Prentsa Aretoa

2015/11/04

Gorospe: "Aurrekontu hauek euskal ekonomia bultzatu eta ongizate sozialeko politikak hobetzen dituzte”

EAJ-PNVko legebiltzarkideak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak onartutako proiektuak krisiaren irteerari eutsi eta handituz doan eskaera sozialari erantzuten diela. “Herritarren beharrak areagotzen doazen kontestuan, Jaurlaritza honek oinarrizko zerbitzuak asetzea lortu du zorroztasunetik eta defizitaren kontroletik”.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVren legebiltzar-taldeak babestu egin du Eusko Jaurlaritzak onartutako aurrekontu-proiektua, izan ere, egonkortasuneko eta defizitaren kontroleko printzipioak mantenduta, indartu egiten dute gizarte babeserako euskal sistema eta ekonomiaren berreskuratzea. Josune Gorospe legebiltzarkideak adierazi duenez, proiektu honen bidez, Iñigo Urkulluren exekutiboak “lehentasuna eman die gizarte politikei, pertsonek dituzten gero eta behar handiagoei erantzuna emanez. Gainera, ekonomiaren berreskuratzean sakontzen du, horretarako berrikuntzara, ikerkuntzara eta industria-ehunaren sustapenera bideratutako aurrekontu-sailak bultzatuz eta indartuz”.

Ordezkari jeltzaleak gogoratu du aurrekontu hau baldintzatu egin dutela krisi-kontestuak eta defizit helburuaren txikitzeak, %0,7tik %0,3ra pasa baita 2016an. Hori dela eta, Gorospek adierazi duenez, “diru publikoaren kudeaketan beharrezkoa da zorroztasuna. Zorroztasuna, lehentasunei erantzuna ematen jarraitu ahal izateko, Jaurlaritzak legegintzaldi hasieratik bere buruari ezarritako moduan, lehentasun horiek prestazio eta zerbitzu publikoak direlarik.

EAJ-PNVren legebiltzarkideak zehaztu duenez, datorren ekitaldiko kontuetan lehentasuna izango dute osasunak, hezkuntzak eta gizarte babesak, jarduera ekonomikoaren berreskuratzea eta enplegua sortzea finkatzen laguntzeaz gain. Josune Gorospek printzipio horiek defendatu ditu, “Urkulluren Jaurlaritzaren gobernu-ekintza 2012tik hona markatu duten berberak. Gobernu-ekimena egituratzen duten politikak dira, eta horiek eragin positiboa izan dute ekonomian eta enpleguan. Koherentzia dago eta Jaurlaritza honek legegintzaldi hasieratik zehaztutako bideari jarraitu dio”.

Eusko Jaurlaritzaren 2016rako aurrekontuak 10.933 milioi eurokoak dira, egungo ekitaldian baino %2,8 gehiago. 294 milioi gehiago. Gizarte gastura bideratutako kapitulua gastu osoaren hiru laurdenekoa da: 3.422 milioi Osasunerako, 2.841 Hezkuntzarako eta 1.085 Enplegurako eta Gizarte Politiketarako. Sail guztiak hazi dira 2015arekin alderatuta, eta gastu soziala bi hamarren igo da (%75,4). Ordezkari jeltzaleak adierazi duenez, “aurkeztu diguten proiektua alderatzen badugu 2013an aurkeztutako lehenengoarekin, %15ekoa baino handiagoa da hazkundea. 9.316 milioi eurotik ia 11.000 milioira igaro gara, kantitate hori ez da batere baztergarria”.

EAJ-PNVk eskertu egin du Jaurlaritza osoak lau urteotan egindako kudeaketa. “Lan hori inspiratu duten balioak izan dira solidaritatea, gizarte kohesioa, zuhurtzia, seriotasuna eta elkarrizketa. Akordioa eta adostasunak bilatzea izan da Eusko Jaurlaritzaren ardatzetako bat”, amaitu du Josune Gorospe legebiltzarkideak.