Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2014/03/27

“Autogobernu ponentzia eratu dugu Legebiltzarrean, ordezkatuta dauden euskal herritarren borondate politikoa eguneratzeko”

Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak eztabaidari lasaitasunez ekiteko gonbitea luzatu die gainerako taldeei.

rss Ezagutzera eman
“Autogobernu ponentzia eratu dugu Legebiltzarrean, ordezkatuta dauden euskal herritarren borondate politikoa eguneratzeko”

ARGAZKIA JAITSI

Legebiltzarrak Autogobernu Ponentzia eratu du gaur. Bere helburua izango da Ganberan ordezkatuta dauden euskal herritarren borondate politikoa eguneratzea. Hala jakinarazi du GBBko presidente eta EAJren legebiltzar-taldeko bozeramaileak, Joseba Egibarrek.

Lantaldea osatu ostean, lehen bilera datorren apirilaren 9an izango da, 10.00etan, legebiltzar-taldeek adostu dutenez. Bilera horretan, lan proposamenak eta agerraldi eskaerak zehazten hasiko dira alderdiak. EAJren legebiltzar-taldeak lehen proposamena luzatu du gaur: Jone Berriozabal legebiltzarkidea ponentziako lehendakari izendatzea. Ponentziako kideek datorren bileran eztabaidatuko dute proposamena.

Azken egunetan alderdi ezberdinek egindako adierazpenen inguruan galdetuta, Egibarrek eztabaidari lasaitasunarekin ekiteko gonbitea luzatu dio oposizioari. Izan ere, uste du zenbait alderdi terrenoa markatu nahian dabiltzala. Ildo horretan, aurreratu du ezinbestekoa dela eztabaidari “patxadaz, beldurrik gabe eta betorik gabe ekitea, Legebiltzarrean gaudelako eta erakunde hau hitzaren, eztabaidaren eta adostasunaren etxea delako”.

Erabakitzeko eskubidea eztabaidagai izango dela berretsi du, duela hamaika urte izan zen bezala; eta nabarmendu du bere alderdia adostasun zabalak lortzen saiatuko dela, inongo betorik onartu gabe. “Hasiera honetan ez dago debekatu beharko liratekeen proposamenik. Debekuek ez dituzte arazoak konpontzen, baizik eta problemak korapilatu eta gatazka bilakatzen dituzte”, azaldu du.

Euskal Herriko eta Kataluniako gatazkak konpontze aldera, esparru legala alda beharko litzatekeen galdetuta, Egibarrek erantzun du “legalitatea gizarteak aske eta demokratikoki adierazten duenari egokitu beharko litzatekeela” eta ez alderantziz. Quebec-eko eredua jarri du, gogoratzeko oinarri demokratiko horri esker ahalbidetu zirela galdeketak. Hau da, gizartearen gehiengoaren borondateari balio arautzaile nabarmena eman zitzaiola, eta horren ondorioz, erakundeek beharrezko doikuntzak negoziatu zituztela, borondate horren adierazpenari erantzuna emateko.

Legebiltzarkide jeltzalearen ustetan, hau izan beharko litzateke, hain zuzen ere, jarraitu beharreko bidea. “Mugak jartzeak ez dauka zentzurik, elkarbizitza errespetuaren eskutik etorri behar delako, ez inposaketa eta menpekotasunaren eskutik”.