Prentsa Aretoa

2017/06/13

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Juan Mari Atutxaren jokaera abalatu du eta Espainiako Erresumaren kontrako epaia eman du

Giza Eskubideen Auzitegiak ezagutzera eman berri duen ebazpenean ezarri du Atutxari urratu egin zitzaiola epaiketa bidezkoa izateko eskubidea, Auzitegi Gorenak, Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidentea zelarik, Sozialista Abertzaleak desegiteari uko egin ziolako kondenatu zuenean

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak gaur ezarri du Eusko Legebiltzarreko presidente ohiak, Juan Mari Atutxa jeltzaleak, zuzentasunez jokatu zuela Sozialista Abertzaleak (SA) legebiltzar taldea desegiteari uko egin zionean 2003 urtean Batasuna ilegalizatua izan ondoren. Estrasburgoko auzitegiak Atutxaren eta Gasteizko Ganberaren Mahaiko orduko kide ziren Kontxi Bilbao eta Gorka Knörren jokaera abalatu du, azken hauei ere epaiketa bidezko eta ekitatiboa izateko eskubidea urratu baitzitzaien, Auzitegi Gorenak 2008ko apirilean Sozialista Abertzaleak desegiteari uko egiteagatik kondenatu zituenean. Orduko epaiak 14 urteko gaitasungabetze bidegabea ekarri die hirurei. Estrasburgoko auzitegiak gaur ezagutzera eman duen epaia zigor juridikoa da Espainiako Erresumarentzat, argi eta garbi ezartzen duelako Espainiako justiziak urratu egin zuela epaiketa berme guztiekin egiteko eskubidea, Giza Eskubideen Konbentzioko 6.1. artikuluak ezartzen duenaren arabera. Ebazpen berberak ezartzen du kaltetu bakoitzak euro bateko kalte ordaina jaso beharko duela eragin zaien kalte moralagatik- hori izan zen beren demandan eskatu zuten kopurua-, eta kopuru hori gehitu beharko zaio prozesuaren kosteari dagokion 600 euroko kopurua. Ebazpenean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ezarri du Atutxari eta beste legebiltzarkideei ez zitzaiela aitortu beren kontra egin ziren salaketei erantzuna emateko zuten eskubidea, auzitegi gorenak besterik gabe kondenatu zituelako gertakariak beheragoko instantzia batean aztertu gabe.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak aitortu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren ebazpena “albiste ona“ dela eta baieztatu du Iñigo Urkulluren Gobernua “poztu” egin dela “azkenean” onartu delako Atutxak bere garaian hartu zuen erabakia “jardun demokratiko eta legalaren adierazpena izan zela, euskal gizarteak berak argi eta garbi adierazi zuenari erantzuteko”. Erkorekak Atutxa, Bilbao eta Knörrek gaitasungabetuta egon diren 14 urteotan erakutsi duten duintasuna azpimarratu du eta erakunde guztien aldetik eta euskal gizartearen aldetik aitortza publiko eta proportzionala merezi dutela aldarrikatu du. “Hamalau urte geroago, Europako justiziak argi baino argiago hitz egin du eta zentzu berean azpimarratu nahi dut hirurek Eusko Legebiltzarraren irudi instituzionala defendatzeko orduan erakutsi duten duintasuna. Beren jokaera eredugarria izan da prozesu judizial osoan”.