Prentsa Aretoa

2017/05/04

EAJ-PNVk eta PSE-EEk Lanbide Heziketari buruzko lege proposamena aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean

Hezkuntza sektorearen aspaldiko eskaerari erantzun diote taldeek. Lanbide Heziketaren eraldaketa estrategikoa du helburu, enpresen eta enpleguaren behar berrietara egokitzeko

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk eta PSE-EEk Lanbide Heziketari buruzko lege proposamena aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean

ARGAZKIA JAITSI

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak legebiltzar-taldeek lanbide heziketari buruzko lege proposamena aurkeztu dute gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Erregistroan. Testu artikulatuak Eusko Jaurlaritzak iragan legegintzaldian idatzi eta Parlamentuan tramitatutako lege proiektua du oinarri. Testua bertan behera geratu zen, agintaldia amaitzean. Lege proposamenaren helburua da Euskadiko Lanbide Heziketaren eraldaketa estrategikoa burutzea, eta arau-marko fidagarria, zabala eta zorrotza ematea. Horrek ahalbidetuko du etengabeko aldaketan dagoen lan merkatuaren behar berrietara egokitzea.

Lege hori gobernu akordioan jasotako konpromisoetako bat, eta Jaurlaritzaren legegintza-egutegian jasota zegoen, 2018ko lehen lauhilekorako. Hala ere, arauaren izaera estrategikoa kontuan hartuta, eta eragile sozial eta ekonomikoen eskaerari erantzunez, bi taldeek uste dute tramitea azkartu zitekeela, lege proposamenaren formula erabiliz.  

Proposatzaileen ustez, Lanbide Heziketa funtsezkoa da gazte askoren formakuntza kualifikaturako, eta baita enpresen giza kapitalaren beharrentzat ere.  “Tresna eraginkorra da eta izan da gure ehun produktiboarentzat, enpleguarentzat eta baita ikasleen gaitasun eta ezagutzarako ere. Baina krisiak eragindako aldaketek eta bertatik irtetzeak formakuntza eredu berri bat bilatzera behartzen gaitu, enpresen eta beren inguruen berehalako beharrei erantzungo diena. Ikasleen kualifikazioa hobetu beharra daukagu, enplegua aurkitzeko aukerak areagotuko baditugu”.

Bi taldeek gaineratu dutenez, gaur erregistratutako proposamenak sektorearen eskariei erantzuten die, Lanbide Heziketa modernoago eta malguago baterantz aurrera egite aldera. Ekimena patronalarekin, sindikatuekin eta Lanbide Heziketako zentruekin oso landuta dator, eta akordio-maila altua dauka. Sinatzaileek nabarmendu dutenez, eragile guztien ekarpenak baliagarriak izan dira proposameneko azken testua hobetzeko.

Iragan legealdian aurkeztutako lege proiektuari dagokionez, dokumentuak hainbat aldaketa tekniko dauzka, legearen izaeran eraginik ez dutenak. Proposamenak hogeita hamabost artikulu dauzka, hasierako kapituluan eta beste bederatzi kapitulutan banatuta; horrez gain, xedapen iragankor bat, hainbat xedapen indargabetzaile eta azken xedapen ere badauzka.