Prentsa Aretoa

2021/10/14

Ponentzia parlamentario bat sortzea bultzatu du EAJ-PNVk, etorkizuneko Hezkuntza Legearen oinarriak adosteko

Hezkuntza sistema berriak ahalik eta adostasun politiko zabalenaren emaitza izaten jarraitu behar duela defendatu du Leixuri Arrizabalagak. "Gizarteari, hezkuntza komunitateari eta inplikatutako eragile guztiei zor diegu. Hezkuntza guztion zeregina da"

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bilduren proposamena babestu du gaur, Eusko Jaurlaritzak datorren urtean onartuko duen Hezkuntza Legearen oinarriak adostuko dituen lantaldea osatzeko. Horrela, Eusko Legebiltzarrak Hezkuntza Sailari lagunduko dio hezkuntza-komunitateak, eragileek eta alderdi politikoek datozen hamarkadetako euskal eskolaren eredua definituko duen araua adosteko lanean. Leixuri Arrizabalagak adierazi duenez, funtsezko tresna da gure gizartearentzat, eta lantalde horrek egin ditzakeen ekarpenak jasoko ditu. "Eragile politiko gisa, gure helburua akordioa lortzeko espazioak sortzea izan behar da. Gai izan behar dugu hurrengo hogeita hamar urteetako hezkuntzarako gida izango den esparru berri bat definitzeko. Gizarteari, hezkuntza-komunitateari eta inplikatutako eragile guztiei zor diegu. Hezkuntza herri-erronka handia da, eta garapen jasangarriaren helburuak lortzeko funtsezko eragileetako bat".

Bere hitzaldian, legebiltzarkide jeltzaleak azpimarratu du oso garrantzitsua dela 1993koa den lege bat eguneratzea, ez dagoelako prest etorkizunean izango diren erronkei eta 28 urte hauetan izan diren aldaketei aurre egiteko. "Aldaketa sozial, ekonomiko, pedagogiko eta teknologiko sakonak direla eta, gomendagarria da euskal gizarteari eta hezkuntza komunitateari Hezkuntza Lege berri bat planteatzea, etorkizuneko erronkei erantzuna emateko, eskola publikoaren papera aitortzeko eta ikaskuntzan aukera berdintasuna bermatzeko", gaineratu du. Ildo horretan, euskal hezkuntza sistema bikaintasunera eramatearen alde egin du Arrizabalagak, kalitatean, ekitatean eta modernitatean Europako erreferente bihurtzeko.

Lantaldeak babes zabala jaso du, eta adituen, eragile sozialen eta erakundeetako ordezkarien ekarpenak jasoko ditu, besteak beste. Ondoren, talde parlamentarioak akordio bat lortzen saiatuko dira, eta Jokin Bildarratzek zuzentzen duen sailera bidaliko dute, azter dezan eta etorkizuneko Hezkuntza Legea egiteko oinarritzat har dezan. "Garrantzitsua da aro berri bat irekitzea etorkizuneko hezkuntza sistema eraikitzeko prozesuan. Sistema kontsentsuaren ondorioz sortu da eta denboran iraungo du", gaineratu du.