Prentsa Aretoa

2015/12/04

EAJ-PNVk Giza Eskubideak errespetatuko dituen europar politika bateratua exijitu du errefuxiatuek bizi duten ezbeharraren aurrean

Iñigo Iturratek adierazi du gaur egun Europa elkartasunik ezaren eta itsukeria politikoaren eredua dela, eta horrek gatazka armatuetatik ihesi doazen milaka pertsonen arazoak areagotu besterik egiten ez duela.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Iñigo Iturratek, EAJ-PNVren legebiltzarkideak, Europar Batasunari eskatu dio  Batasunaren babes eta inmigrazio politika bateratua egitea, gaur egun milaka pertsonek bizi duten gatazka humanitarioari erantzun eraginkorra eman ahal izateko. "Bigarren Mundu Gerratik hona ezagutu  ez ditugun  proportzioak dituen ezbeharraren aurrean aurkitzen gara. 100 milioitik gora pertsonek laguntza humanitarioa behar dute eta aurreikuspenen arabera ia 60 milioi dira errefuxiatu egoeran daudenak. Gerra egoeratik ihesi etorkizun hobea lortzeko bidean doazen pertsonak dira. Kezkatzeaz gain, zeozer egin beharra dago".

Iñigo Iturratek deitoratu egin du Europak egoera honetan hartu duen jarrera, gaur egun Batasunak duen erronkarik nagusienetakoaren aurrean. "Estatuak eta Europar Batasuna bera eredu deitoragarria ematen ari gara, eta ez bakarrik elkartasun ezari dagokionez,baizik eta baita itsukeria politikoagatik ere, ez baikara gai izan giza eskubideetan oinarritutako babes eta inmigrazio politika bateratuari ekiteko". Legebiltzarkide jeltzaleak Batasunaren jarrera bateratua eta partekatua exijitu du gatazka armatuetatik ihesi doazen pertsonak artatzeko eta babesa emateko. Iturratek era berean gogoratu du denoi, norbanako bakoitzari dagokigun egitekoa, ezbehar humanitario honi arintasunez eta egokitasunez erantzuteko orduan.

EAJ-PNVren ordezkariak ez du albo batean utzi nahi izan krisi honek gizarteko sektorerik ahulenak jotzen dituelako errealitatea. "Emakumeak, neska nerabeak eta neska txikiak dira larrialdi humanitarioaren biktima ikusiezinak. Indarkeria sexuala eta abusua sufritzen dute, eta ez dute bermatuta beren ongizatea eta bizitza kalitatea. Pertsona horiek babesteko politikak behar dira”.

Iñigo Iturratek,  Eusko Legebiltzarreko Biztanleria, Garapena eta Ugalketaren osasunari buruzko intertaldeko koordinatzaileak, gaur goizean Euskal Ganberan hitz egin du Nazio Batuen Erakundeak Munduko Biztanleriaren Egoerari buruz egin duen txostena aurkezteko ekitaldian.