Prentsa Aretoa

2017/03/30

EAJ-PNVk ateak ireki ditu akordio politikoak lortzeko “gaur aurrekontuen kontra bozkatu dutenekin”

Legebiltzarrak baztertu egin ditu EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak. Aurrekontuaren tramitazioak aurrera darrai, eta 2017ko Kontu Publikoak apirilaren 11ko bilkuran onartuko dira. Joseba Egibarrek eta Josune Gorospek Jaurlaritzak izandako errealismo politikoa nabarmendu dute ekonomia, enplegua eta politika publikoak indartzeko, eta Herri akordio zabalak lortzeko beharra berretsi dute

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVk nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak ardura eta errealismo politikoz jardun duela, Euskadiren etorkizunarekin, aurrerapenarekin eta egonkortasunarekin duen konpromisoari edukia emateko. Aurrekontu-akordio batera iristea erabat beharrezkoa zen Gobernu Programan jasotako konpromisoak egin ahal izateko eta egonkortasuna, ongizatea eta politika publikoak bermatzeko. Deitoratu dute EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek ez dutela negoziazioan zintzo jokatu, eta ez dutela adostu nahi izan bertigoa edo beldurra izan dutelako. “Herri hau eraikitzeko bidera batzeko aukera izan dute eta diskurtso irreal batean geratu dira, egingarriak ez diren proposamenetan”. Ordezkari jeltzaleek errepikatu dute oraingoan akordioa ez dela posible izan, baina adostasun zabalen beharra defendatzen jarraituko dugu, eta etorkizunean beste alderdi politikoekin izan ditzakegun akordio-aukera guztiak aztertuko ditugu.

Hori dela eta, EAJ-PNVren talde parlamentariaren bozeramaile Joseba Egibarrek baieztatu duenez,  Urkulluren gobernuak abiatutako elkarrizketa-ariketan, Alderdi Popularra izan dela partida jokatzen jakin duen bakarra, gainontzeko alderdien aurrean. Izan ere, “argi dago aurten euskal aurrekontuak itzuliko balituzte –EH Bilduren, Podemosen eta PPren kontrako botoak batuta-, bihar bertan, Madrilen, Mariano Rajoyk ez lukeela Ministroen Kontseiluan aurrekontu proiektu bat onartuko”.

Hori dela eta, Egibarrek Euskadiko PPren estrategia politikoa eta EH Bilduren ezezkoa kontrajarri ditu. PPk, abstentzioaren bitartez, euskal aurrekontuak onartzea ahalbidetuko du, eta plaza politikoaren erdigunean jarri du bere burua, nahiz eta Euskadiko bosgarren indarra izan; EH Bilduk, bestalde, aurrekontu-negoziazioan izandako bertigoaren eraginez, Euskadi eraikitzeko aurrera egiten jarraitzeko aukera berri bat galdu du. “EH Bilduk esan zigun konfort-eremutik irtetzeko prest zegoela, negoziazio-oihanean sartzeko. Baina ez zigun esan joan-etorriko txartelarekin zetozela”, esan du.

Azkenik, euskal aurrekontuak onartzeari begira, Egibarrek hiru helburu nagusi defendatu ditu, Euskadiren eta euskal gizartearen etorkizuna sendotzeko. “Ekonomikoki indartsuak izan beharra daukagu, diru-sarrerak bermatzeko eta, horrela, euskal ongizate estatua finkatzeko. Gainera, garrantzitsua da politika publiko eraginkorrak garatzea; eta horretarako, diru-sarrerak bezain garrantzitsuak dira gastuak; eta, azkenik, erabaki estrategikoetan asmatu beharra daukagu. Hor, beharrezkoak gara alderdi politiko guztiak”, amaitu du Egibarrek.

Ildo berean, Josune Gorospe legebiltzarkideak bere taldearen borondatea adierazi du, Jaurlaritzarekin hitz egiteari uko egin dioten taldeekin akordioak bilatzeko. “Aukera berriak izango ditugu, eta ez aurrekontu-alorrean bakarrik. Eskua luzatzen jarraituko dugu desberdinen arteko ulermenerako eta akordiorako. Beti defendatu dugu Herri hau guztion artean eraikitzea, etorkizuna guztioi dagokigu. Euskadiren alde lan egin, aurrera egin eta positiboki eraiki nahi duten indar politiko guztiekin bidean elkartuko gara”. Baina ohartarazi duenez, Elkarrekin-Podemosek bide horretan topo egin nahi baldin badu, jauzi kualitatiboa eman beharko du politika egiteko moduan. “Irrealismotik errealismora, proposamen zehatzekin, eskutik helduta lan egitea eta erantzutea ahalbidetuko diguten argumentuekin. Hori da topo egiteko espazioa”.

Elkarrekin-Podemosek defendatutako zuzenketako edukiei erantzunez, Gorospek errealismo eta koherentzia falta leporatu dio talde horri, erabilitako argumentuengatik. “Zuek ez zenekiten aurrekontu honekin zer egin eta ez zarete gai izan harrokeriaz agertzen duzuen errotikako aldaketa zuzenketan aurkezteko. Titularra eta jendea engainatzea baino ez duzue bilatu. Benetan politikak aldatu nahi baldin badituzue, bultzatu itzazue aldaketa horiek zuek dauzkazuen erakundeetan”.