Prentsa Aretoa
2022/05/12
EAJ-PNVk txalotu egin du Administrazioa modernizatu eta gizartera hurbilduko duen Sektore Publikoaren Legearen onarpena
Estibaliz Larrauri legebiltzarkideak eskertu egin du taldeek egindako lan “zintzo eta serioa”, bikoiztasunak saihestuko dituen eta emandako zerbitzuaren kalitatea hobetuko duen arau bat aurrera ateratzeko. “Administrazio batek bere zentzurik handiena hartzen du herritarrei eskaintzen dien zerbitzuan. Ezin dugu hau bistatik galdu”, esan du
Euskal Administrazio Publikoak badu jada arau berri eta propio bat, bere funtzionamendua eta barne-antolaketa egituratuko dituena. Lege horrek administrazio publiko guztietako sektore publikoei eragingo die, eta gobernantza hurbilago, parte-hartzaileago, berritzaileago eta eraginkorrago baterantz eboluzionatzea ahalbidetuko du. Estibaliz Larrauri legebiltzarkidearen arabera, erregulazio hori “beharrezkoa eta funtsezkoa” zen gizartearen erronka eta eskaera berriei erantzuteko; izan ere, “egungo arauketa, aspaldikoa izateaz gain, argi geratu da ez dela nahikoa” azken hamarkadetako aldaketa sozial, teknologiko edo legegileetarako. “Gaur onartzen dugun araudia onuragarria izango da gizarte osoarentzat. Izan ere, Administrazio batek bere zentzurik handiena hartzen du herritarrei eskaintzen dien zerbitzuan. Ezin dugu bistatik galdu. Administrazioen jarduerek helburu bat dute: zerbitzu hurbila, arina, eraginkorra eta gardena eskaintzea. Beti etengabeko hobekuntza- eta aurrerapen-prozesu batean”. Horregatik, gaineratu du, helburu bikoitza duen lege honen beharra. Alde batetik, gobernantza publikoaren eredu berriak planteatzen dizkigun erronkei erantzutea, eta, bestetik, pertsonen beharrei eta eskaerei erantzutea, gero eta zorrotzagoak direnak arlo publikoarekin. “Exijentzia handiago horrek eragiten du zerbitzu publiko hobeak izatea”.
Legearen edukiari dagokionez, Larraurik honako hauek nabarmendu ditu: kudeaketa-figura berriak sortzeko formulak gogortzea, sektore publikoa arrazionalizatzeko eta dimentsionatzeko neurriak eta Sektore Publikoko Erakundeen Erregistroa sortzea. “Herritarrek sektore publikoaren dimentsioa mugatzeko eskatzen duten une honetan, uste dugu bereziki beharrezkoa dela erakunde publiko berrien sorrera prozedura zorrotz eta murriztaile baten mende jartzea, kontrol politikoari eta ebaluazioari lotuta, gainera”. Horrela, ez da erakunde berririk sortuko lehendik daudenekin interes orokorra bermatzen bada. Gainera, EAJ-PNVko ordezkariak azpimarratu duenez, legeak zehazten du bi hizkuntza ofizialak zerbitzurako, harremanetarako eta lanerako hizkuntzak izango direla Euskal Sektore Publikoan, eta, horrela, koofizialtasunak Administrazioan duen pisua indartuko da.
Legebiltzarkide jeltzaleak EH Bilduko eta Elkarrekin Podemos-IUko talde parlamentarioen lana eskertu du, herritarrek arreta “hobea, hurbilagoa eta eraginkorragoa” jasotzea ahalbidetuko duen lege batekin konpromisoa hartu dutelako. “Lan zintzoa eta serioa egin dugu Euskal Sektore Publikoa etengabeko hobekuntza-prozesuan egon dadin eta jarrai dezan”. Aitzitik, PP+C's-ek akordioarekiko duen itxikeria deitoratu du.
Horregatik guztiagatik, eta eztabaidari amaiera emateko, Larraurik esan du lege berriarekin Administrazioak irabazten duela, Euskadik irabazten duela eta herritarrek irabazten dutela. “Sektore publikoa etengabe hobetzeak zerbitzu hurbilagoak, arinagoak eta eraginkorragoak ekarriko ditu. Egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko eta gizarteak eskatzen duen mailan egoteko beharrezko legea da”, bukatu du.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15