Prentsa Aretoa

2015/11/12

EAJ-PNVk Lurralde Historikoen Legea erreformatzeko eztabaida onartu du, baina zalantza juridiko eta politikoak ohartarazi ditu

Legebiltzarrak ostegun honetan onartu du PSE-EEren proposamena Lurralde Historikoen Legea erreformatzeko. Euzko Abertzaleak legebiltzar-taldeak aldeko botoa eman du, baina arau juridikoetan egokitzeko arazoak dituela ohartarazi du.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVk aldeko botoa eman dio Eusko Legebiltzarrak Lurralde Historikoen Legea, alderdi sozialistak irailean aurkeztutakoa, eztabaidatzeari.

Joseba Zorrilla EAJko legebiltzarkideak adierazi duenez, “ez dago inolako arazorik gai hau jorratzeko eta, horregatik, ez gaude barne-antolaketa instituzionalari buruzko sakoneko hausnarketa egitearen aurka, betiere, bere eraginkortasuna hobetzeko”. Ildo horretan, ordezkari jeltzaleak esan du legegintzaldi honetan zehar euskal barne-antolaketa instituzionala aztertzen ari dela. “Bikoiztasunen Ponentzia, Autogobernuarena, Udal Legearen tramitazioa edo Gobernu Batzordeak astearte honetan onartutako bi lege-proiektuak: Gardentasuna eta Sektore Publikoarena. Ezin dute esan geldirik gaudela”.

Hala ere, EAJ-PNVk elkarrizketarako aukera agertu badu ere, alderdi sozialistaren proposamenaren edukian zalantzak ohartarazi ditu, bai arlo juridikoan, bai politikoan. Proposamenaren hainbat puntutan, Zorrillaren ustez, “ez dute errespetatzen ez foraltasunaren berme instituzionala, ez horren muin ukiezina. Egiaztatzen da, egungo idazketan, Lurralde Historikoak Autonomi Erkidegoko Komuneko Erakundeen menpe daudela, eta horrek egungo eredu instituzionalean eraldaketa bat suposatuko luke”. Lurralde Historikoek autogobernua egituratzeko orduan izan duten garrantzia aldarrikatu du EAJ-PNVk. “Zilegia da onartzea eredu honek Euskadiri ongizate maila handia eman diola, Estatuko bataz bestekoa baino handiagoa”, esan du legebiltzarkide jeltzaleak.

EAJ-PNVk, gainera, arazoak ohartarazi ditu erreforma hau egungo arau juridikoetan egokitzeko. “Gernikako Estatutuaren aurkakoa izan daiteke. Izan ere, dokumentuaren zati garrantzitsu batzuk Autonomi Erkidegoko Estatutuaren bitartez baino ezin daitezke jorratu, eta ez Lege arrunt baten bidez, kasu honetan bezala”. Legebiltzar-talde jeltzalearen arabera, egokiena izango zen Autogobernu Lan-taldearen lanak amaitu arte itxarotea, gero Lurralde Historikoen Legearen erreformari ekiteko. “Orain eztabaida hau korrika eta presaka jorratu nahi dutenek ez zuten euren lege-egutegian sartu, Jaurlaritzako agintean egon zirenean”.

Nolanahi ere, Legebiltzarrean eztabaida egitea babestu du EAJ-PNVk, eta gainerako kasuetan ere eztabaidak ahalbidetzeko orduan, PSEk jarrera berbera izatea espero du, euskal autogobernuari buruzko erreforma instituzional sakonak jorratzerako orduan. “Elkarrizketaren alde gaude eta adostasuna oinarrizko baliabide politikotzat hartzen dugu eginkizun publikorako”.