Prentsa Aretoa

2021/11/11

EAJ-PNVk deitoratu egin du EH Bildu ETAko presoen omenaldiak arbuiatzeko Legebiltzarreko akordiotik aldendu izana

Iñigo Iturrate legebiltzarkideak bere alderdiaren gaitzespen irmoa adierazi du, eta ezker abertzaleari oinarrizko printzipio hori partekatzeko zenbat urte igaro beharko diren galdetu dio. "Bidegabea da eta gaizki dago. Hain sinplea, eta zoritxarrez hain konplikatua"

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVren talde parlamentarioak berriro adierazi du biktimen sufrimendua areagotu dezakeen ekintza oro gaitzesten duela, eta ezker abertzaleak gaur erabakitasun eta irmotasun horrekin hitz egin ez izana deitoratu du. "Giza eskubideak urratzea bidegabea dela eta gaizki dagoela esatea. Oinarrizko printzipioa da gizarte demokratiko guztietan. Eta hori onartzea ezinbesteko baldintza da partekatutako edozein proiekturentzat. Hain sinplea, eta zoritxarrez konplikatua", esan du Iñigo Iturrate jeltzaleak. Ildo horretan, EH Bilduri galdetu dio ea beste hamar urte igaro beharko diren biktimen ondoan jartzeko eta elkarbizitzarako bidea indarkeriatik ez dela eraikitzen esateko. Iturratek uste du unea dela hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta ulermen adierazpenak emaitzadun urratsetan emateko biktimei. "Bazirudien hamar urte nahikoa zirela minimo hau partekatzeko. Eta, hala ere, minaren ulermena, biktimen sufrimendua arintzeko konpromisoa, enpatia, dena gertaeren mende dago. Zenbat urte gehiago igaro behar dira orri hori pasatzeko?".

Harrera horiekin amaitzeko eskakizunak ez du EH Bilduren babesa izan, eta jeltzaleek, sozialistek eta Elkarrekin Podemos-IUk lortutako akordiotik kanpo mantendu da. "Zoritxarrez, oraindik ezinezkoa da Legebiltzarrak aho batez aldarrikatzea hau bezain oinarrizkoa den zerbait". Akordio honen defentsan, EAJ-PNVko legebiltzarkidea oso irmoa izan da bere jarreran, gizarte demokratiko orotan eta giza eskubideak errespetatzen dituen gizarte orotan egon behar duten oinarrizko hiru printzipio aipatuz. "Proiektu politiko bat defendatzeagatik edo Estatuagatik oinarrizko giza eskubideak urratzea ez da onargarria. Bidegabea da eta gaizki dago. Orain gaizki dago, eta lehen ere bai. Giza eskubideen urraketen biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubide berberak dituzte. Biktima guztiek merezi dute gure errespetua eta begirunea. Eta sufrimendua areagotzen duen edozein ekintza saihestu behar dugu", laburbildu du.

ETAko presoak goratzeko eta omentzeko ekitaldi horiekin amaitzeko eskaera ez da berria Gasteizko Ganberan. 2019ko otsailean eta 2018ko martxoan talde guztiek EH Bilduk izan ezik ekitaldi hauen amaiera eskatu zuten. Ordutik, gauzak ia ez dira aldatu eta omenaldiak egiten jarraitu dira.