Prentsa Aretoa
2020/07/02
EAJ-PNVk alderdikideak eta alderdizaleak animatu ditu igandean Zaldiaran, Serantes eta Ernio mendietara igotzera eta handik azken 40 urteotako hauteskunderik garrantzitsuenetan parte hartzeko deia egitera
Talde jeltzaleak kanpainako ekitaldi nagusia egingo du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru mendi hauetan, hiruretan aldi berean egingo den ekintza hau osasun gomendioekin bat dator, eta euskal herritarrok hurrengo urteotan egin beharko dugun esfortzua irudikatzen du
2020.07.02_Andoni Ortuzar. Ekitaldia Azpeitian
HITZALDIA - 2020/07/02
“Baietz! EAJ mendira igoko da”. Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, gaur arratsaldean Azpeitian argitu du EAJ-PNVk atzo arratsaldean bere gizarte sareen bidez zabaldu zuen iragarpenaren inguruan zegoen misterio txikia. Talde jeltzalea mendi batetara baino, hiru menditara igoko da igandean: Zaldiaranera Araban, Serantesera Bizkaian eta Erniora GIpuzkoan. Han, hiru gailur horietan egingo du Euzko Alderdi Jeltzaleak datorren igandean, uztailak 5, 12:00etan, hauteskunde kanpaina honetako ekitaldi nagusia. Euskadiko hauteskundeetan sekula egin ez den ekitaldia izango da. Eta Covid-19aren pandemiaren ondorioz indarrean jarri diren osasun gomendioak betez egingo da. Horregatik, oraingo honetan, alderdikide eta alderdizale jeltzaleak ez dira BECen edo Casillan elkartuko, aurrekoetan egin duten bezala. Oraingo honetan, alderdikide eta alderdizale jeltzaleak deitu dituzte mendiko botak janztera, hamaiketakoa prestatzera, kantinplora betetzera, txanoa edo txapela buruan jartzera eta azala babesteko krema ematera (eguraldia ona izango omen da), eta taldean Zaldiaran, Serantes edo Erniora igotzera. Tontor bakoitzean hitz egingo du mendi bakoitza kokatuta dagoen Herrialde Historiko horretako zerrendaburuak: Leixuri Arrizabalagak Serantesen, Bakartxo Tejeriak Ernion eta Iñigo Urkulluk Zaldiaranen, orden horretan. EAJ-PNVk hiru hitzaldiak zuzenean eskainiko ditu bere gizarte sareen bidez.
Talde jeltzalea erabaki hau hartzera zerk eraman duen? Arestian esan bezala, EAJ-PNVk proposatzen duena gaur egungo osasun egoerarekin bat datorren ekitaldia delako; mendira igotzeak, euskal herritarrok gogokoen dugun jarduera izanik, euskal gizarteak hurrengo urteotan krisiari aurre egiteko egin beharko duen esfortzua irudikatzen duelako, taldean egin beharko dugun erronka,denok kordada berean, inor atzean gera ez dadin; eta, hiru gailur horietatik, deiadar mendien tradizioa gogoratuz, EAJ-PNVk euskal hiritargo osoa deitu nahi duelako Andoni Ortuzarren hitzetan “Euskadin azken 40 urteotako hauteskunde garrantzitsuenak izango direnetan parte hartzera”. Parte hartzaile bakoitzaren hautua da nondik era zer ordutan irtetea, garrantzitsuena baita igandean, uztailak 12, eguerdiko 12:00etan, parte hartzaile guztiek hiru gailurretan bat egitea.
Azpeitian egin den ekitaldian, Ortuzarrek baieztatu du EAJ-PNVk ez duela bilatzen beste eragile politiko eta sozialekin inongo gatazkatan sartzea, are gutxiago une honetan, krisi egoera honek batasuna eskatzen duenean. “Herri txiki handia gara, onena egiteko gai gara, baita txarrena egiteko gai ere bai. Gure historia nahaste bat da, balore positiboak (auzolana, Zalduntxoak eta Ilustrazioa, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Euskaltzaindia, kooperatibismoa, gure erakundeak…) nahasten dira garai beltzekin (bando-gerrak, guda karlistak, 36koa, ETA…) . Argi dago gaur egungo euskal gizarteak horietako zein nahiago duen. Batasuna da. Bakoitzak bere aldetik laguntzea. Auzolana”, esan du jeltzaleen buruak, eta jarraian dei berezi bat egin nahi izan du “erakunde politiko,sindikal eta sozialei, auzolanean lan egin dezagun, elkarlanean lan egin dezagun Euskadi atera dezagun bidean datorkizun proba latz honetatik. Hauteskunde hauetatik irtengo diren euskal erakundeek izan behar dute krisitik ateratzeko motorea, eta ez `kilker-kaiola´ bat,ezta bando-gerraren errepikapena ere”. Eta dei hau enfasi bereziarekin egin die “beren burua abertzale jotzen dutenei”. “Deia eginda dago, EAJren eskua luzatuta dago”, esan du.
“Gu ez gara gatazkara joango, mendira joango gara”, baieztatu du Ortuzarrek jeltzaleen misterio txikia argitu baino lehen. “Euskal herritarrentzat mendia sinbolo bat da. Askatasuna da, nork bere burua hobetzeko ahalegina egitea, Osasuna. Luzaro, politikarako gune ere izan zen: deiadar mendietatik deitzen ziren Batzar Nagusiak eta diktadura garaian mendizaleak bertan elkartzen ziren ideia demokratiko eta abertzaleak transmititzeko. Mendira igotzea oso gustuko dugun herria gara. Mendira igotzea gogoko dugun alderdia gara. Eta horixe da igandean egingo duguna. Beraz, denok mendirako oinetako eta botak ateratzera …. eta gailurra jotzera!!!. Igandean gailurra jo behar dugu, baina , batez ere, gailurra jo behar dugu hurrengo igandean. Uztailaren 12an ikurrina gorenean jarri behar dugu. Uztailaren 12an, EAJren eskutik, Euskadiren etorkizuna hasiko da”, amaitu du.
Gipuzkoako zerrenda buruak EAJren proiektua aldarrikatu du, “Euskadin hasi eta amaitzen dena, Euskadi dugulako proiektua”. Hautagai jeltzalearen hitzetan, “pairatzen dugun krisialdi honetan, gurea bezalako proiektu abertzale batek inoiz baino indar handiagoa du, komunitate politiko bateko kide izatearen zentzuak elkartasuna garatzen eta eraginkorrago bihurtzen duelako”. “Argi daukagu zer garen eta zer nahi dugun: abertzaleak gara eta bere buruaren eta etorkizunaren jabe den Euskadi indartsu, solidario eta justua nahi dugu”, azaldu du; “horregatik, kontzertu politiko eta sozial berri bat proposatzen dugu, hobeto bizitzeko eta elkarrekin bizitzeko”.
Agerraldian, Bakartxo Tejeriak “EAJk emandako hitza bete duela” azpimarratu du. Eta “emaitzak begiratzea besterik ez” dagoela gaineratu du, datuak emanez: “langabezia % 10etik behera jaisteko konpromisoa hartu genuen eta% 12,7tik % 9,3ra igaro ginen. 20.000 gaztek lehen lan-aukera izango zutela agindu genuen, eta 27.000 baino gehiago izan dira. 100 ikerketa-proiektu estrategiko garatzea hitzeman genuen, eta 2019ko amaierako kopuru hori gaindituta zegoen. Berotegi-efektuko gasen isurketa % 20an murriztea; eta % 21,7an murriztu da. Eskola uztearen tasa % 8tik behera kokatzea; eta % 6,7an dago. Euskadiko pobrezia-tasa % 20a jaistea; eta % 31a jaitsi da”.
Joseba Egibar GBBko presidenteak ere hartu du parte Azpeitiko ekitaldian, eta berak uste duenez, "birusak bere lekuan jarri du mundu guztia”. Eta euskal "oposizio politiko-sindikalari" dagokionez, ondorioa hauxe da: "Ez da egon –Ezta gutxiego ere- momentuak eskatzen zuen eta eskatzen duen mailan". "Nahiak eta errealitatea nahastu dituzte, eta pandemia EAJren hauteskundeak suntsitzeko elementu gisa erabili dute; interes kolektiboa, ondasun komuna, babestea eta defendatzea den politikaren printzipio gidaria, ahaztuz eta sakrifikatuz", azaldu du.
Sindikatuen eta ezker abertzaleen jarrera eta adierazpenak –Joseba Egibarren ustez– estrategia horren erakusle argia dira. "Zalantza garbia: argi dago boterea lehiatzera datozela". "Boterearen aldeko borrokak mugiarazten die, eta euren proiektua aurrera eramateko modurik zuzenena EAJ mugiaraztea da". Jarrera horren aurrean, Egibarrek defendatu du EAJk bere jardunaren erdigunean jartzen dituela pertsonak, haien eskubide ekonomiko, sozial eta politikoak. Gure helburua da "pertsonak zaintzea, ekonomia eta enplegua suspertzea, natura eta ingurumena zaintzea, indarrak batzea eta aurrera ateratzeko zutik jartzea".
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15