Prentsa Aretoa
2017/01/19
Ertzaintzako belaunaldi-erreleboa hipotekatu izana leporatu dio EAJ-PNVk espainiar Gobernuari, behin eta berriro EPEen kontra aurkeztu dituen errekurtsoengatik
Madril eartzen ari den langile mugek Ertzaintzako etorkizuneko antolakuntzarako dakarten arriskuetaz ohartarazi du Iñigo Iturrate legebiltzarkideak. “PPren gobernuak ez badu bere jarrera birzentralizatzailea eteten, Ertzaintzak behar duen berrikuntza ezingo da eman”.
Argazkiak...
EAJ-PNVren ustez, Mariano Rajoyren gobernuak aurkeztutako azken errekurtsoa -Ertzaintzaren 26. promozioko EPEaren kontrakoa- euskal autogobernuaren aurkako eraso berri bat da, eta arazo bat polizia autonomoaren etorkizuna planifikatzeko. Iñigo Iturratek adierazi duenez, langileak gutxitzen eta zahartzen doazela, Madrilen errekurtsoek oztopatu egiten dute beharrezkoa den belaunaldi-erreleboa. Ordezkari jeltzaleak Legebiltzarrean egin du gogoeta hori, Estefania Beltran de Heredia sailburuaren agerraldia entzun ondoren. Legegintzaldirako Sailaren planak azaldu ditu sailburuak bertan.
Iturratek adierazi du datozen 4 urteotan 1.300 baja inguru izango dituela kolektibo horrek. “Kezkatuta zaude eta badakigu. Gaur ere mila poliziaren lekua betetzeko EPEak eta plan zehatzak azaldu dituzu. Baina hori guztia zalantzan dago, PPren Gobernuak ez baldin badu bere obsesio birzentralizatzaile eta uniformizatzailea eteten, eta ez badio bide ematen Euskadirekin harreman-eredu berri bat izateari”. EAJ-PNVk PPren Gobernuari eskatu dio garai berri bati ekin diezaiola, Euskadirekin dituen harremanei dagokionez. Helburua da, besteak beste, Segurtasuneko zerbitzu publikoa ez kaltetzea. “Alderdi Popularrari eta Mariano Rajoyren gobernuari berriro exijitzen diegu estrategiaz aldatu eta negoziatu dezatela, euskal herritarren behar zehatzei erantzun ahal izateko, baita Segurtasunaren alorrean ere. Horretarako, Euskadira bidalitako Estatuko segurtasun indarrak egokitzeko eta atzera-egiteko plana ere beharrezkoa da, beren eskumenen eremu hertsira mugatu daitezen”.
Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Publikoaren Batzordeko bozeramaile jeltzaleak berriro ere berretsi du Ertzaintzaren izaera integrala, eta ondorioz, Estatuko gainontzeko segurtasun talde eta indarren maila berean egoteko beharra. Iturrateren ustez, yihadismoa bezalako mehatxu terrorista berrien aurkako borrokak Europa eta Estatu mailetako elkarlan eta koordinazio handiagoa eskatzen du. Hori dela eta, deitoratu egin du Mundu mailako erornka horri aurre egiteko estrategiak lantzen diren foroetan Ertzaintza alboratzen ari direla. “Ertzaintza da Euskadiko polizia, polizia integrala, delitu-erronka berriei aurre egiteko prestatuta dagoena, eta Estatuak aitortu eta horrela tratatu behar du, baldin eta ez badu legearekiko insumisoa den gobernu bezala jokatzen jarraitu nahi. “Mehatxu berriek eskatzen dute Ertzaintza polizia integral gisa aitortu eta tratatzea eta polizia Inteligentzia indartzea. Gai horiek berebizikoak dira Eusko Jaurlaritzaren planetan”. Badira hilabete batzuk Ertzaintzak Terrorismoaren eta krimen antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroaren (CITCOren) bileretan parte hartzen diharduela, baina Iturrateren aburuz, aurrerapausu hori ez da nahikoa. “Foroan eseritzea ez da nahikoa. Bertan gaude, Mossos d´Esquadra dagoen bezala. Eskubide osoko kide izan nahi dugu, berdintasun-egoeran egon Polizia Nazionalarekin eta Goardia Zibilarekin. Nire buruari galdetzen diot gabezia hori, indar polizialen arteko elkarlan-defizit hori, ez ote den guztion segurtasunaren kalterako”.
Hitzaldia amaitzean, ordezkari jeltzaleak Ertzaintzako sindikatuek Beltran de Heredia sailburuaren eta bere lantaldearen aurka egiten diharduten jazarpen-kanpaina salatu du. “Azkenaldian Ertzaintzako jarrera sindikala gehiegizkoa eta antzeztua izan da. Paradoxa da: herritarrek emanda indarraren monopolioa dutenek, etengabe, bilkuraz bilkura, herri borondatearen ordezkariak presionatzen saiatu dira Legebiltzar honetako atean”. EAJ-PNVk jarrera-aldaketa espero du legegintzaldi berriaren hasiera honetan, eta sailburuari elkarrizketarako eta ulermenerako espazioak irekitzeko aukera emango zaiola. Iturratek, amaitzeko, gogoratu du akordioaren alde honetan beti egongo dela alderdi jeltzalea.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15