Prentsa Aretoa

2017/06/21

Espainiako Gobernuak Polizia Gehiegikerien Legea errekurritzean borondate politiko eta konpromiso eza erakutsi duela salatu du EAJ-PNVk

Iñigo Iturrate legebiltzarkideak gaur egun Espainiako Gobernuaren jarreragatik birritan zigortuak diren biktimei ordaina eskaintzeko behar den arauaren segurtasun juridikoa azpimarratu du. “Ekintzaile saiatuak gara, pazientzia demokratikoa daukagu eta giza eskubideak urratu zaizkien biktimek ordaina eta aintzatespena jasotzeko eskubidea dutela uste dugu”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Mariano Rajoyren Gobernuak Polizia Gehiegikerien Biktimen Legea Auzitegi Konstituzionalean errekurritzeko hartu duen erabakia Estatuak kolektibo honekin borondate politikorik eta konpromisorik ez duelaren seinalea da. “Araua ona da, lege barruan dago eta konstituzionala da, baina errekurtsoa aurkeztea erabakita zegoen araua bukatuta egon baino lehenagotik. Aurretiaz ezarritako aurriritziak zeuden eta, horri lotuta,  beldurra ere bai biktima hauei dagokien ordaina emateko has genezakeen bideagatik”, esan du Iñigo Iurratek . Bere aburuz, Espainiako Gobernuaren jarrerak, berriz ere, biktima bihurtzen ditu nazioarteko legeriaren arabera eskubide guztiak aitortuta dituzten pertsonak. “Oso atzeratuta goaz biktima hauei aintzatespena eskaintzeko derrigor honekin”, esan du Iturratek, eta ez da zentzuzkoa zorra ordaintzen hasteko aukera genuen momentuan Estatuak gure bidean halako harri bat jartzea.

Iturratek Rajoyren Gobernua gonbidatu du Kongresuan  arrazoi politikoko biktimen lege egitasmoa aurkeztera, horretarako benetako borondatea baldin badu eta ordaina eta aintzatespena zor zaiela uste badu. “Espainiako Gobernuak uste badu legeak konstituzioaren kontrako alderdi batzuk dituela eta bere borondatea biktimei ordaina eta aintzatespena ematea baldin bada, honen bidez animatu nahi ditugu Kongresuan lege egitasmoa aurkeztera, guk egitasmo hori eztabaidatu eta babestuko genukeelako”. 

Iturratek mesfidantza dauka Auzitegi Konstituzionalak har dezakeen azken erabakiaren aurrean, baina elkarrizketa eta akordiorako deia egin du egoera bideratzerik egon dadin.  “Garaiz gaude oraindik eta Espainiako Gobernuaren beharrakbere horretan mantentzea nahiko genuke beharra bertute bihur dadin. Ekintzaile saiatuak gara eta pazientzia demokratikoa daukagu”. Biktima hauek egon badaudela argi izanik, euskal gizarteak biktima hauei aintzatespena emateko adierazi duen babesak eta erakundeek eta aditu juridikoek honen alde adierazi duten irizpideak derrigortu egiten gaituzte lege bidezko, beharrezko eta segurtasun juridikodunaren alde borrokatzen jarraitzera.