Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2013/12/15

“EAJk oposizio alternatibo eta eraikitzailea egiten jarraituko du Gipuzkoan”

GBBko presidente eta EAJ Legebiltzar taldearen bozeramaile den Joseba Egibarrek berretsi egin du bere alderdiak “oposizio alternatibo eta eraikitzailearen” alde Gipuzkoan egindako apustua, aurrekontuak onartu eta ekonomia suspertzeko proposamenak eginaz.

rss Ezagutzera eman
“EAJk oposizio alternatibo eta eraikitzailea egiten jarraituko du Gipuzkoan”

ARGAZKIA JAITSI

SER irratiari eskainitako elkarrizketan baieztatu egin du bere alderdia abstenitu egingo dela datorren urteko aurrekontuen bozketan Gipuzkoako Aldundiak krisiari aurre egiteko ezinbesteko erreminta direla iritzi duelako. Hala ere, azpimarratu du EAJri esker ezker abertzaleak krisiari aurre egiteko konpromiso instituzionala hartu duela internazionalizazioa, lehiakortasuna eta enpresei laguntzea helburu duen 15 milioiko diru partida hitzartu ondoren.

Aurrekontuen negoziaketan adostasunak lortu diren arren, Egibarrek gogoratu du EAJ eta ezker abertzalea “oso urrun” daudela zaborrak eta bide sariak bezalako beste hainbat gaietan. “Bilduren sektore gogorrena agintaritzari zuzendu zaio gai hauetan posizio argi eta garbiak eskatzeko eta Bildu muturreko sektore hauei men egiten ari zaie”, azaldu du errauskailuaren aurka eta bide sariak goi mailako errepide guztietara hedatzeko proiektuak adibidetzat hartuta. GBBko presidentearen ustetan, “koalizioak polemika guzti hauek epaitegietara eramaten ditu eta bide judiziala erabiltzen du ez dagoelako hauek izan ditzaketen ondorioekin arduratuta eta uste duelako denborarekin gauza guztiak konponduko direla”.

Ildo horretan kokatu du Bidegiren kasua. “Elkarte publiko honi esker Gipuzkoak punta puntako bide sarea dauka eta zergadunei ez zaie sosik kostatu banketxeei eskatutako maileguen bidez ordaintzen direlako”, zehaztu du. Azaldu duenez, edozein herritarrek etxe bat erosteko eskatzen duen mailegu batekin gertatzen den bezala, Bidegik bide sarien bidez 100 milioitik gora jasotzen ditu eta horietatik 90 mailegua ordaintzeko erabiltzen dira, beraz, “operazioa erabat egokia da eta inondik inora ez dago Bilduk EAJ ustelketa eta gestio txarrarekin lotzeko behin eta berriz aipatzen duen zulorik”.

Egibar ziur dago herritarrek argi ikusiko dutela alderdi batak eta besteak daukan jarrera: “Bildu oraintxe sartu da kudeaketaren munduan eta iritsiko da Aldundi eta udaletan egiten ari den lana aztertzeko eguna. Hala ere, erreforma fiskala bezalako gaietan argi gelditzen ari da nazio ikuspegia alderatzen ari dela Gipuzkoako ikuspegiaren alde”.

Datorren urtean Katalunian egingo den galdeketari buruz ere mintzatu da GBBko presidentea Euskadin egungo estatutua aldatzeko saiakera bat izan zela gogoratu eta ezker abertzaleak garai hartan “beste urgentzia batzuk” zituela gogora ekartzeko. Izan ere, azaldu du ezker abertzalea “borroka ezberdinen sinbiositik bide politiko eta demokratiko hutsetara pasatu dela eta, ondorioz, iraganeko estrategia horien inguruko balantzea egin eta ondorioak aztertzea tokatzen zaiola. Hortik aurrera iragarri du ikusi beharko dela zein den ezker abertzaleak estatus berriaren inguruan egiten duen proposamena, antzerako posizioak izanez gero elkarlanean aurrera egin ahal izateko, gainerako alderdiak ez baitira bidelagun izango helburu horretan. Gogoratu du, bai PSE eta baita PP ere gustura daudela egungo estatutuarekin eta ez daudela hori gainditzeko prest.

Egibarrek elkarrizketa amaitu aurretik zendu berri den Ramon Labaien goraipatu nahi izan du, “euskal kulturaren militante izan eta EITB, HABE eta Orkestra Sinfonikoa bezalako proiektuen butzatzailea izateagatik”.