Prentsa Aretoa

2021/04/23

Iturratek, Nazio Batuen ordezkarien aurrean, emakumeen berdintasunarekiko eta ahalduntzearekiko euskal konpromisoa azpimarratu du

Nazio Batuen Biztanleria Funtsak, UNFPA, 2021eko Munduko Biztanleriaren Egoerari buruzko urteko txostena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, "Nire gorputza nirea da" izenburupean. Aurkezpenean, Iturratek emakumeek eta neskek gorputzaren autonomiarako duten eskubide unibertsala aldarrikatu du. "Eskubide hori kentzeak desberdintasunak eta indarkeria indartzen ditu", esan du

rss Ezagutzera eman
Iturratek, Nazio Batuen ordezkarien aurrean, emakumeen berdintasunarekiko eta ahalduntzearekiko euskal konpromisoa azpimarratu du

ARGAZKIA JAITSI

Eusko Legebiltzarrak gonbidatuta, Nazio Batuen Erakundeko ordezkariek 2021eko Munduko Biztanleriaren Egoerari buruzko urteko txostena aurkeztu dute gaur, "Nire gorputza nirea da" izenburupean. Iñigo Iturrate legebiltzarkideak, Biztanleriaren, Garapenaren eta Sexu eta Ugalketa Eskubideen Taldearteko koordinatzaileak, eman dio hasiera saioari, eta bertan izan dira Beatriz Artolazabal sailburua, Jaume Nadal Roig UNFPAren Ukrainako ordezkaria eta Estela Buendía Familia Plangintzako Estatu Federazioko presidenteordea.

Iturratek emakumeen eta nesken gorputzen gaineko kontrolerako eskubide unibertsala aldarrikatu du, zigortuak edo bortxatuak izateko beldurrik gabe. Hala ere, eskubide hori behin eta berriz urratzen da mundu osoan, eta, horrela, desberdintasunak eta genero-indarkeria indartzen direla salatu du. "Neskei eta emakumeei beren gorputzari buruzko erabakiak hartzeko eta askatasunez jokatzeko gaitasuna kentzea, genero-diskriminazioak sortzen dituen desberdintasunak eta indarkeria suspertu eta indartzen ditu. Horregatik, Nazio Batuen Biztanleria Funtsak, osasuna eta sexu eta ugalketa eskubideak bermatzeaz arduratzen denak, gorputz autonomiarako eta autodeterminaziorako eskubide unibertsalean oinarritu nahi izan du aurten bere ikerketa".

EAJ-PNVren ordezkariak euskal instituzioek justiziaren eta ekitatearen aldeko borrokan egindako ibilbideari balioa eman dio, eta giza eskubideen defentsa izan da ekintza politiko guztiaren gidaria. Euskadik konpromiso sendoa du emakumeen berdintasunarekin eta ahalduntzearekin, eta gaur egun hori eragozten duten oztopoak kentzeko lanean jarraituko du. Eusko Legebiltzarrera joan diren Nazio Batuen Erakundeko ordezkarien aurrean, Iturratek esan du guztion artean, erakunde, eragile eta gizartean, "Emakume guztiek babesik gabeko sexu-harremanak izateari uko egin diezaioketen mundu bati laguntzea. Guztiek familia-plangintzarako sarbidea izan dezaten eta inor ez dadin erditu ondoren hil. Ikasketak eskolan egin ditzatela eta ez daitezela ezkondu umea izanda. Imajinatu behar ez denean eta errealitate bat denean, aurrerapauso handia emango dugu garapenerako bidean", gaineratu du.

Txostenean jasotako datuek panorama kezkagarria erakusten dute: nesken eta emakumeen %55 soilik dira gai beren erabakiak hartzeko gorputz-autonomiaren hiru dimentsioetan, nahiz eta UNFPAk aztertu dituen herrialdeen % 80k osasunaren eta sexu-ongizatearen aldeko legeak dituzten, %75ek antisorgailuetarako erabateko sarbidea bermatzen duten legeak eta %56k sexu-hezkuntza integrala babesten duten legeak.