Prentsa Aretoa

2017/02/02

“Euskaldunek eta katalanek erabakiko dute, demokratikoki, beren etorkizuna”, nabarmendu du Egibarrek

EAJ-PNVko legebiltzar-taldearen bozeramaileak gogoratu du printzipio demokratikoaren arabera ezin zaizkiola herritarren borondateari oztopo formalak ezarri

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Konstituzio Auzitegiko presidenteorde eta 2004tik 2012ra Estatu Kontseiluko presidente izandako Francisco Rubio Llorenteren hitzak ekarri ditu Egibarrek: “Lurraldetutako gutxiengo batek independentzia nahi badu, printzipio demokratikoak ezin dizkio borondate horri ezabatu daitezkeen oztopo formalak jarri. Konstituzioak oztopatzen badu, erreformatu egin beharko dugu, baina horra iristeko, jakin behar dugu balizko borondate hori badagoen eta zenbaterainoko sendotasuna duen. Horretarako bide bakarra erreferenduma da”. Printzipio demokratikoaren aipu hori da EAJren legebiltzar-bozeramaileak, Joseba Egibarrek, erabilitako argudio nagusia, Euskadiren eta Kataluniaren ezaugarri propioei heltzeko moduaz jarduteko.

“Printzipio demokratikoari helduz, nire galdera da ba ote dagoen ezabatu daitekeen oztopo formalik. Eta erantzuna, noski, baiezkoa da”, adierazi du. “Jakin al daiteke burujabetzaren aldeko pentsamendua edo independentziaren aldeko babes sendoa den?”, galdetu du, eta baita erantzun ere: “jakin daiteke, kontsulta baten bidez, erreferendumaren bidez”.

Ondorioz, bide bakarra kontsultatzea da, galdetzea”, ziurtatu du, “eta Rubio Llorentek esan bezala, borondate horri ezin zaizkio oztopo formalak kontra jarri”. “Kontsultari beldurra dion agintariak erantzunari dio beldurra, ez hainbeste galderari”, esan du; “kontsultari uko egiten dionak ez du egia ezagutu nahi, eta agintari batek egia ezagutu beharra dauka”.

“Katalunia bada, eta izango da. Euskadi bezala”, esan du. Agirre Lehendakariak –Euskal Errepublika eta bere autodeterminazio-eskubidea aldarrikatu zuenak- eta Macia presidenteak esandako hitzak gogoratu ditu. “Katalunia eta Euskadi nazioak dira, subjektu politiko eta juridikoak dira, beren etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki nahi dutenak. Euskaldunek eta katalanek definitu eta erabaki behar dute beren etorkizuna, modu demokratikoan”, ohartarazi du. “Kontsulta horrek erabakitako puntuen negoziazio-eszenatokia erdietsiko du printzipio demokratikoak”, ordenamendu juridikoan jaso daitezen, “eta gerta daiteke independentziak eskatzen dituen egokitze eta doikuntzak behar izatea”, gaineratu du; “hori da Kataluniak eskatzen duena”.

Kataluniak ez du alde bakarreko bidea aukeratu, Estatuak egin dio uko aldebikotasunari eta horrek bultzatu du aldebakarreko bidera. Hori egiaztatu ondoren, ziur esan du “begi-bistan dagoena eta existitzen dena aitortzen hasteko ordua dela”. “Aitortu gabeko nazio-izaerak daude espainiar Estatuan, eta Estatuko botereei errealitate hori aitortzea dagokie; Kataluniaren errealitatea, Euskadiren errealitatea eta, bere kasuan, baita Galiziarena ere”, amaitu du.

Joseba Egibarrek Eusko Legebiltzarrean egin ditu gogoeta horiek, Mas presidenteari eta Ortega eta Rigau kontseilariei babesa emateko ekimen batean. Ekimenak EAJren eta EH Bilduren botoak jaso ditu. “Gizartearen ordezkariek herria kontsultatzeko konpromisoa eta betebeharra daukate, eta hori ezin daiteke auzipetu. Kontsultatzea ezin da delitua izan”, ohartarazten du ekimenak. Gainera, Ganberak Espainiako Gobernuari dei egin dio “Gobernu britainiarrak Eskoziarekin abiatutako ibilbidea jarrai dezan, Kataluniak, Euskal Herriak edo nahi duen beste edozein herrik bere etorkizuna libre erabakitzeko ahalmena izan dezan, bere herritarren borondate arabera baino ez”.