Prentsa Aretoa

2020/11/12

EAJ-PNVk Gasteizen eta Madrilen egindako diskurtsoen arteko “kontraesanak” adierazi dizkio EH Bilduri eta Podemosi

Itxaso Berrojalbiz legebiltzarkideak Podemosi eskatu dio Sanchezen Gobernuari eska diezaiola Euskadirentzat eskatzen duen erreforma fiskala, eta EH Bilduri, berriz, Diputatuen Kongresuan iragarri duen lankidetza jarrera izan dezala

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Diskurtso desberdinak, eskaera desberdinak eta jarrera desberdinak, gauden lekuaren arabera: Madrilen edo Gasteizen. Itxaso Berrojalbiz EAJ-PNVko legebiltzarkideak horixe nabarmendu nahi izan du gaur goizean Elkarrekin-Podemosek eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean dituzten jarrera politikoen inguruan. Berrojalbizek kontraesan nabarmenak aurpegiratu dizkie bi taldeei, eta koherentzia eskatu die euskal erakundeei defendatzen eta eskatzen dietena Estatu espainiarreko erakundeei ere helarazteko. Logikatik ihes egiten du, aurrekontu sozialagoekin eta fiskalitate aurrerakoiagoarekin hemen Madrilen baino, "deskalifikatu eta arbuiatu egiten gaituzte", esan du.

EH Bildu Aurrekontuak

Koalizio abertzaleari dagokionez, EAJ-PNVko ordezkariak zoriondu egin ditu "Espainiako politikara iritsi berria" dela eta; izan ere, jeltzaleek lau hamarkada baino gehiago daramatzate lanean, eta gaur egun aktibo politiko bat gehiago izan nahi dutenen irainak ere jaso dituzte. "Ongi etorri, berandu bada ere. Orain, Estatuko aurrekontu orokorrak babestuko dituzuela dakigunez, dilista plater baten truke ere saltzen zaretela esan genezake, baina ez gara zuen lehian sartuko erabakigarriena nor den ikusteko. Hori ez da gure estiloa. Euskadirentzat ona den guztia txalotzen dugu".

Bildu Pedro Sanchezen Gobernuaren aurrekontuen alde bozkatzeko prest dagoela jakinda, Berrojalbizek babes horrek sortzen dion harridura eta inkoherentzia azpimarratu ditu. Elkarrizketarako ateak ixten ari dira Euskadin, Madrilen zabaltzen ari dira, hemengo aurrekontuak aurrerakoi eta sozialagoak direnean, gaitzetsi du. "Berdin jokatuko duzue Gasteizen, Nafarroan eta Madrilen? Ez, argi dago ezetz; izan ere, han, Madrilen edo Nafarroan, Euskadin dauzkagunak baino aurrekontu ez hain sozial eta aurrerakoiekin, lankidetzan eta adostasunean aritzeko eskaintzen zareten bitartean, hemen zangotrabak eta danbatekoak besterik ez ditugu. Madrilen aurrekontuei baiezkoa ematen diezuen bitartean, hemen prest izango duzue osoko zuzenketa, elkarrizketarako aukerarik eman gabe eta zenbakiak ikusi gabe, hemen berriro diot, aurrerakoiagoak eta sozialagoak direnean. Madrilen ere ez duzue kontu publikoen xehetasunen berri izan, erantzuna argi zegoelako eta antzezpena oso ondo planifikatuta zegoelako". Hala, arrabola nori aplikatzen dioten eta betoak nork jartzen dituen galdetu du. "Alderdiak beren ekintzengatik epaitzen dira, eta zuenak ikusita, susmoa daukat EAEko aurrekontuetan izango duzuen jarrera ez dela Sanchezekin duzuen bezalakoa izango". Nahiago nuke oker egotea, amaitu du.

ELKARREKIN PODEMOS ZERGA-SISTEMA

Ildo horretan, eta koalizio moreak Eusko Legebiltzarrean zergen ereduari buruz bultzatu duen eztabaidaren harira, Berrojalbizek erreforma fiskalaren proposamena "oportunismo politikoz betetako eguzkiari aupada" dela esan du, eta eztabaida hori Eusko Legebiltzarrera ekartzea gaitzetsi du, Podemosek parte hartzen duen Espainiako Gobernuak uko egin dionean, eta hemen fiskalitate progresibo eta justuagoa dugunean. "Harritu egiten gaitu Euskadin Elkarrekin Podemosek premiazko zerga-berrikuspena beharrezkoa dela ikusteak, eta Espainian ez. Harritu egiten gaitu Espainiako Gobernuak esku-hartze horri uko egin eta egungo osasun eta ekonomia krisia gainditu arte itxarotea eskatzen duen bitartean, hemen behin eta berriz eskatzea. Zergatik da hemen, sistema justu eta bidezkoago batekin, premiazkoa zerga-erreforma bat egitea eta lurralde erkidean ez? Legebiltzarkideak azaldu duenez, eredua aldatu aurretik, "lehenik eta behin aztertu behar da azken erreforma fiskalak, berrikusteke dagoenak, susperraldi ekonomikoa, enpleguaren sorrera eta zerbitzu publikoen mantentzea sendotzen lagundu duen, horiek baitira erreforma orok lortu behar dituen helburuak". Nolanahi ere, horren inguruan dugun jarrera argia dela esan du: "zerga eredu justu, progresibo eta ekitatiboa nahi dugu. Euskadi solidarioagoa eta justuagoa lortuko duen fiskalitatea".

Amaitzeko, Berrojalbizek Elkarrekin Podemosi gogorarazi dio zerga-politika ez dela Legebiltzarraren eskumenekoa, hiru Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiena baizik, eta esku-sartzerik ez egotea eskatu du. "Legebiltzar honek ez du eskumenik eta, beraz, ezin du berea ez den eremu bat oztopatu. Errespetatu, mesedez, erakunde bakoitzaren eskumen-eremuak".