Prentsa Aretoa

2016/05/26

EAJ-PNVk salatu egin du frankismoaren krimenak ikertzeko espainiar Gobernuaren jarrera oztopatzailea

Iñigo Iturrate legebiltzarkideak ohartarazi du Estatuak prebarikazio-delitua egin lezakeela, Argentinako justiziaren eskakizunei jaramonik ez egitean.

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk salatu egin du frankismoaren krimenak ikertzeko espainiar Gobernuaren jarrera oztopatzailea

ARGAZKIA JAITSI

  • Iturratek salatu egin du frankismoaren krimenak ikertzeko espainiar Gobernuaren jarrera oztopatzailea
    2016/05/26

    ARTXIBOA JAITSI

Frankismoaren krimenen arduradunak ikertzeko beharra eta espainiar erakundeek ematen diharduten erantzuna eztabaidatu dute ostegun honetan Euskal Ganberaren osoko bilkuran. EAJ-PNVk bere elkartasuna adierazi die kolpe militarrak eta ondorengo diktadura frankistak eragindako biktima guztiei. Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzaleak salatu egin du Espainiako Gobernua izaten ari den geroratze-jarrera oztopatzailea gertaera horien ikerketan, eta ohartarazi du Estatuak prebarikazio-delitua egin lezakeela, kereila gidatzen duen María Servini epailearen eskakizunei erantzuten ari ez denez gero. AUrtengo martxoan, Argentinako justiziak 19 inputaturen galdeketa agindu zuen, diktadura frankistan zehar egindako hainbat ekintzagatik, baina Justizia Ministerioak ez dio erreguari jaramon egin. EAJ-PNVko ordezkariak salatu duenez, jokabide horrek larriki hausten du Espainiako Erresumak eta Argentinak sinatutako Aldebiko Hitzarmena, indarrean dagoen nazioarteko legedia ez aplikatzeaz gain. Iturratek adierazi duenez, “espainiar botere publikoen jarrerak ez dauka justifikaziorik. Botere judiziala arduratu behar zen gertaera horiek ikertzeaz eta biktimei Egia, Justizia eta Erreparazioa bermatzeaz. Baina ez egiteaz gain, uko egiten dio argentinar justiziaren eskaerari erantzuteari”.

EAJ-PNVrentzat, Euskadin bakea eta bizikidetza eraikitzeko, memoria berreskuratu beharra dago. “Memoria, iragan trajikoa ez ahazteko eta berriro errepikatzea ekiditeko. Memoria, biktima guztiek eskubidea dutelako egirako, justiziarako eta erreparaziorako. Ez da berandu unibertsalak eta preskribaezinak diren eskubideak bermatzeko”.

Espainiar Gobernuak argentinar justiziaren eskaerei ez erantzuteak, alderdi jeltzalearen iritziz, agerian uzten du PPk duen interesa justicia unibertsalarekin amaitzeko, aurreko legegintzaldiko akats nagusienetakoa, oinarrizko eskubideei dagokionez.

Amaitzeko, Eusko Legebiltzarreko bilkurak salatu du Raxoiren Gobernuaren jarrera, eta eskatu dio giza eskubideei dagozkon indarrean dagoen nazioarteko legedia bete dezala, hala nola Nazio Batuen gomendioak, adierazten dutenak indarrezko desagerpenak ikertu egin behar direla.