Prentsa Aretoa
2021/03/26
EAJ-PNVk eta PSE-EEk abian jarri dute pandemia geldiarazteko Jaurlaritzak ezarriko dituen neurriei segurtasun juridikoa emango dien araua
Ekimen legegilea gaur eguerdian erregistratu dute, premiazko bidetik eztabaidatzeko. Bi alderdien ustez, bizi dugun aparteko uneak garaietara hobeto egokitutako izapideak egitera behartzen du, eta taldeen erantzukizuna eskatzen dute babes zabala lortzeko. "Birus honen aurkako borrokan denok egon behar dugu"
Covid-19 pandemia kudeatzeko neurriei buruzko Lege Proposamena
PROPOSICIóN DE LEY - 2021/03/26
Eusko Jaurlaritzari babesa ematen dioten taldeek gaur eguerdian erregistratu dute Legebiltzarrean Covid19 pandemia kudeatzeko neurrien lege proposamena. Lege mekanismo horri esker, EAEk "berme juridiko osoarekin" hartu ahal izango ditu birusaren aurrerapena geldiarazteko egokitzat jotzen dituen erabakiak. Arauaren irismena euskal eskumen-eremura mugatzen da. Zioen azalpenean adierazten den bezala, osasun publikoaren krisiari aurre egiteko neurrien lege bat izatea tresna praktikoa izango da, eta eragin eta erabilgarritasun handia izango du hainbat alderditan. Legea da, azken batean, erakundeen, eragile publiko eta pribatuen eta herritarren jokabidea antolatzeko tresnarik eraginkorrena, gure autogobernuaren adierazpenik gorena baita. "Autogobernuari ahalik eta etekin handiena ateratzen ari gara, eta, horretarako, gure eskumen guztiak garatzen ari gara, birus horren aurkako borrokaren zerbitzura jarriz".
Osasunari buruzko 14/1986 Lege Orokorra da Eusko Legebiltzarra era horretako gaietan esku hartzeko gaitzen duen lehen arau arrunta; izan ere, legegintza-garapena eta haren betearazpena gauzatzean, legegile autonomikoa izango da pertsonen osasunerako arrisku larria edo berehalakoa duten egoerei erantzungo diena. Horrela, euskal erakundeek jarduteko legezko mekanismoak izatea ahalbidetuko du legeak.
Arau hau idazteak oso argi uzten du ez gaudela edozein epidemia-egoeratan aplikatu beharreko lege orokor baten aurrean. Pandemia honen ondoriozko premiazko beharrei erantzuten die, bereziki. "Ezin da etorkizuneko beharretara eta izugarri aldakorretara egokitzeko moduko eskema malguak hausnartzeko eta diseinatzeko prozesuen zain egon. Lege zehatz bat behar dugu egoera zehatz baterako". Izan ere, epidemia bakoitzaren berezitasunek (transmisioa, birulentzia, inkubazioa, kutsagarritasuna edo morbilitatea) zail egiten dute pentsatzea SARS-CoV-2 birusaren aurka borrokatzeko balio duten konponbideek beste osasun-krisi mota batzuei erantzuteko ere balio dezaketela.
PRESAKO IZAPIDETZEA
Talde jeltzaleak eta sozialistak presazko tramitazioa eskatu dute pandemiari eusteko, eta, ondorioz, ohiko prozedurarako ezarritako denborak erdira murriztu dira. "Gure nahia da ekimen legegile hau bilkura-aldia amaitu baino lehen onartzea, azken osoko bilkura ekainaren 24an egingo baita. Horretarako, ezarritako epe guztiak erdira murriztu behar dira. Birusak aurrera egiteak berehala jarduteko beharra justifikatzen du". Proposamen honen sinatzaileek, Luis Javier Telleriak EAJ-PNVren aldetik eta Ekain Ricok PSE-EEren aldetik, oposizioko talde guztiei babes zabala lortzeko erantzukizunaren aldeko deia egin diete. "Erantzun seguru, eraginkor eta arinez ari gara oso une zailetan. Gure ahaleginak elkar ulertzeko eta batasuna bilatzeko giro egokia sortzera bideratuko dira, eta jarrera eraikitzaile hori bera espero dugu gainerakoengatik. Birus horren aurkako borrokan denok egon behar dugu", adierazi dute.
LEGEAREN ARTIKULUAK
Proposatutako legea sei titulutan egituratzen da, eta honako hauek jasotzen dituzte, hurrenez hurren: xedapen orokorrak, osasun-larrialdiko egoeraren erregulazioa, babes-erakunde eta -sistema publikoen antolamendua, osasun-larrialdia kudeatzeko osasunari buruzko informazio-sistema integrala, bost alerta-mailetako bakoitzerako neurri orokorrak eta espezifikoak eta zehapen-araubidea. Esparru horretan, arauak bost agertoki, sei adierazle epidemiologiko eta arrisku maila bakoitzari egokitutako osasun eta prebentzio neurriak aurreikusten ditu. Hala, Eusko Jaurlaritzak Euskadin deseskalatzea gidatzeko diseinatutako Bizi Berri Plana artikuluetan jasotzen da, eta haren helburua da intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 60 kasutik behera kokatzea. Une horretan, alerta-mailarik baxuenarekin bat datorrenean, pandemiari eusteko neurriek indarrean egoteari utziko liokete. Neurri horien eta Covid-19aren bilakaeraren berri eman beharko dio Gobernuak Legebiltzarrari 15 egunean behin. Artikuluek ezartzen dute, gainera, Euskadik Labiko Batzorde Tekniko bat edo krisi hau kudeatzeko laguntza teknikoko talde bat izango duela, Lehendakariak izendatu eta zuzenduko duena.
Lege-proposamenak bere zehapen-araubidea du, eta segurtasun juridikoa eta eraginkortasuna ere indartzen lagunduko du. Besteak beste, agintaritza eskudunak bere xedapenak urratzen dituztenei ezarri ahal izango dizkien diruzko zehapenen gehieneko eta gutxieneko zenbatekoak jasotzen ditu.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15