Prentsa Aretoa

2016/03/02

Gasteizko martxoaren 3ko gertakizun tragikoen egileen inpunitatea amaitzea eskatu du EAJ-PNVk

Polizia-jarduera horren biktimei kaltea ordaintzeko eskatu dio Xabier Agirre legebiltzarkideak Espainiako Gobernuari. Karga horrek bost pertsona hil zituen, eta ehun baino gehiago zauritu.

rss Ezagutzera eman
Gasteizko martxoaren 3ko gertakizun tragikoen egileen inpunitatea amaitzea eskatu du EAJ-PNVk

ARGAZKIA JAITSI

1976ko martxoaren 3ko sarraskia izan zenetik 40 urte bete direnean, EAJ-PNVk Espainiak egileekiko duen inpunitatea salatu du. “Espainiako justiziak ez du ezer egin eta erantzukizuna ez da argitu. Zigorgabetasunak oraindik ere bere horretan darrai”, esan du Xabier Agirrek. Legebiltzarkide jeltzaleak Madrileko Gobernuari eskatu dio berdintasun-printzipioa betetzeko, eta eskubideak urratuak izan dituzten pertsona guztiak aitortzeko. Ezin dira lehenengo edo bigarren mailako biktimak egon. Pertsona horiek eta euren familiek era bikoitzean sufritu dute: ahaztea eta babes eza”. EAJ-PNVk exekutibo espainiarrari eskatu dio Martxoaren 3ko biktimei terrorismoaren biktimen erabateko izaera eman diezaiela. “Justizia, erreparazioa eta egia bermatu behar da”.

Legebiltzarkide jeltzaleak arabar gizarteak egindako ahalegina nabarmendu du, bereziki Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak egindakoa, oroimenari eusteko. “Oroimenak –eta ez ahazteak- lagunduko digu horrelako gertakizun salagarri eta mespretxagarriak berriro ez gertatzeko. Memoria da bermerik onena horrelakorik berriro gerta ez dadin”.

Xabier Agirrek, halaber, salatu egin ditu Vitoria-Gasteizen eta Dulantzin Martxoaren 3ko biktimak oroitzen dituen monolitoen aurkako pintura-erasoak. “Lau hamarkada eta gero, batzuek injustiziak nagusi izaten jarraitzea nahi dute. Egileei nire gaitzespen eta mespretxurik irmoena adierazi nahi dut”. EAJ-PNVk elkartasuna agertu die biktimei, “gertakizun horiek beltzez lausotu baititu gasteiztar askoren bizitzak. Gaur, oraindik, dardararazi egiten dit”.

EAJ-PNVk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio, bere ahalmen eta eskumenekin bat, jarrai dezala gauzatzen biktima horiek aitortza eta erreparazioa jasotzeko duten eskubidea. Lan horretan, Xabier Agirrek nabarmendu duenez, 1960 eta 1978 bitartean izandako biktimen giza-eskubideen urraketak daude. Iñigo Urkullu lehendakariak ere, iragan otsailaren 20an, polizia-abusuen biktimei aitorpen instituzionala egin zien. Horien artean ziren Martxoaren 3koak. Xabier Agirreren hitzetan, beharrezko ekitaldiak dira elkarbizitza baketsua eratzeko.