Prentsa Aretoa

2020/11/12

EAJ-PNVk EH Bilduren demagogia eta arduragabekeria politikoa salatu du Donostialdeko metroaren lanak gelditu nahi izateagatik

Irune Berasaluze legebiltzarkideak uste du koalizio soberanistak "betiko eslogan berarekin" jokatzen duela, eta historikoki herritarren ongizatea hobetzea helburu duten hainbat obra publikoren aurka dagoela

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Irune Berasaluze EAJ-PNVko legebiltzarkideak EH Bilduren demagogia eta arduragabekeria politikoa salatu du, Donostialdeko metroaren pasabidearen eraikuntzan egiten ari diren lanak erabat geldiaraztea eskatzeagatik. Jarrera bat –adierazi du ordezkari jeltzaleak – koalizio subiranistak historikoki eusten duena euskal herritarren ongizatea hobetzea helburu nagusi duten hainbat eta hainbat obra publikoren aurrean.

Berasaluzek, ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean egindako osoko bilkuran, adierazi du horrelako obren aurka agertzea, alternatiba bakar bat eman gabe eta Covid-19aren pandemiak eragindako arazoei gastua lehenesteko aitzakia bakarrarekin, benetako "arduragabekeria politikoa" dela, are gehiago, obrak "oso aurreratuta" daudenean, egindako igarobidearen indusketaren % 90arekin. "Horrelako indusketetan ezinezkoa da lursailaren ezaugarriak osorik ezagutzea, eta, beraz, gerta liteke zailtasunak sortzea hura egin bitartean; kasu honetan, zehazki, obra osoaren % 10 baino ez dira. Zailtasunen aurrean, erakundeek konponbideak eman behar dituzte. Obra honetan proiektuaren zati bat egokitu daiteke, eta berriro lizitatuko da, legea betez eta gardentasun osoz jokatuz", zehaztu du.

Ildo horretan, jeltzaleen ordezkariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak beti arduraz jokatzen duela politika publikoen kudeaketan, eta, beraz, Donostialdeko metroaren igarobidea egiten jarraituko duela eta garapen iraunkorraren aldeko apustua egiten jarraituko duela. "Azken hamarkadetan emandako pausoak oso emankorrak izan dira arlo askotan, baina oraindik asko dago egiteko. Argi dugu gaur egun ingurumen-kalte handienetako batzuk mugikortasun-ereduaren ondorio direla. Garraio sistema oso kutsakorra dugu eta aldatu egin behar da", esan du.

Hala, Berasaluzek esan du Donostialdeko metroaren lanak, "Zalantzarik gabe", aurrerapauso handia izango direla mugikortasun iraunkorrerako, ez bakarrik Donostiarako, baita Gipuzkoa osorako ere. "Gure gizarteak mugikortasunerako gaitasuna eta aukerak bizi-kalitatearen faktore gisa ikusten ditu, eta horregatik oso beharrezkotzat jotzen dugu trenbide sare egokia izatea", gaineratu du.