili zuten edo erabiltzea justifikatu zuten pertsonak. Gaur egun hau ospatzen dugu, eta argi eta garbi esaten dugu gertatutakoa bidegabea izan zela eta ez zela inoiz gertatu behar".

Horrela laburbildu du Iñigo Iturrate legebiltzarkideak jardunaldi honen helburua, Memoriaren Egunarena, eta Iñigo Urkullu lehendakaria eta Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea izan dira Eusko Legebiltzarreko ekitaldiaren buru. Alderdi guztietako ordezkariek, PP+C's eta Voxekoak izan ezik, goizean goiz eraikinaren kanpoaldean egin den lore-eskaintzan lagundu diete.

Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzaleak eta Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko bozeramaileak terrorismoaren zentzugabekeria eta bere ekintzen bidegabekeria berretsi ditu, eta "bizitzeko eskubidea gainditzen duen arrazoirik eta helbururik ez dela egongo", ziurtatu du. "Giza eskubideen urraketen zentzugabekeria argi eta garbi salatzeko eta iraganeko akatsak ez errepikatzen lagunduko digun memoria kritikoa eskatzeko eguna da gaurkoa. Sufritu duten pertsona guztiei zor diegu. Gertatu zena bidegabea izan zela eta inoiz ez zela gertatu behar esateko eguna da gaurkoa". EAJ-PNVk berretsi egin du biktimei dagozkien egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta ez errepikatzeko bermeen eskubideekiko konpromisoa, bazterketarik eta parekatzerik gabe eta indarkeriaren erabilera justifikatzen duen edozein teoria erabat baztertuz. Zentzu horretan, Iturratek gaitzetsi egin ditu Barrionuevo ministro ohiak egindako adierazpenak, GALen ekintzak justifikatzen zituztenak, "izan ere, biktimentzat umiliagarriak izateaz gain, terrorismo mota guztien biktimen errekonozimendu eta erreparazio prozesu baten beharra aldarrikatzen duen gizarte demokratiko batek ordezkatzen dituen balioen kontrako norabidean doaz, baita Estatuak gauzatu duenaren kontra ere". "Memoria plurala eskatzen dugu, terrorismo-mota bakar bat ere legitimatzen ez duena, eta iraganari buruzko memoria kritikoa, inoiz errepikatu behar ez dena. Giza eskubideen urraketa orok gure gaitzespena eta oposizioa izango du beti" ziurtatu du.

EAJ-PNVko legebiltzarkideak euskal erakundeek arlo horretan egindako bidea baloratu du, eta gogorarazi du "gaur egun, terrorismoaren biktimak aitortu eta erreparatzen dituen Legea onartu eta hamalau urtera, Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea izapidetzen ari da Eusko Legebiltzarrean, estatu-kolpearen, gerraren eta ondorengo diktaduraren biktima guztiak aintzatesteko eta erreparatzeko". 

Iturrateren ustez, lege hau onartzea ezinbestekoa da etorkizuneko belaunaldiei gizarte hobea utzi nahi badiegu, "etorkizuna beti ondo errotuta egon behar delako iraganera, eta bizitako guztiak balio etiko eta demokratikoak sendotzeko balio behar digulako". Hala, txalotu egin du joan den urrian Gorte Nagusietan Memoria Demokratikoaren Legea onartu izana. "Beste urrats bat da, ez azkena, eta bide horretan jarraitu behar dugu, beren eskubideak urratu zaizkien biktima guztiei eragindako min bidegabea konpontzeko", amaitu du.