Prentsa Aretoa

2020/07/04

Urkulluk hitzeman du Euskadi kokatuko duela genero berdintasun handiena ematen den Europako herrialdeen artean

Lehendakariak Bilbon iragarri du %30 igoko duela emakumeen kontrako indarkeriari aurrea hartzeko eta emakumeak artatzeko inbertsioa. “Berdintasuna izango da Euskadi mundura eramateko aurkezpen-txartelaren parte bat”, esan du

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Lehendakari eta berrautaketara aurkezten den hautagai Iñigo Urkulluk gaur goizean Bilbon aurkeztu ditu Euzko Alderdi Jeltzaleak berdintasun alorrean planteatzen dituen konpromisoak. Urkulluk adierazitako erronken artean dago Euskadi kokatzea genero berdintasun handiena duten Europako herrialdeen artean. “Herri-helburu bat da, letra larriz idatzitako helburua”, baieztatu du Arabako zerrendaburuak, Bilboko A-25 Plazan egin den ekitaldian. Ekitaldiko beste hizlariak izan dira Inmaculada Boneta, I. Legealdiko legebiltzarkide jeltzale izandakoa, eta Maitane Ipiñazar Bizkaiko legebiltzarkide jeltzale eta berrautaketara aurkezten den hautagaia.

Bonetak gogora ekarri duenez, 1980an, Eusko Legebiltzarra lehen aldiz eratu zenean, bost emakume legebiltzarkide baino ez zeuden , “eta horietako lau EAJ-PNVkoak ginen. Ezkerretik eta eskuinetik entzun behar izan genuen `lorontzi´ hutsak ginela. Orduko `progreek´ ere esan ziguten hori. Ezin ziren okerrago egon”, gogoratu du Bonetak. Ipiñazarrek, bere aldetik, Bonetari eskertu dizkio, emakumeei politikagintzan ematen zitzaien eginkizuna bigarren mailakoa zelarik, garai hartan erakutsi zituzten ausardia eta konpromisoa. “Izan zirelako gara, eta garelako izango dira. Hainbat urrats eman beharko ditugu oraindik, eta eman egingo ditugu, baina azken 40 urteotan bai egin dugula aurrera! Azken legealdian, Legebiltzarrean, emakumeak izan dira gehiengoa”, baieztatu du Igorreko legebiltzarkideak.

Erantzukizun publikoak eta barnekoak dituzten EAJ-PNVko emakumeen ordezkari ugari egon dira ekitaldian, horien artean, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Gipuzkoako zerrendaburua, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko zerrendaburua, Itxaso Atutxa BBBko presidentea edo Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea.

Euskadi berdintasunen alorrean aurreratuen dauden Europako zortzi herrialdeen artean kokatu ahal izateko, Lehendakariak %30 igoko du emakumeen indarkeriari aurrea hartzeko eta emakumeak artatzeko inbertsioa. Urkullurentzat, “berdintasunaren aldeko lana talde-lantzat jotzea ezinbesteko baldintza da benetako aukera berdintasunerako. Gizarte kohesioaren oinarria da”. Lehendakariak baieztatu du EAJ-PNVk lehenetsiko duela Eusko Legebiltzarrean Berdintasunerako legearen aldarazpena. “Gure helburua da berdintasun alorreko aurrerapena finkatzea, erronka berriei erantzuna ematea eta indarkeria matxistaren kontrako urrats sendoak ematen jarraitzea”.

Ekitaldian aurkeztu ditu Lehendakariak Euzko Alderdi Jeltzaleak esparru horretan planteatzen dituen konpromisoak. Urkulluk kontziliazioa proposatzen du, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako arreta eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak artatzeko zerbitzuak indartuz. Era berean hitzeman du bide berriak arakatzea gizon gehiago umeak eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzera dedikatu daitezen. Urkulluk ildo beretik proposatu du berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizimodua herri itun bihurtzea, erakunde, enpresa, hedabide eta gizarte eragileen arteko aliantzak indartuaz. Eta berdintasunerako lana hezkuntza esparruan adin goiztiarretik hastea aldeztu du `Nahiko´ programaren bidez. Soldata-arrakalaren kontrako estrategia ere izango da EAJ-PNVren arduretako bat. “Berdintasunak”, nabarmendu du Urkullu “izan behar du Euskadi mundura eramateko aurkezpen-txartelaren parte bat. Ez dago kohesio sozialik, ezta garapen jasangarririk, berdintasunik egon ezean”.