Prentsa Aretoa
2014/08/26
Egibar: “Politikagintzan gutxieneko errespetua behar da, dena ezin da onartu”
EAJ Legebiltzar taldeko bozeramaile eta GBBko presidente den Joseba Egibar azken asteotan Alderdi Popularreko hainbat agintarik EAJren aurka egindako salaketei buruz mintzatu da “politikagintzan dena ezin dela onartu” ohartarazteko. Izan ere, PPren bozeramaileek batzokien finantziazioa zalantzan jarri eta EAJren inguruan ustelkeria zantzuak egon litezkeela esatea, “onartezina” iruditzen zaio. “Ustelkeria barra barra dagoen honetan, frogarik gabeko akusazioak egiten dituzte denak berdinak garela islatu nahian. Baina ez da hala. Politikan elkarren arteko errespetua behar da eta, hori gabe, harremanak ez dira berdinak izango PPrekin”, jakinarazi du Euskadi Irratian egindako elkarrizketan.
Egibarrek azaldu du alderdikideak “benetan haserre eta minduta” daudela batzokien finantziazioren inguruan PPtik ailegatu zaizkien salaketekin. “Mundu guztiak daki milaka eta milaka alderdikideren laguntza eta lanari esker finantzatu direla batzokiak 1977. urteaz geroztik. Aurretik zeuden batzokiak Alderdi Popularraren “aitonek” konfiskatu zizkiguten, beraz, ez daukate inongo eskubiderik horrelako salaketak egiteko”, nabarmendu du.
Hori argituta, aurreratu du polemika honek ez duela inongo ibilbiderik izango epaitegietan auzi antzua delako. “Akusazio politikoa da eta ezin dute ezer frogatu dena gezurra delako, beraz hortxe geldituko da. Baina izango du ondoriorik: PPrekin harremanak ez dira berdinak izango hemendik aurrera”, ondorioztatu du.
Bozeramaile jeltzaleak deitoratu du ezker abertzalea ere PPren antzerako estrategietan ari dela, errespetua zer den ahaztuta.” Funtsik gabeko salaketak eta irainak zuzentzen dizkigute EAJ ustelkeriarekin lotu nahian. Baina ibilbide horrek ez dauka etorkizunik badakitelako ez dagoela ezer” ziurtatu du. Egibarren ustetan, EAJri min egitea bakarrik du helburu ezker abertzalearen estrategia honek, jakin badakitelako euskal politikagintzan gehiengoak EAJ eta ezker abertzalearen ardatzen inguruan sortuko direla. Gainerako alderdi konstituzionalistek gero eta indar gutxiago izango dute bere iritziz eta, ondorioz, ezker abertzalea EAJrengandik aldentzen saiatzen ari da abertzaletasunaren hegemonia lortu nahian. “Argi dago elkarlana beharko dugula herri honen eraikuntza bultzatzeko, baina hori ezinezkoa izango da errespeturik ez diguten bitartean”, ohartarazi du. Gainera, jakinarazi du egungo ezker abertzalearen lehentasuna ez dela herri eraikuntza, presoak baino. Eta EAJ horretan ere elkarlanerako prest dagoela nabarmendu du, baldin eta ezker abertzaleak errespetoa adierazten dion.
Erabakitzeko eskubidearen inguruan ere hitz egin du burukide jeltzaleak, datozen asteetan Kataluniak eta Eskozian gertatuko diren hitzorduei buruz galdetuta. Zentzu horretan, zehaztu du “Europako bihotzean erabakitzeko eskubidearen ariketa egingo dela” eta Rajoyk eta Hollandek argi eduki beharko luketela badirela Europan estatu estruktura nahiko luketen nazioak. “Arazoa borondate politikoaren konpon daiteke, baina hori falta da: borondate politikoa”, gehitu du.
Egibarrek gogoratu du Urkullu Lehendakariak 2016. urtean herritarrei hitza emateko konpromisoa hartu zuela eta helburu hori lortzeko pausuak ematen ari direla EAJ eta Eusko Jaurlaritza. “Guri dagokigu erabakitzeko eskubidearen ariketa ahalbidetzea eta horretan ari gara, baina argi dago Rajoy ez dela Cameron eta hemengo alderdi konstituzionalistek ez dutela Britaniako laboristen jarrera. Han ezezkoaren kanpaina bultzatu dute, herritarrei hitza ematea errespetatuz. Espainian kultura politiko erabat ezberdina da: ez dute hitza emateari buruz hitz egin nahi”, salatu du.
Nabarmenak...
Eusko Legebiltzarra
2024/11/21
Eusko Legebiltzarra
2024/11/14
Eusko Legebiltzarra
2024/10/31
Eusko Legebiltzarra
2024/10/24
Eusko Legebiltzarra
2024/10/17
Berri ikusiagoak...
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/05/14
Eusko Legebiltzarra
2023/08/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/02/15