Prentsa Aretoa
2016/09/09
Urkulluk hurrengo legealdian 8.500 milioi euro bideratuko ditu hazkunde ekonomikora eta enplegua sortzera
Lehendakariak 250 milioiko finantzaketa eta aurrezki funtsa eratzea proposatu du hiru foru aldundiekin lankidetzan
Iñigo Urkullu. Bilbao. 2016.09.09
HITZALDIA - 2016/09/09
Lehendakariak egin duen printzipioen adierazpena ezin izan da borobilagoa izan. "Euskadik erronka eta beharrizan asko ditu, baina gauza bat dago hasieratik argi utzi nahi dudana : Herri gisa dugun lehentasun absolutua, gizarte gisa dugun erronkarik handiena, haztea eta enplegua sortzea da. Enplegu gehiago eta hobeak sortzea. Hori da lehentasun sozial eta ekonomikoa. Partekatzen dugun lehentasuna,hain zuzen". Argi bezain sendo hitz egin die Iñigo Urkullu Lehendakariak gaur goizean Bilboko Ercilla hoteleko aretoa txiki utzi duten 350 pertsonari, berraukeratua izateko aurkezten den EAJ-PNVren hautagaiak Fórum Nueva Economía taldeak antolatutako ekitaldian hitz egiteko izan duen tartean. Aurkezpena Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak egin dio. “Garapena eta hazkundea da zuek Lehendakariari sarritan entzun dizkiozuen termino bi, baina bera definitzen duten hitzak ere badira. Urkullu garapen eta hazkunde bidean dagoen Lehendakaria da. Forja zorrotz batean ondu da, prozesu gogor batean, aldi berean,material onak ematen dituen horietako batean. Zailtasun ekonomikoak eta ziurgabetasun ekonomiko eta politikoak nagusi izan diren ibilbide batean, Legebiltzarrean diren 75 legebiltzarkidetik, 27ren babesarekin besterik ez. Molde horietan ondu da Urkullu Lehendakaria, une honetan garapen eta hazkunde bidean dagoena. Urkullu Lehendakaririk onena etortzeko dago oraindik" esan du Ortuzarrek.
Urkulluk foroan parte hartzeko izan duen aukera baliatu du bertaratu guztiei hurrengo urteotan garatu nahi duen Politika Ekonomikoaren giltzarriak azaltzeko. "Ezarri dugun helburu nagusia lortu ahal izateko Politika Ekonomikoa:2020 urterako, langabezi tasa %10etik jaistea". Hori lortzeko, Lehendakariak hitzeman du "8.500 milioi euro jarriko dituela 2020 urtera arteko hazkunde eta enplegurako estrategia integralerako". Estrategia integral honen ardatz nagusiak dira "1.000 milioi euroko Enplegu Egitasmoa, barnean gazte enplegua babesteko linea bereziarekin, 20.000 gazteri beren lehen lan esperientzia praktikoa eskaintzeko; eta Suspertze Ekonomikora bideratutako Egitasmoa 7.500 milioiko euroko aurrekontuarekin eta inbertsio publikoari, berrikuntzari, industriaren garapenari eta gure enpresen nazioartekotzeari eusteko abal publikoarekin eta enpresa txiki eta ertainei zuzendutako Plan Bereziarekin" iragarri du Urkulluk. Gainera "Foru Aldundiekin lankidetzan", berraukeratua izateko aurkezten den hautagai jeltzaleak "250 milioi euro finantzaketa eta aurrezki pribatura bideratzeko Funtsa eratzea" babestu du. Funts honen helburua izango da Euskadin enplegua sortzeko ahalmena izango duten enpresak eta enpresa taldeak ezartzea eta sustraitzea.
Urkulluk aitortu du Lehendakari gisa ez duela legealdi erraza izan. "Lau urteotan gizartea izan da lehentasuna. Krisiak goia jo zuen une hura, langabezia Euskadin gorenean egon zenekoa, 2013ko martxoan bizi genuen" azaldu du . Baina, era berean, harrotasun osoz esan du testuinguru ezin konplikatuago hartan, bere Jaurlaritzak `pertsonekiko konpromisoa´ hartu zuela. Gizarte politikak bermatzeko unea zen, eta hala egin genuen. Hezkuntza, Osasuna eta Gizarte babesa izan dira lehentasuna. Diru sarrerak bermatzeko Errenta izan da krisiaren aurrean jarri dugun babesa. Bizitzaren duintasun eta kohesio bermea izan da. Gainera, Hezkuntzaren eta Osasunaren izaera unibertsala bermatu dugu, gizartearentzako oinarrizko zerbitzuak diren neurrian. Gaur, harri eta lur entzuten diegu Euskal Hauteskundeetara aurkezten diren batzuei esaten "Euskadi murrizketa sozialik gabeko herria" bihurtuko dutela . Zertan uste duzue aritu izan direla Eusko Jaurlaritza eta gainerako erakunde publikoak,azken lau urteotan?" galdetu du Arabako zerrendaburuak . Eta azken datu bat eman du. "2012 urtean,Euskadik 6.394 milioi bideratzen zituen gastu sozialera. 2016 urtean 6.542 milioi bideratuko ditugu. Euskadi da gizarte politikak bermatzen dituen Herria . Gizarte osoak egiten duen esfortzua da", aldarrikatu du Urkulluk.
“2012ko abenduan Jaurlaritzaren ardura hartu nuen unean gizartean emergentzia egoera bizi zen, baina orain oinarri soziala bermatuta dago. Eta orain lehentasuna enplegua da. Enplegu gehiago eta hobeak. Bide onetik goaz. 10 hiruhileko daramatzagu hazkunde jarraituan. Euskadiko urtetik urterako hazkundea % 3,2koa da eta aurreikuspenak baikorrak dira. Euskadi enplegua sortzen ari da eta langabezi tasak behera egin du". Lehendakariak era berean aitortu du 2013ko martxoan langabezia gorenera iritsi zela Euskadin, Lanbiden erregistratuta zeuden 179.000 pertsonekin . “Ordutik aurrera, hilabete bakoitza aurreko urtekoa baino hobea izan da, baina oraindik 143.000 pertsona ditugu lanik gabe. Hori ez da onartuko dugun zenbaki bat. Bide onetik goaz, baina hori ez da nahikoa. Helburu nagusia enplegua izango da”.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15