Prentsa Aretoa
2017/03/01
Egibar: “Legebiltzarrari dagokio estatus politiko berria garatzeko oinarri politikoak, sozialak eta ekonomikoak finkatzea”
“Adostasun ahalik eta zabalena lortzea da asmoa, baina lortu ezean, gehiengo demokratikoak ere baliagarriak dira”, gaineratu du legebiltzar-taldearen bozeramaileak
-
Egibar: “Legebiltzarrari dagokio estatus politiko berria garatzeko oinarri politikoak, sozialak eta ekonomikoak finkatzea” 2017/03/01
Eusko Legebiltzarrak estatus politiko berria garatzeko oinarri politikoak, ekonomikoak eta sozialak erabakiko ditu. Behin oinarri horiek finkatuta, testu artikulatua idaztea eskatuko zaio erakunde edo organismo autónomo bati, gizartearen partehartzeaz; amaitzeko, testu artikulatua Legebiltzarrera itzuliko da, tramitatzeko. Hori da EAJk proposatzen duen bidea, euskal herritarrei proposatuko litzaioken estatus juridiko-politiko berria zehazteko, Joseba Egibar bozeramaile jeltzaleak gaur goizean azaldu duenez.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Egibarrek gogoratu du Elkarrekin-Podemos taldeari –Ganberan talde berria duenari- epe bat –udarartekoa- eman behar zaiola, egoki deritzon agerraldiak eskatzeko eta bere proposamena idatziz aurkezteko. Bitartean, “gainontzeko taldeok aurkeztutakoak eguneratzeko aukera daukagu”, gaineratu du. Puntu horretan, aurreratu du EAJk bere Batzarrean berretsi dituela aurreko legegintzaldian aurkeztutako hamaika oinarriak, eta hortaz, bere proposamenari eutsiko diola.
“Eta udatik urte amaierara, testu artikulatuaren oinarri politikoak adostu behar ditugu”, esan du. “Asmoa da ahalik eta adostasun zabalena lortzea. Baina, lortu ezean, gehiengo demokratikoak ere baliagarriak dira berdin-berdin”, zehaztu du.
Egibarrek argitu du legebiltzarrari dagokiola “proiektu politiko berria garatzeko oinarri politikoak, sozialak eta ekonomikoak finkatzea”. Ildo horretan, gogoratu du EAJk eta Alderdi Sozialistak –gobernua partekatzen dutenek- ikuspegi desberdinak dituztela gai horren muinari dagokionez, “eta bi alderdiok adostu dugu bakoitzak bere posizioa libre defendatu dezakela ponentzia horretan”.
Aipatu duenez “oinarri horiek ez dira ekarpen guztien laburpena izango, alderdi politiko batzuek ez baitute estatus politiko berria beharrezkotzat jotzen”. Hori esanda, hausnartu du “erabateko adostasuna lortzen baldin badugu, askoz hobe. Baina hori amestea da eta gehiengoz erabakiko da zeintzuk diren oinarri politikoak”.
Hortik aurrera, testu artikulatua –Legebiltzarrean finkatutako oinarrien arabera- idaztea enkargatzearen aldekoa da EAJ, organismo edo erakunde autonomi bati. Eusko Ikaskuntza izan liteke –Errepublika garaietan egin bezala- edo beste bat –oraindik ez dago erabakita-. Baina aukeratutako eragileak “babesa beharko du lan hori egiteko; eta hor, gure ustez herritarren partehartzea eman behar da”, nabarmendu du. EAJk 8 hilabeteko epea proposatzen du testu artikulatua idazteko, gero Legebiltzarrera itzuliko litzatekeena, “eta babesten dugun taldeok tramitazioa abiatu beharko genuke”. “2018rako, legegintzaldi erdian, proiektua garatuta eta Parlamentuan izango genuke”, kalkulatu du. “Hori da gure asmoa; halaxe helarazi diegu gainontzeko talde parlamentariei eta ikusiko dugu zein egutegi ezartzen duen ponentziak”, esan du.
Erabakitzeko eskubideari dagokionez, Egibar ziur agertu da “ariketa zabala, konprometitua eta loteselea; eta hor dago, hain zuzen ere, giltza”. “Guztiok dakigu aurrean dugun Estatuak ez duela bere estatu-egitura galduko; hortaz, argi dago aldebiko eta eta berdintasunean oinarritutako harremana nahi badugu, guk ere estatu izan beharra daukagula”, hausnartu du. Ildo horretan, orain arte aintzat hartu ez diren formulak aztertzeko aukera jarri du mahai gainean. Adibidez, Euskadiren eta Kataluniaren Estatuarekiko harreman Konfederala. “Horrek independiente izatea ahalbidetzen dizu, estatu subirau zarelako, eta zuk erabakitzen duzu zer partekatu nahi duzun beste estatu batekin”. Gogoratu du “Europa bera dela konfederazio horren eredu argiena”, eta galdetu du “zergatik ezingo du euskal nazioak edo katalanak estatu-estruktura izan?”.
“Guzti honetaz argi hitz egin beharra dago; eta proiektu honek aukera ematen digu zein herri nahi dugun erabakitzeko, hasi hezkuntza-sistematik, segi Osasunetik, Justiziatik, azpiegituretatik, kanpo harremanetatik…”, amaitu du.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15