Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2016/12/15

EAJ-PNVk alderdi eta eragile sozialei dei egin die hezkuntza sistemaren bikaintasunaren alde lan egiteko

Hezkuntza eztabaida politikotik ateratzea eskatu du Leixuri Arrizabalaga legebiltzarkideak, hezkuntza komunitate osoaren adostasuna lortuko duen hitzarmen handi bat lortze aldera. “Gure hezkuntza sistemaren etengabeko hobekuntza da gure erronka, eta akordiorik zabalena bilatuko dugu. Autokritika egiten dugu eta elkarrizketarako eta akordiorako espazioak bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu”.

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk alderdi eta eragile sozialei dei egin die hezkuntza sistemaren bikaintasunaren alde lan egiteko

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVk konpromisoa hartu du Hezkuntza Itun bat lortzeko lan egingo duela, Euskal Hezkuntza Lege berri bat osatzen amaitze aldera. Helburua da hezkuntzaren kalitatea indartzea eta finantzaziorako oinarriak ezartzea. Leixuri Arrizabalaga legebiltzarkideak aitortu du adostasun zabalak beharko direla hezkuntza komunitatearekin eta Eusko Legebiltzarrean ordezkatutako taldeekin. Hori dela eta, eskatu du hezkuntza eztabaida politikotik ateratzea, eta guztien artean –bai alderdi, bai gizarte eragile- lan partekaturako espazioak bilatzea. “Konpromiso zehatzak hartu ditugu. Hezkuntza Ituna Lege berrirako. Kalitate unibertsaleko maila bermatzea lortu dugu, baina gure erronka –Eusko Jaurlaritzak eta Lehendakariarekin partekatutakoa- bikaintasunean aurrera egiten jarraitzea da. Hezkuntza funtsezko zerbitzu publikoa da, baita gizarte kohesiorako eta aukera berdintasunerako bermea ere. Hezkuntza Herri erronka handia da”.

Azken PISA txosteneko datuak ezagututa, jeltzaleek adostasunerako dei egiteaz gain, autokritika egiten du. Txostenak hezkuntzaren kalitatea ebaluatzen du, eta adierazten du Euskadin, aurreko hezkuntza txostenekin alderatuta, jeitsi egin dela zientzien, irakurketa ulermenaren eta matematiken arloetan.

“Beti esan dugu gure hezkuntza sistemak, aurrera egin badu ere, hobetzeko eta aurrera egiteko lekua badaukala. Autokritika egin dezagun, bai. Ez daukagu horretarako arazorik. Baina ez gaitezen finantzazioaren eremuan soilik geratu”, adierazi du Arrizabalagak. Ordezkari jeltzalearentzat, finantzazioa faktore garrantzitsua bada ere, ez da faktore bakarra kalitatezko hezkuntza sistema bidezkoa bermatzeko.

Ildo horretan, “etengabeko ebaluazio eta hobekuntza kultura ikastetxe guztietan” garatzen eta bultzatzen jarraitzearen alde egin du. Beti egin izan dugu, txosten batek hori esateko beharrik gabe”. EAJ-PNVko ordezkariaren esanetan, sistemaren kalitatean antzemateko eta aurrera egiteko prozedurarik onena ebaluazio globala eta integrala litzateke. Gaineratu duenez, hezkuntza sistema baten balioa ezin da soilik jakintzarekin lotutako hiru disziplinaren kalifikazioan oinarritu, OCDEren txostenak egiten duen bezala.

“Ikasleentzat eta gizartearentzat iruzurra litzateke ebaluazio bakarrean emaitza onak lortzeagatik pozik azalduta”. Legebiltzarkide jeltzaleak nabarmendu du gure ereduak pertsonaren eta bere garapenaren alde egiten duen apustua; etorkizuneko apustua, arriskatuagoa, eta ikasleei laguntzen diena beharrezko gaitasunak, konpetentziak eta erramintak eskuratzen bizitzako eremu guztietan pertsona autonomoagoa izateko. Hori dela eta, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak 2014-15 ikasturtetik abian jarritako programak, 2013ko diagnostikoaren ebaluazioko emaitzak ezagutu ondoren jarritakoak. Arrizabalagak azpimarratu du programa horien ondorioak ez direla berehalakoak, eta ezin zirela 2015eko maiatzean islatu (orduan egin baitzuten ikasleek PISAren proba). Abian jarritako neurrien artean daude garapen eta hezkuntza zailtasunak goiz antzemateko eta artatzeko programa; Hamaika Esku programa, inguru behartsuetako 53 ikastetxetan garatzen dena; eta EAEko Hezkuntza Sistema Hobetzeko 2016-2020 Plana, Eusko Legebiltzarrean aurkeztutakoa eta datozen ikasturteotan emaitzak emango dituena. Hori da ordezkatzen dudan alderdiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Iñigo Urkullu Lehendakariaren lan-ildoa, amaitu du ordezkari jeltzaleak. Gure hezkuntza eredua hobetzeko bultzada ematen jarraituko dugu. Gainera, Euzko Abertzaleak taldeak eskertu egin du ikastetxeek optika kritikoz hezkuntza-ikaskuntza prozesuak berrikusteko egunero egiten duten lana, etengabeko hobekuntzaren ikuspuntutik.