Prentsa Aretoa

2022/02/17

Iturrate: “Sarkasmoa da 400 guardia zibilek polizia-abusuen legearen arabera biktimatzat aitortzea eskatzea”

Legebiltzarkide jeltzaleak Eusko Jaurlaritzaren jarduna babestu du, funtzionario publikoek aurkeztutako eskaerak ukatu dituelako, “ETAren biktimek badutelako beren arau-esparru propioa”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak ezin dira aitortu Poliziaren gehiegikerien legearen bidez, ETAren indarkeria pairatu duten biktimak diren aldetik babesten dituzten beste legeria batzuk daudelako. Horixe da Iñigo Iturrate legebiltzarkideak azaldu duen argudioa, Eusko Jaurlaritzak Guardia Zibileko kideek egindako 400 eskaera baino gehiago aintzat ez hartzea defendatzeko. “Eusko Legebiltzarrak ez zuen lege hori onartu terrorismoaren biktimak, oro har, edo ETArenak, bereziki, babesteko. Hizpide dugun legeak Estatuko zerbitzari publikoek eragindako kalte bidegabeak konpontzen ditu”, Iñigo Iturrate legebiltzarkideak esan duenez, eta sarkastikotzat jo du poliziaren gehiegikerien biktimak babestea helburu duen arau baten bidez aitortzea exijitzea. Iturratek elkartasuna, babesa eta errekonozimendua adierazi die ETAren mehatxua, jazarpena eta xantaia jasan duten pertsona guztiei, eta gogorarazi du Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legeek “babesa eta erreparazioa” ematen dietela.

Hala, Eusko Jaurlaritzaren jokabidea babestu du; izan ere, Guardia Zibilek eta ETAren biktimek egindako ehunka eskaerak aztertu ondoren, atzera bota zituen, lege honek ematen duen babesetik kanpo geratzen zirelako. “Gobernuari dagokio legea betetzea. Eta horretan ari da, ez dago zalantzarik. Beraz, zuzen jokatu du eskaerak ukatzean eta legearen espiritua eta letra defendatzean, eta, azken batean, Legebiltzar honen eta ordezkatzen dituen herritarren borondatea defendatzean”. Iturratek alderdi guztiei eskatu die funtzionario publikoen gehiegikeria eta giza eskubideen urraketa jasan zuten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa galarazi nahi dietenen “tranpan ez sartzeko”. Horrela, kanpaina hau bultzatu dutenak gaitzetsi ditu, besteak beste, adierazi du, beti lege honen aurka eta motibazio politikoko biktimak aitortzeko eta erreparatzeko prozesuaren aurka agertu direnak direla.

Iturratek deitoratu egin ditu euskal legeak 2016an onartu zenetik izan dituen “trabak eta oztopoak”, eta PPri leporatu dio biktima horien existentzia ukatzea. “Biktima horiek aitortzeko eta haiei babesa emateko borondaterik eza agerian uzten duten errekurtsoak eta epaiak. Errealitatea mozorrotu dezakegu, baina, egia esan, talde batzuek giza eskubideen urraketak ukatu edo gutxietsi dituzte, biktimak isilarazi dituzte eta haien eskubideak arbuiatu dituzte”. Inork ez dezala zalantzarik izan, bukatu du. “Oztopo guztiak oztopo, biktima guztiei erreparazioa eta errekonozimendua emateko prozesu mailakatua bultzatzen jarraituko dugu. Guztiei zor diegu”.