Prentsa Aretoa

2020/11/10

EAJ-PNVk Memoriaren Eguna ospatu du, gazteei errespetuaren, duintasunaren eta Giza Eskubide guztien defentsaren balioak transmititzeko beharra azpimarratuz

Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzalearen hitzetan, "Etorkizun baketsua eta adiskidetua izateko ezinbestekoa da belaunaldi berriek herri honetan bizi izan den indarkeria eta terrorismo historia ezagutzea. Etorkizuna elkarrekin eraiki nahi dugu, iraganeko orrialde guztiak ondo irakurriz"

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

"Belaunaldi berriak inplikatzea eta laguntzea, herri honetan bizi izan zen minaren, indarkeriaren eta zatiketaren iragana ezagutu dezaten". Horrela laburbildu du Iñigo Iturrate legebiltzarkideak Memoriaren Eguna gogoratzeko jardunaldiaren helburua. Ekitaldi horretan, Iñigo Urkullu lehendakaria, Beatriz Artolazabal sailburua eta Bakartxo Tejeria Ganberako presidentea izan dira buru. Alderdi guztietako ordezkariak, PP+C 's eta Vox izan ezik, ondoan izan dituzte lore-eskaintzan, goizeko lehen orduan, eraikinaren kanpoaldean. Segurtasun neurri guztiak betez, ekitaldia ordezkari talde txiki batek egin du, besteak beste, Iñigo Iturrate eta Joseba Diez Antxustegi jeltzaleek.

Eusko Jaurlaritzak egun hau ospatzeko aukeratu duen leloarekin bat eginez (Atzera begiratu aurrera jarraitzeko. Mirar hacia atrás para seguir adelante), Iñigo Iturratek belaunaldi berriek minaren historia berriaren eta euskal gizartean izan duen eraginaren berri izan dezaten eskatu du, "Iraganeko akatsak ez ahazteko eta ez errepikatzeko". ETAk indarkeriaren amaiera dekretatu zuenetik bederatzi urte igaro direnean, gazte askok ez dute ezagutzen gure herriaren historiako gertaera dramatiko hori, eta, horregatik, aurten, hain zuzen ere, haiengan jarri da fokua. "Etorkizun baketsua eta adiskidetua izateko ezinbestekoa da historia ezagutzea eta duintasunaren, errespetuaren eta Giza Eskubide guztien defentsaren balioak lantzea Etorkizunari iraganetik begiratzen dion herrialde berri bat elkarrekin eraikitzea proposatzen diegu, adiskidetzean aurrera egiteko iraganeko orri guztiak ondo irakurri behar direlako", adierazi du Iturratek.

Egia da Euskadik iragan bortitza atzean utzi duela, baina horrek ez du esan nahi terrorismoaren "legitimazio" oro baztertzen duen memoria kritikoa eduki behar ez denik. Alderantziz. Ildo horretan, EAJ-PNVko ordezkari eta Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordeko bozeramailearen ustez, "Inoiz ez da egon eta ez da egongo arrazoirik" pertsonen bizitzaren eta duintasunaren aurka egitea justifikatzeko. "Giza eskubideen urraketen zentzugabekeria argi eta garbi salatzeko eta iraganeko akatsak ez errepikatzen lagunduko digun memoria kritikoa eskatzeko eguna da gaurkoa. Sufritu duten pertsona guztiei zor diegu. Gaur zer gertatu zen esateko eguna da, ez zen bidezkoa izan, eta ez zen inoiz gertatu behar". EAJ-PNVk biktimei dagozkien egia, justizia, memoria, erreparazio eta elkartasun eskubideekiko konpromisoa berretsi du, "Bazterketarik eta parekatzerik gabe" eta indarkeriaren erabilera justifikatzen duen edozein teoria erabat baztertuz.