Prentsa Aretoa

2017/01/20

EAJ-PNVk Espainiako gobernuari eskatu dio, premia osoz, Kupoaren kitapena eta Ekonomia Itunaren eguneratzea oraingo trabatik askatuko dituen akordioa ixtea

Josune Gorospe legebiltzarkide jeltzaleak Euskadiko eta Espainiako Administrazioetako lantalde teknikoak aktibatu izana txalotu du, eta Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa deitzea eskatu du Euskadi eta Estatuaren arteko harreman ekonomiko-finantzarioei egonkortasuna emango dioten akordio politikoan aurrera egite aldera.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean  Kupoaren kitapenaren inguruan,hau da, Euskadik Madrili  transferitu gabeko eskuduntzengatik ordaintzen dion diruaren gainean urteotan izan diren ezbaiek agerian uzten dute, EAJ-PNVren aburuz, kopuru-guda honi amaiera emango  dion akordio batetara iritsi beharra dagoela. Josune Gorospe legebiltzarkideak Mariano Rajoyri eskatu dio negoziaketa serioari atea irekitzea Kupoaren azken kitapenak burutzeko, hori arautzen duen bost  urteko legea onartzeko eta Ekonomia Ituna eguneratzeko. Zentzu honetan, egoki jotzen du Gobernu bien artean lantalde teknikoak eratzea, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren barruan adostu beharko den akordio politikorako bidea zabaltzen joan daitezen. “Ekonomia Ituna eta Kupoa euskal autogobernuaren garapenerako "ganga-giltzarriak" izaki, Madrilekiko negoziaketa ezin da gehiago atzeratu. EAJ-PNVk beti bultzatuko du  hiritargo osoari ongizate handiagoa ematea ezaugarri duten tresnak aldeztea . Ekonomia itunaren edukia eta eraginkortasuna hobetu nahi dugu suspertze ekonomikoaren eta enpleguaren alde egiteko orduan ezinbesteko egiten zaigun tresna den aldetik". Hori dela eta, Gorospek ezinbesteko jotzen du Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa batzartzea eta adostu gabe dauden gai guztiak jorratzea. Premiazkoa da, esan du, Madrilek gure bion arteko harremanen aldebikotasuna aintzat hartzea,eta Azpiazu Sailburuak eta Montoro Ministroak abenduko lehen bilera hartan adostu zituzten lantalde teknikoak aktibatzea, une honetan trabatuta dauden gai guztiei irtenbidea emateko. Ordezkari jeltzaleak beste behin ere eskatu du Gernikako Estatutua osorik betetzea eta Euskadira ekarri gabe dauden eskuduntzak behingoz transferitzea. Eskuduntza hauek arlo ekonomiko-finantzarioan dira kreditua eta banka, baloreen merkatua,mailegu ofiziala eta aseguruak.

Gorospek Espainiako exekutiboari eskatu dio Iñigo Urkulluren Gobernuak eta ordezkatzen duen alderdiak beste erakunde eta eragileekin dituzten harremanetan garatzen duten metodologia bera aplikatzea. Azaldu duenez, formula hori elkarrizketan,negoziaketan eta akordioan oinarritzen da.

Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos legebiltzar taldeak Iñigo Urkulluren exekutiboari lankidetza eta babesa eskaini dizkio Madrilekin elkar ulertzeko giroa sortu ahal izateko  eta "Euskadik aurrera egin dezan", eta  konfiantza adierazi du elkarrizketa eta harreman egonkorretarako zabaldu den gune hau arrakastaz garatu ahal izan dadin Euskal Ganberako talde ezberdinen artean. Josune Gorospek argudio hauekin erantzun die Ogasun eta Ekonomia  sailburu Pedro Azpiazuk  bere Sailak legealdi honetan egingo duen lanaren ildo nagusiak azaltzeko esan dituen hitzei. Gorospek sailburua animatu du baliabide publikoen kudeaketan zorroztasun eta erantzukizun politikekin jarraitzea eta,orain arte egin izan den bezala, oinarrizko zerbitzu publikoen kalitateari eustea. “Funtsezkoa da zamarik gabeko finantzei eustea etorkizuneko hazkunde ekonomikoa ez hipotekatzeko eta politika honek bat egin dezan enpleguaren sorrerarekin eta gizarte politiken babesarekin. Beharrezkoa da ekonomiaren eta aurrekontuen zorroztasuna orekatzea oinarrizko zerbitzu publikoen bermearekin eta ekonomia produktiboari eta hazkundeari eman beharreko bermearekin”.

Amaitzeko, EAJ-PNVko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzari eta Foru Aldundiei eskatu die Ekarpen Lege berria hitzartzea, Administrazioei finantzen nahikotasuna bermatzeko, bakoitzak bere ardurapean dituen eskuduntzak errespetatuta.