Prentsa Aretoa
2021/04/13
EAJ-PNVk amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsaren tramitazioa azkartzeko eskatu dio Kongresuari, substantzia horrek "hiltzen jarraitzen duelako"
Kongresuak aintzat hartu du Maitane Ipiñazar jeltzaleak defendatu duen Eusko Legebiltzarraren Lege Proposamena. EAJ-PNVko ordezkariak berretsi du beharrezkoa dela lanak arintzea eta egindako lana aprobetxatzea pertsona horiekin dugun zorra lehenbailehen kitatzeko. "Ez gaitezen berriro berandu eta gaizki joan. Zor diegu. Justiziazkoa da"
Diputatuen Kongresuak aintzat hartu du astearte honetan Eusko Legebiltzarrean 2019an aho batez onartu zen lege-proposamena, zeinaren bidez Estatuari erreklamatzen baitzaio konpentsazio-funts bat antola dezala lan-bizitzan amiantoarekin kontaktuan egon diren langileentzat; substantzia oso toxikoa da, eta sintomak 50 urte baino gehiago behar izan ditzake agertzeko.
Maitane Ipiñazar legebiltzarkidearen esanetan, ekimen legegile horren tramitazioa onartzea urrats garrantzitsua da, "baina ez da garrantzitsuena", ez baita iritsiko legea azkenean onartu arte eta kaltetutako pertsona guztiak "saritu eta suspertu arte". Hori dela eta, taldeei eskatu zaie lanak arintzeko eta aurreko legegintzaldietan egindako lana aprobetxatzeko. "Premiazko erantzuna behar duen osasun arazo larri batez ari gara. Horregatik, kontuan hartzeaz gain, ekimen honek arrakasta izatea espero dugu, eta hori, jaun-andreok, zuen esku egongo da. Orain arte egindako bidea aprobetxatzeko eta etengabe aurrera egiteko ardura handia izan behar dugu, zor hori aspaldidanik baitugu zintzilik, bidean geratu diren biktima askorekin. Ez gaitezen berriro berandu eta gaizki joan. Zor diegu. Justiziazkoa da", aldarrikatu du.
Gaur egun, amiantoaren eraginpean dauden biktimek ez dute jasotzen administrazioaren aldetik ez ordainik, ez aitorpenik, ez erantzunik. Biktima horiek, gehienetan, kalte-ordainen bat jaso ahal izateko, prozesu judizial luze bat hasi behar izaten dute, eta, askotan, ezin izaten dute amaitu, lehenago hiltzen direlako. Ildo horretan, Ipiñazarrek gaineratu duenez, funts horren eraketa nahitaezkoa da Eusko Legebiltzarrarentzat, eta hala izan beharko luke Kongresuarentzat ere. "Premiazkoa da funts bat sortzea eta baliabide nahikoak ematea pertsona horien guztien sufrimendua amaitzeko edo, gutxienez, arintzeko. Aldarrikapen historikoa da, Estatu honek duen zorra, eta biktimei eta senideei lagunduko die epaitegietan borrokatu behar ez izateko, horrek dakarren kostu pertsonal eta ekonomikoa saihestuz".
Gaurkoarekin, hiru aldiz defendatu du Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza batek Madrilen amiantoaren biktimentzako kalte-ordainen funts bat sortzea. Baina prozedurazko edo epezko kontuek ezinezkoa egin dute orain arte. Ipiñazarrek azpimarratu duenez, taldeek arduraz lan egitea eta gai hau beren lehentasunen artean kokatzea espero da. "Premiaz har dezakezue edo korapilatu. Orain arte egindako lana jaso dezakezue, edo hutsetik hasi. Gure taldetik, mesedez eskatzen dizuegu zuen lehentasunen agendan kokatzeko eta izapideak bizkortzeko. Gaur egun amiantoak hiltzen jarraitzen duelako".
Legebiltzarkide jeltzaleak amiantoaren biktimen elkarte guztien lana eskertu nahi izan du, eta, bereziki, Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkartearen lana. "Eusko Legebiltzar osoaren babesarekin iritsi gara, baina baita amiantoaren biktima guztien, haien senideen eta kolektibo horren aitortzaren alde borrokan urteak daramatzaten elkarteen indarrarekin eta erabakitasunarekin ere. Haiei esker, beren borroka nekaezinari esker, hemen gaude gaur".
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15