Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2021/12/23

EAJ-PNVk Euskadi berrabiaraziko duten Aurrekontuen onarpena ospatu du

Eusko Legebiltzarrak gaur onartu ditu, jeltzaleen eta sozialisten botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, 2022rako EAEko Aurrekontuak, 13.108 milioi eurokoak. Itxaso Berrojalbizen hitzetan, krisitik indartuta ateratzeko, hazteko, aurrera egiteko eta inor atzean ez uzteko daukagun tresnarik indartsuenaren aurrean gaude

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Gaur, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak oniritzia eman dio proiektuari, EAJ-PNVren eta PSE-EEren aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta gainerako taldeen kontrako botoarekin. Aurrekontu horiek 13.108 milioi eurokoak dira, egungoak baino %7,6 gehiago, eta Itxaso Berrojalbiz legebiltzarkideak esan duenez, "anbizio handikoak, inbertitzaileak eta izaera sozial nabarmenekoak dira". Hamar eurotik zortzi osasunera, hezkuntzara eta gizarte-politiketara bideratuko dira, elkarrekin aurrera egiteko eta inor atzean ez uzteko maximoa betez “Eskerrak eman nahi dizkiogu Eusko Jaurlaritzari gizarte orientazio argia eta biztanleria osoaren ongizatearekin lotutako helburuak dituen proiektu bat aurkezteagatik, eta, bereziki, egoera okerrenean dauden pertsonena.” Zentzu horretan, ordezkari jeltzaleak euskal gizarte osoa zoriondu du, berak irabazten baitu gaur egun, krisitik indartuta atera eta hazteko daukagun tresnarik indartsuena duelako. “Itxaropenaren eta ilusioaren oinarriak dira. Euskadiren etorkizunerako aurrekontuak dira, pandemia atzean utzi eta gizartearen eta ekonomiaren susperraldia ahalbidetzeko”, esan du bere hitzaldian.

Gaur berretsitako proiektuaren indargune gisa, Berrojalbizek, gizartearen eta gizakiaren gakoaz gain, izaera inbertitzailea eta ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren aldeko apustua aipatu ditu. Horrela, inbertsioa 1.600 milioi euroko zifra errekorrera iritsiko da, eta horietatik 250 aurten bertan gauzatuko dira. Inbertsioa, ekonomiaren motorra eta aberastasun-sortzailea dela ziurtatu du. Gure enpresen lehiakortasunerako funtsezkoa den I+Gari dagokionez, bozeramaile ekonomikoak 2022an aurrekontua %10 eta hurrengo urteetan %12 handitzeko konpromisoa azpimarratu du.

Berrojalbizek Jaurlaritzaren itunaren borondatea nabarmendu du, EH Bildurekin akordioa lortzea ahalbidetu baitu. Gogoratu duenez, akordio hori ez zen beharrezkoa EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek duten gehiengo absolutuagatik, baina garrantzitsua zen, gaur egun bizi dugun egoera konplikatuagatik. “Ez gara mugitu, betiko posizioan egon gara: zubiak eraiki eta ituna bilatzea. Beste batzuk mugitu dira, eta orain ikusi dute lankidetza beti dela hobea. Guk beti esan izan dugu batuketan aberastasuna dagoela, batuz hobetu egiten dugula, gizarteak hala eskatzen digulako eta gure betebeharra, gure erantzukizuna, delako”. Era berean, espero du Bilduren estrategia aldaketa “ez izatea egoeraren araberakoa, iraunkorra baizik”.

Eta negoziazio-prozesu honetan agerian geratu den errealismo politikoaren eta lankidetzaren aurrean, Berrojalbizek Elkarrekin Podemos-IU eta PP+C alderdien “oposizio frontista” kontrajarri du. Bi alderdi horiei ausardia falta izan zaie aurrerapausoa emateko eta herritarrak kezkatzen dituzten arazoekin konprometitzeko. Aurpegiratu die eztabaida honetara “karpeta hutsarekin” aurkeztu izana, gizarteari eskaini beharreko proposamenik gabe eta betiko argudio berberekin. Hala, ohartarazi die ezingo direla inoiz joko-taulan kokatu. “Osasuna, hezkuntza, berdintasuna edo digitalizazioa indartzea ez da 62 legebiltzarkideren kontua, hemen eserita gauden eta gizarte osoa ordezkatzen dugun 75 legebiltzarkideen gauza da. Krispaziotik aldentzea eta elkarrizketari besarkatzea eskatzen digun gizarte horri. Ongizate Estatua indartzeko konturik onenak ditugu aurrean, eta zuek ez duzue ezer eskaintzeko zuen diskurtso hutsaletatik harago”. Onak dira kritikatzeko estrategian, kargu hartu die, baina ez dute arriskatzen eta ez dute konponbiderik planteatzen.

Aurten akordioa ezinezkoa izan den arren, Berrojalbizek atea zabalik utzi die etorkizuneko itunei, eta aurrekontuen aurka agertu diren alderdiak animatu ditu benetako zerbitzu publikoa gauzatzera, interes partikularrak alde batera utzita eta guztion onerako pentsatuta. “Gaur, gizarteari mezu itxaropentsu bat helarazi nahi diogu: akordioa posible da eta positiboa da. Seriotasunetik eta zintzotasunetik saiatu behar dugu. Gainerako talde-parlamentarioek proiektu hori aintzat hartzea merezi zuen, bere balioagatik eta euskal gizarteari egingo dion ekarpenagatik. Ez da horrela izan, eta sentitzen dugu. Hala eta guztiz ere, 75 biztanletik 13 dira”.

Legebiltzarkide jeltzaleak onartu du 2022a urte oso zaila izango dela oraindik, pandemiaren ziurgabetasunak markatuta, baina zenbait argirekin, Euskadin susperraldiaren bidea hasi dela adierazten digutenak. “Aurten %5,6 haziko gara eta 13.400 pertsonak lana aurkituko dute. Datorren urtean %6,7 haziko gara eta 11.500 pertsona gehiagok izango dute enplegua. Langabezia-tasa %9,2koa izango da, horixe baitzen legealdi osorako helburua. Baina lana dugu egiteko. Zailtasunak dituzten enpresei, enplegua berreskuratu ez dutenei eta enplegu duin edo egonkorrik ez dutenei laguntzea geratzen zaigu. Aukera berriak sortu behar dira eta okerren pasatzen dutenekin egon behar dugu: langabetuak eta iraupen luzeko langabetuak, emakumeak eta gazteak,” esan du. Azkenean, EAJ-PNVk eta Jaurlaritza honek gure gain hartu dugu erantzukizun hori, uste osoa baitugu onartutako aurrekontuak funtsezkoak izango direla horretarako.