Prentsa Aretoa

2022/01/22

EAJ-PNVk Kolonbian Giza Eskubideen defendatzaileek pairatzen duten arriskuaz ohartarazi du eta babesa eskatu du

Leixuri Arrizabalagak eta Iñigo Iturratek euskal ordezkaritzan parte hartuko dute larunbatetik aurrera eta Kolonbian, Euskadin mehatxuak eta jazarpena jasateagatik harrera egin zitzaien pertsonen egoera aztertuko dute. Misioa mugimendu sozialekin, erakundeekin, nazioarteko erakundeekin eta gorputz diplomatikoarekin batuko da

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Azken bi urteetan, Kolonbiako giza eskubideen aldeko hiru ekintzaile hartu dituzte Euskadin sei hilabetez, lurraldetasunaren eta herri indigenen alde egindako lanagatik beren herrialdean jasaten zituzten jazarpena, heriotza-mehatxuak eta esetsaldia direla eta. Euskadik laguntza eman zien giza eskubideen defendatzaileak babesteko Euskal Programaren barruan, eta orain, misio berri honetan, itzulera nolakoa izan den eta zer arrisku-maila duten egiaztatu nahi da.

Gaur, euskal ordezkaritza bat Kolonbiara joango da harreran hartutako pertsonen egoera ebaluatzeko, euskal laguntza ikusarazteko eta herrialdeko erakunde publikoei eta nazioarteko erakundeei giza eskubideen defendatzaileak babesteko eskatzeko. Ordezkaritza horretako kide dira Leixuri Arrizabalaga Giza Eskubideen Batzordeko presidentea eta Iñigo Iturrate jeltzaleen bozeramailea. Biek babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan diete “beren bizitzarekin” justizia sozialaren, gutxiengoen eta indarkeriarik eta miseriarik gabeko bizitzaren aldeko lana ordaintzen duten pertsona guztiei. “Defendatzaile asko eta asko bizi osorako kondenatuta daude, beren herrialdeek behar duten babesa eskaini gabe. Eraso horiek amaitu egin behar dira”, salatu dute. Hala, Kolonbiako erakunde publikoei eskatu diete pertsona horien bizitza berma dezatela, “giza eskubideak balio unibertsalak direlako”.

Aspaldidanik, Euskadin giza eskubideen defentsa eta babesa eskatzeko egiten ari den lana “erabakigarria” da, frogatuta baitago defendatzaileei kanpoko laguntza emateak haien gaineko mehatxua intentsitatez jaistea eragiten duela. “Ezinbestekoa da hemen laguntza eskaintzea, baina baita beraiekin egotea beren herrialdera itzultzen direnean. Bidaia honetan, erakundeen babesa ikustarazteaz gain, Euskadira bidaiatu aurretik zuten arriskua gutxitu den ikusi nahi dugu. Jakin behar dute ez daudela bakarrik, eta Legebiltzar honetan, Eusko Jaurlaritzan eta gizarte-mugimenduetan askotan jatorrizko lekuetan ez dutenaren babesa dutela. Babes hori indartu nahi dugu, zigorgabetasun judizialarekin eta indarkeria sistematikoarekin amaitzeko”.

Kolonbiako egonaldian, euskal ordezkaritzak Cali, Medellin, Monteria eta Bogota herriak bisitatuko ditu, erakundeetako eta gizarte zibileko ordezkariekin biltzeko, Eusko Jaurlaritzaren Aldi Baterako Babeserako Programa zabaltzeko eta prebentzio-, laguntza- eta babes-mekanismoak indartzeko eskatzeko. Front Line Defendersek Latinoamerikako errepresioari buruz egindako azken txostenaren arabera, 2020an 331 defendatzaile hil ziren giza eskubideak betetzeko borrokan; erdiak baino gehiago herri indigenak, lur eskubidea, ingurumena edo emakumearen eskubideak defendatzeagatik hil zituzten Kolonbian. “Guztioi dagokigun zerbait defendatzeak duen kostua da. Azken hilabete hauetan, Gobernuaren eta FARCen arteko bake-akordioak martxa behartuetan ezarri beharko liratekeenean, kezkaz ikusten dugu giza eskubideak betetzean eta errespetatzean atzerakada handia gertatzen ari dela. Horregatik, ezinbestekoa da Euskadik giza eskubide guztien defentsarekin eta Kolonbiako bake-prozesuarekin konprometituta jarraitzea", deitoratu dute.

Misio horren balantzea eta emaitzak Kolonbiako erakundeei eta haiekin harremanetan jarri diren kolektibo eta pertsonei helaraziko zaien txosten batean islatuko dira. Ordezkaritza hori datorren urtarrilaren 29ra arte egongo da Kolonbian, eta, Eusko Legebiltzarreko ordezkariez gain, Giza Eskubideen sailburuorde José Antonio Rodríguez Ranzek, Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernandok eta programa horretan parte hartzen duten erakundeetako kideek; Mugarik-Gabe, Alboan, Emigrantes Sin Fronteras eta Zehar-Errefuxiatuekin osatzen dute.