Prentsa Aretoa
2016/12/05
Egibar: “Ekonomia Itunak mekanismoren bat behar du akordioa behar den guztietan Estatua negoziatzera derrigortzeko"
Eusko Legebiltzarreko EAJ-PNV legebiltzar taldeko bozeramaile eta GBBko presidente Joseba Egibarrek uste du Euskadiko Ekonomia Ituna indartu behar dela Espainiako estatuak errespetatua izan dadin; era berean ohartarazi duenez PPk Madrilen aurrekontuak onartu ahal izateko "EAJrekin elkarrizketa bideren bat ireki nahi badu, bide bat dauka markatuta: euskal agenda"
Ogasun eta Ekonomia Sailburu Pedro Azpiazuk eta Madrilgo ministro Cristobal Montorok gaur Madrilen bertan egingo duten bilerari dagokionez, jeltzaleen ordezkariak Onda Vascari eskainitako elkarrizketan esan du Espainiako gobernuaren eta hedabideen aldetik aurreikuspen bat sortu dela, eta beren aldebakartasunaren estrategian geratu direla Espainiako gobernuak "lehenagotik Euskadiri zuzenean eragiten dioten gaien inguruan egin zaizkion eskari guztiei muzin egin dielako, besteak beste Kupoaren kitapenak edo Ekonomia Itunera egokitu beharrekoak".
Zentzu horretan eta proposamen horiei kasurik egin ez zaiela ikusita eman beharreko erantzun gisa, Egibarrek esan du EAJ-PNV eta PSE-EE alderdien artean Euskadiko legealdi berrirako adostu den akordioan ere lehentasun gisa ezartzen dela 2007-2011 bost urtekoari dagokion kupoaren kitapena eta 2012-2015 epealdirako kupoen behin behineko kitapena ezartzeko akordioa adostea. “Horrek ere agerian uzten du Ekonomia Ituna zein ahul izan daitekeen, itunak bitartekoak behar dituelako estatua itunari berari dagozkion gaiak negoziatzera derrigortzeko,parte batek hala eskatzen duenean. Horregatik, Espainiako gobernua komunikaziorik gabeko egoera horretan instalatu da eta adostasun eza luzerako ezarri du. Mekanismoren bat behar da Estatuak Ekonomia Ituna errespeta dezan".
EAJ-PNVk Madrilen aurrekontuak onartzeko babesa emango ote duen galdetuta, Egibarrek esan du hori eztabaida sakonagoa dela eta ez dela aurrekontuak babestera mugatzen". Jeltzaleen bozeramaileak azpimarratu duenez Partido Popularrak EAJrekin hitz egiteko bideren bat ireki nahi badu, jadanik irekita dagoen bidea duela, euskal agenda, alegia. " EAJk negoziaketa prozesu bietan aurkeztu zuen bere euskal agenda, hau da, Pedro Sánchezekin egin zena eta PPrekin ireki ez zen hartan. Agenda horretan ez gara gure gai propioak sartzen ari,baizik eta euskal gizarte osoari dagozkion gaiak, Gasteizko Legebiltzarrak abalatuak. Autogobernua, Kupoa eguneratzea eta Ekonomia Ituna, espetxe politika... horiek dira gure eguneroko gaiak eta bai nahiko genukeela PPk arduraz jokatzea. Horra hor egoera. Hortik aurrera aurrekontuek beren bizitza propioa izango dute" esan du.
Egibarrek era berean esan du Madrilen aurrekontuak negoziatzeko prozesu horrek ez duela zerikusirik Euskadiko aurrekontuak negoziatzeko prozesuarekin, EAEko aurrekontuak negoziatzeko prozesua aurkezten denean zerikusi handia izango duelako oposizioko taldeekin izango den harremanarekin, hau da, ea akordiorik dagoen batekin, birekin edo,agian, legebiltzarreko talde guztiekin. “Kontua ez da aurrekontu bat beste batekin konpentsatzea. Espainiako PPk bere harremanak PSOErantz zuzentzen ditu eta Madrilgo aurrekontuen onarpena hortik joango da. Beste gauza da beste indar batzuek ere bat egin dezaketela ulertzea”.
Zentzu honetan, Egibarrek azpimarratu du PPk bere aurrekontuak onartzeko orduan EAJ-PNVren babesa nahi badu, beste gai batzuetan sakondu beharko duela, besteak beste autogobernuan. “Hurrengo hilabeteotan planteatuko dugun estatutuen aldarazpenaren garapenaren inguruan PPk zer pentsatzen duen jakin nahi dugu,ez dugulako debekurik edo estatu batek euskal gizarteak erabakiko duenari uko egiten diola ikusi nahi. Zilegitasun printzipioa eta printzipio demokratikoa euskal gizarteak nahi izango duen guztiarekin uztartzea eskatzen diogu, eta herritargoaren erabakiak aintzat hartuak eta errespetatuak izan daitezela" amaitu du Egibarrek.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15