Prentsa Aretoa

2016/12/22

Amaia Arregi: “Pertsona errefuxiatuei benetako erantzuna eman behar diegu lehen bailehen”

Legebiltzarkide jeltzaleak funtsezkotzat jo du Euskadira iristen diren pertsona errefuxiatu guztiek eskubide, zerbitzu eta baliabide publikoetara sarbidea izatea; betiere, errefuxiatu-estatuserako baldintzak betetzen badituzte.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Amaia Arregi EAJ-PNVren legebiltzarkideak espainiar Gobernuari eskatu dio bete dezala 2015eko irailean hartutako konpromisoa, 17.000 errefuxiatu baino gehiago hartzekoa birkokatzearen eta birfinkatzearen bidez. Eskaera hori Aministia Internazionalak Gasteizko Ganberan ordezkaritza duten legebiltzar-talde guztiei helarazi zien.

Eusko Legebiltzarrean ostegunean izandako Bilkuran, Elkarrekin Podemosen legez besteko proposamen bat eztabaidatu dute, CEAR Euskadik pertsona errefuxiatuen eskubideak bermatzeko egindako proposamenari buruz, EH Bilduk ere babestuta. Arregi CEAR-en proposamenaren alde agertu da, eta funtsezkotzat jo du Euskadira iristen diren pertsona errefuxiatu guztiek eskubide, zerbitzu eta baliabide publikoetarako sarbidea izatea, “betiere, errefuxiatu-estatuserako baldintzak betetzen badituzte. Ezinbestekoa da indarrean dagoen Legea betetzea”, nabarmendu du.

Eusko Legebiltzarrean ostegunean izandako bilkuran, Arregik salatu du urtebete baino gehiago igaro ondoren, espainiar Gobernuak hartutako konpromisoa helburu horretatik oso urrun dagoela. “Oso tristea da milaka pertsona egotea, umeak tarteko, beren herrietako gerra- eta gatazka-egoeretatik ihes egin dutenak, Europar Batasuneko mugetan aukera berri baten eta bizitza hobeago baten bila, pairatu duten ankerkeriatik urrun. Nola azalduko diegu oraindik ere ez dela beren amesgaiztoa amaitu? Sufritzen jarraitu behar dutela Europa ez delako gai benetako larrialdi-egoera honi erantzun azkar, eraginkor eta amankomuna emateko? Ez da onargarria!”, esan du.

Ildo horretan, Arregik nabarmendu du pertsonak izan behar direla gobernu baten jardun politikoaren erdigunea, pertsona horien jatorria edo sarbidea kontuan izan gabe. Hori dela eta, Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordeak (CEAR) helarazitako eskaeraz jardun da, prestazio sozialetarako sarbiderako irizpideak ezartzekoa, horiek lortzea eta bertan behera ez uztea ahalbidetuko dutenak. “Eskaera horren helburua da burokrazia erraztea laguntzak eta prestazioak lortzeko beharrezko papeleoan, objektiboki zailtasunak baitaude indarrean dagoen araudian eskatutako zenbait dokumentu lortzeko. Uste dut kontuan izan beharreko gauzetako bat izan litekeela, gizarte zerbitzuen araudia aztertzen dugunean”, esan du.

Euskal ganberak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio bizikidetza interkulturala sustatu dezala eta osoko harrera bultzatu dezala, benetako integrazioa eta bizikidetza baketsua lagunduko duena, benetako babes-hiri eta –herrien alde eginez. Era berean, EUsko Legebiltzarra EB_Turkia akordioaren kontra azaldu da, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio horren kontra agertu dadila.

Bestalde, Mariano Raxoiren exekutiboari eskatu dio ahalbidetu dezala mugetarako sarbidea eta bete ditzala Europak pertsona errefuxiatuei buruz hartutako konpromisoak. “Kontuan izanik Estatuko gobernuari dagokiola atzerritartasun eta inmigrazio gaietako eskumena, eskatzen diogu bete ditzala giza eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmenak, pertsona errefuxiatuei ahalbidetuz hain zuzen ere errefuxiatu gisa dagozkien eskubideak izatea”, azaldu du Arregik.

Ebazpen berean, espainiar Gobernuari exijitzen zaio Asilo Legea garatzeko Araudia onartu dezala, duela zazpi urtetik garatzeke dagoena, europar arauekin bat. “Asilo Legea garatzeko araudiak zazpi urte daramatza onartzeke; eta gainera, Estatuko Asilo Legera egokitu behar direla europar zuztentarauak, harrera, baldintza eta prozedimenduari buruzkoak. Uste dugu ez dugula gehiago itxaron behar arau garapen hori egiteko”, zehaztu du ordezkari jeltzaleak.

Amaitzeko, euskal Ganberak beharrezkotzat jo du aurreko legegintzaldian abian jarritako pertsona migratzaile eta errefuxiatuen eskubideen aldeko legebiltzar taldeartekoaren jarduerari berriro ekitea.