Prentsa Aretoa
2016/10/21
Bakartxo Tejeria berriro izendatu dute Eusko Legebiltzarreko presidente, XI. legegintzaldian
Presidentziaz gain, EAJ-PNVk beste ordezkari bat lortu du Mahaian. Iñigo Iturrate izango da, lehen idazkari gisa.
Bakartxo Tejeria jeltzalea izango da berriro ere Eusko Legebiltzarreko presidentea. Hamaikagarren legegintzaldia hasteko bilkuran, EAJ-PNVren hautagaia presidente izendatu dute berriro, euskal ganbera osatzen duten 75 legebiltzarkideetatik 37renak jasota. Izan ere, Tejeriak sozialisten legebiltzar-taldearen babesa jaso du.
Legegilearen mahai berriak beste kide jeltzale bat ere izango du; Iñigo Iturratek, aurreko legegintzaldian bigarren idazkaria izan denak, organo horren lehen idazkaritza hartuko du. Alderdien artean adostuta, EH Bilduk eta Alderdi Sozialistak Mahaiko lehendakariordetzak hartuko dituzte, eta Elkarrekin Podemosek idazkaritza bat hartuko du.
Inbestidura-hitzaldian, Legebiltzarreko presidente berriak lau urteotarako lehentasunak ezarri ditu. Adierazi duenez, erronka horiek dira ekonomiaren berraktibatzea eta babes soziala, bakea eta bizikidetza indartzea eta Euskadirentzako estatus berri baterantz aurrera egitearen beharra. “Hauek dira eginbeharrak eta erronkak. Eta horiei egoki erantzuteko, adostasunak landu beharko ditugu, hitza eta elkarrizketa jorratu. Hitza akordiorako bide, herritarron beharren zerbitzura jarria, aukeratu gaituzten pertsonen gogo eta nahiei erantzuteko. Helburu horrekin, Legebiltzarreko presidentziatik bultzatu eta landuko ditut adostasunak, esklusiorik gabeko eta errespetuzko hizketan oinarrituta. Akordioak eragin taldeen artean Legebiltzarrean eta halaber erakundeekin eta gizarte eragileekin”.
Legebiltzarreko barne Erregelamenduak jasotzen duenez, Lehendakariaren inbestidurako saioaren aurreko pausu gisa, Bakartxo Tejeria presidenteak beste bilkura bat deitu du, Bateraezintasun Batzordeko kideak izendatze aldera (hori izango da gai-ordeneko puntu bakarra). Organo horrek 20 eguneko epean idatzi beharko du dagokion diktamena, Osoko Bilkurara eraman eta honek berretsi dezan. Saio horretan jarriko dio presidenteak Lehendakaria hautatzeko bilkuraren data eta ordua. Aurreko legegintzaldian, Ganbera osatzetik inbestidurara hiru aste igaro ziren.
Eusko Legebiltzarra osatzeko bilkuran hainbat gonbidatu izan dira. Horien artean, EBBko presidentea, Andoni Ortuzar; alderdiaren Arabako eta Bizkaiko presidenteak, Jose Antonio Suso eta Itxaso Atutxa; eta erakunde-politikako arduraduna, Koldo Mediavilla. Horiekin batera, palko nagusian izan dira Juan José Pujana, Eusko Legebiltzarreko lehen presidentea; Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak, Pedro Elosegi eta Eider Mendoza; eta Vitoria-Gasteizko Alkatea, Gorka Urtaran.
Bilkura hasi baino lehen, legebiltzar-talde osoak eta EBBko hainbat kidek lehen bilera egin dute. Bertan, bai Lehendakariak, bai Andoni Ortuzarrek alderdien arteko elkarrizketaren, adostasunaren eta akordioaren beharra goraipatu dituzte. Topaketan, legegintzaldiko lehentasuneko ekintza-ardatzak ezarri dituzte eta Joseba Egibarren izendapena berretsi dute, legebiltzar-taldeko bozeramaile gisa.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15