Prentsa Aretoa

2018/05/24

Joseba Egibar: “EAJk ez du berarentzat ezer negoziatzen; gu fiskalizatu baino, demostratu ezazue politikan zerbait gehiago egiten badakizuela”

Bozeramaile jeltzaleak galdetu du ea nor saiatu den Kataluniako egoera aldatzen eta 155.artikuluaren aplikazioa ekiditen, EAJ izan ez bada. “Ez dugu lortu, egia da, baina beste inor ez da saiatu. Gure saiakerak zintzoak eta handiak izan dira, eta halaxe jarraituko dute, baina gure influentzia-ahalmenak badauzka bere mugak”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“EAJk ez du berarentzat ezer negoziatzen. Ez du bere interesetan pentsatzen, baizik eta Euskadiren interesetan. Erraza litzateke besteei eskatzea ateak irekitzeko, baina jeltzaleok ez dugu hori egiten: saiatzen gara ateak guk geuk irekitzen eta aukerak sortzen politikan eragiteko eta politika aldatzeko”. Halaxe deskribatu du Joseba Egibar bozeramaile parlamentariak Estatuko Aurrekontu Orokorrei babesa emateko bere alderdiak egindako prozesua. Norekin negoziatu, kasu honetan PPrekin, ez dago gure esku. “Guk Madrilen aurka bozkatu genuen. Mariano Rajoy izendatzeari ezetza eman genion; bazegoen aukera bat, eta ondo daki hori Elkarrekin Podemosek. Aukera hori baztertu egin zuten, euren estrategiak tarteko”. 

Egibarrek EH Bilduri, Elkarrekin Podemosi eta PSE-EEri eskatu die ez dezatela EAJ-PNVk politikan egiten duen mugimendu oro kontrolatu, eta erabili dezatela beren denbora euskal herritarren interes orokorren alde lan egiteko. “Badirudi EAJrekiko dependentzia daukatela politika egiteko. Izan zaitezte libre, ez ibili uneoro gu fiskalizatzen, eta erakutsi ezazue politikan zerbait gehiago egiten ere badakizuela. Hala ere, aitortuko dizuet gure alderdiaren arrastoa jarraitzea ez dela txarra izaten”, iradoki du. 

Bozeramaile parlamentariak aitortu du “ez dugula emandako hitza bete”, eta galdetu du ea nor saiatu den “jeltzaleez gain” Kataluniako salbuespenezko egoera eraldatzen. “Desjabetze politiko eta instituzional baten aurrean gaude, estrategia bikoitza duena: 155ak mugak ezartzen dizkio Kataluniari, baina baita Euskadiri ere, eta estrategia penalaren helburua da politikarien belaunaldi oso bat espetxeratzea. Erre behar bagara, erre egingo gara”. Ahal beste ahalegindu gara, gaineratu du, inork horretara behartu ez gaituenean; eta ez dugu lortu. “Hori da gure bekatua, eta autokritika egiten dugu, baina beste inor ez da saiatu. Gogor eta zintzo saiatu gara, eta halaxe jarraituko dugu, baina eragiteko dugun ahalmenak ere bere mugak dauzka”.