Prentsa Aretoa

2021/11/16

EAJ-PNVk Industria Planari balioa eman dio, gure Herria abangoardia ekonomikoan kokatuko baitu

Mikel Arruabarrena legebiltzarkideak Euskadiren susperraldirako eta eraldaketarako tresna nagusia izango den plan baten egokitasuna azpimarratu du, eta egonkortasuna eta blokeorik eza ekartzeko eskatu dio Bilduri. "Askoz ere baliotsuagoa da ekarpenak egiten dituzten eta tentsionatzen ez duten aktoreak izatea"

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Industria Garatzeko eta Nazioartekotzeko 2021-2024 Planari buruzko eztabaida monografikoa izan da gaur Eusko Legebiltzarrean. EAJ-PNVk babestu egin du, gure Herria abangoardia ekonomikoan kokatzea ahalbidetuko duen tresna izango delakoan, pandemiak eragindako egungo erronkei eta etorkizunekoei erantzunez. "Plana hiru trantsizio handiren erdian sortu da: energetiko-klimatikoa, teknologiko-digitala eta sozio-demografikoa. Eta Euskadi egon nahi dugun lekuan kokatzeko borondatearekin sortu da. Herrialde horretan aberastasuna sortzen da ezagutzatik eta egiten jakitetik abiatuta". Eta Euskadi herri industriala izanik, plan honekin are gehiago landu nahi da, kalitatezko enplegua sortuz eta berrikuntzaren, garapen iraunkorraren eta teknologiaren aldeko apustua eginez. Arruabarrenaren esanetan, industria da lan baldintza duinak eta krisi garaian erresilienteagoak diren egitura ekonomikoak eskaintzeko "gaitasun handiena" duen sektorea.

Dokumentu honetan jasotzen diren helburu ugarien artean dago euskal industria nazioarteko erreferente gisa kokatzea. Helburu horiek lortzeko, I+G arloko konbergentzia lortu behar da Europako batez bestekoarekin, enpresa teknologikoen kopurua %10 igo behar da eta 'start-up' eko ekosistema eragile bihurtu behar gara. "Euskadi nazioarteko proiekzioa duen herria izan da beti. XXI. mendeak munduan egoteko formula berriak bilatzea eskatzen digu orain, eta zalantzarik gabe, gure enbaxadore indartsuenak gure enpresak eta langileen gaitasuna dira", esan du. Horretarako, Euskadi-Basque Country marka euskal enpresaren lan ona bermatzeko zigilu erabakigarria da. Hala, jeltzaleen ordezkariak txalotu egin du planean marka hori sustatzea eta kanpoko sarea handitzea, Japonian eta Korean bulego berriak ireki baitituzte.

 

BILDUREN OSTRUKAREN ESTRATEGIA

Ondo armatutako eta zehaztutako industria politikaren aurrean, Arruabarrenak EH Bilduren definizio eza kontrajarri du. Eztabaidari uko egiten diote eta deklarazio-politikan geratzen dira, ez dutelako eredurik. Ostrukaren estrategia. "Ez dute industria, energia, hondakin eta garraio eredurik. Hori gertatzen da dituzten barne-kontraesan guztiak piztu ez dituztelako, eta jendeak hori ikusten du. Horregatik, gaur egun ez dira alternatiba, etxekolanak geratzen zaizkielako egiteko". Legebiltzarkide jeltzaleak tentsio politika alde batera utzi eta elkarlanaren politikara pasatzeko deia egin die. "Industriaren martxa onerako faktore asko daude. Produktibitatea, lehengaien kostua, Gobernuaren politika publikoak. Baina badago bat bere esku dagoena: egonkortasun politiko eta sozialari ekarpena egitea". Arruabarrenaren arabera, askoz baliotsuagoa da konponbideak ematen dituen aktorea izatea blokeoa dakarren aktorea izatea baino.