Prentsa Aretoa

2020/12/16

EAJ-PNVk uste du Eusko Jaurlaritzak ez duela ihes egiten utziko Europako laguntzak jaso ditzakeen proiekturik

Itxaso Berrojalbizen esanetan, euskal erakundeak, eragile sozial eta ekonomikoekin batera, gogor ari dira lanean Euskadik ahalik eta baliabide gehien lor ditzan. "Pizgarri izango dira gure ekonomiarentzat eta gure politika publikoentzat. Gizarte gisa eraldatzeko aukera berriak dira"

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak bilera monografikoa egin du gaur, Euskadik Covid-19aren krisiaren ondoren susperraldirako Europako funtsak eskuratzeko dituen lehentasunezko proiektuei eta estrategiari buruz eztabaidatzeko. Itxaso Berrojalbiz legebiltzarkidearentzat, laguntza horiek erantzukizun eta erronka handia dira, zirkulazioan jarriko den diru kopuruagatik eta hori kudeatzeko behar den lan-sistema konplexuagatik. "Erronka handi baten aurrean gaude, eta horren kudeaketaren menpe egongo da gure etorkizuna. Galdera asko ditugu oraindik argitzeko, baina ziur nago hemen gauden guztiok nahi dugula Euskadik ahalik eta baliabide gehien lortzea. Funts horiek lehenbailehen aktibatzea eta gure ekonomiarentzat eta gure politika publikoentzat pizgarri izatea nahi dugu. Pizgarri bat gizarte osoarentzat, gizartea eraldatzeko. Ziur jakin badakigula laguntza kopuru handi honen kudeaketa zaila izango dela eta lan handia, elkarrizketa handia eta esfortzu asko beharko direla", esan du. Hala, Eusko Jaurlaritzak laguntza jaso dezakeen proiekturik “alde batera ez uzteko" uste osoa duela adierazi du, besteak beste, "Gure industria, sektore estrategikoak, gure ahalmenak eta ahulguneak eta gure erakundeak ezagutzen dituelako", eta horiekin guztiekin lanean ari delako, parte-hartzea, elkarrizketa eta entzutea oinarri hartuta. "Ez zaio inori bizkarra eman, nahiz eta askok, nahita, irudi oker hori euskal gizarteari helarazten saiatu. Ez da iluntasunetik jardun; izan ere, prozesu horretan egon dira eta daude egon behar duten eragile guztiak, funts horien onuradun izan daitezkeen guztiak eta ondorengo kudeaketan parte hartuko duten guztiak".

Puntu honetan, Berrojalbizek Euskadiren parte-hartze aktiboa eskatu du, eta Espainiako Gobernuak prozesu deszentralizatu eta elkarlan bat diseinatzeko nahia agertu du, autonomia erkidegoek hitza eta botoa izan ditzaten. "Aurrekaririk ez duen diru kopuru batez ari gara, zalantzarik gabe, administrazioen arteko eta Europarekiko koordinazio eta lankidetza ahalegin handia eskatuko duena. Talde-lana eta elkar ulertzea eskatzen dugu".

AKORDIORAKO DEIA

Oraindik galdera asko erantzun gabe dauden arren, abenduaren 29an, Gobernu Kontseiluan, Euskadik Europako funtsak lortzeko proiektuen zerrenda onartuko du, Next Generation EB planaren esparruan. Legebiltzarkide jeltzaleak esan duenez, bi aste eskas falta dira herri proiektu estrategiko eta bizi baten alde elkarrekin lan egiten jarraitzeko. "Proiektuekin asmatzen badugu eta eskutik helduta bagoaz, gizarte honek asko irabaziko du. Ez du Gobernu honek irabazten, ezta ordezkatzen dudan alderdiak ere, Euskadik irabazten du eta argi izan behar duzue". Elkarrizketa faltagatik eta iluntasunagatik EH Bilduk egindako kritikei dagokienez, Berrojalbizek dena eztabaida politikorako gai bihurtzeari uzteko eskatu die. "EH Bildu Euskadiko bigarren indar politikoa da, eta gizartearen onerako, bere jarrera bestelakoa izatea desiragarria litzateke. Eszenaratzetik proposamenera, lankidetzara eta akordiora igarotzea ". EAJ-PNVko ordezkariak koalizio abertzaleari eskatu dio Madrilen eta Nafarroan aurrekontuen negoziazioan erakutsi duten jarrera kolaboratzailea Euskadira ere ekartzea, "Partida beti baita hobea etxean hastea".